Espainia

Juan Carlos Borboikoak alde egin du Espainiatik

Espainiako errege emerituak herrialdetik kanpo bizitzeko erabakiaren berri eman dio haren seme eta Espainiako errege Felipe Borboikoari.

Juan Carlos Borboikoa, artxiboko irudi batean. MARIO RUIZ / EFE
2020ko abuztuaren 3a
18:31
Entzun

Espainiako errege etxeak ohar bidez jakinarazi duenez, Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituak Espainia utzi du, eta aurrerantzean herrialdetik kanpo biziko da, bere «iraganeko bizitza pribatuko zenbait gertakari izaten ari den oihartzun publikoarengatik». Besteak beste, Suitzako eta Espainiako fiskaltzak hainbat ustelkeria kasurengatik ikertzen ari dira Borboikoa, ustez zenbait paradisu fiskaletan zituen funtsengatik.

Komunikatuan azaldu duenez, Felipe VI.a erregeari gutun bat bidali dio erabakiaren berri emateko, eta adierazi «sentimendu osoz» hartutako erabakia dela. Errege emerituaren esanetan, ia lau hamarkadako erregealdian «Espainiarentzat eta koroarentzat onena» nahi izan du. Azken hilabeteetako informazioek eta haren aurka hasitako prozesu judizialek, ordea, jomugan jarri dute hark urte horietan guztietan izaniko rola.

Bere erabakiaren arrazoia Felipe VI.ari lanak erraztea dela argudiatu du gutunean, semearen «ardura handiak» kontuan izanik. Horregatik, bere «duintasunak» eskatutako erabakia dela gehitu du. Espainiako errege etxearen arabera, egungo erregeak bere aitaren erabakia «eskertu» du, eta Juan Carlos Borboikoaren erregealdiaren «garrantzia historikoa» azpimarratu.

Errege emerituaren abokatuak adierazi duenez, estatuburu emerituak, Espainiatik alde egin arren, prestasun osoa du justiziarekin elkarlanean jarduteko.

Ikerketak irekita, Suitzan eta Espainian

Juan Carlos I.aren aurkako prozesuak 2018. urtean hasi ziren. Suitzako Polizia Judizialeko agenteak, fiskaltzaren aginduetara, Arturo Fasanaren funts gestoriara sartu ziren, eta herrialde hartako bankuetan kontuak irekita zeuzkaten bi fundazio aurkitu zituzten. Lehenak (Zagatka) Liechtensteinen zuen egoitza, errege emerituaren urruneko lehengusu baten izenean, eta haren bitartez ordaindu zituzten Juan Carlos Borboikoak Corinna Larsen bikotekide ohiarekin eginiko bidaiak. Bigarrenak (Lucum), berriz, Panaman zuen egoitza, onuradun nagusia Juan Carlos I.a izanik, eta bigarrena, berriz, Felipe VI.a.

Albistea, ordea, ez zen jakinarazi aurtengo martxora arte. Orduan, Felipe VI.ak errege emeritu gisa zuen urteko 200.000 euroko esleipena kendu zion bere aitari, eta adierazi uko egingo ziola harengandik jaso beharreko herentziari —ezin zaio uko egin hil arte—. Gainera, une horretan, Errege Etxeak publiko egin zuen Felipe VI.ak urtebete lehenago jakin zuela fundazioaren onuradun gisa agertzen zela, bere arrebekin batera. Informazio hori Larsenek eman zien.

Ikerketa hartatik abiatuta, Suitzak jakinarazi zuen Arturo Fasanak 68,8 milioi euro sartu zituela Lucum fundazioaren kontuan. Saudi Arabiako Finantza Ministerioa zuten jatorria, eta Mekarako trenbidearen esleipenarekin lotutako komisio bat izan liteke. Lau urte geroago, diru hori Bahametako beste kontu batera mugiarazi zuen errege emerituak; Solare sozietatearen izenean zegoen kontu batera. Sozietate horren jabea Larsen zen.

Suitzako fiskaltzak kontu guztiak enbargatu zituen, eta auzi bat ireki zuen, sekretupean, diru zuritzeagatik. Uneotan, Espainiako errege emeritua ez dago ikerketapean, baina iturri judizialek ez dute baztertu aurrerago egon ahal izatea.

Suitzak Espainiako fiskaltzari emaniko datuak kontuan izanik, estatuko fiskal nagusi Dolores Delgadok Auzitegi Gorenaren esku utzi zuen kasuaren ikerketa. Hura da Juan Carlos Borboikoa epaitu dezaken auzitegi bakarra. Uneotan ikertzen ari direna da ea errege emerituak abdikatu eta gero deliturik —diru zuriketa eta delitu fiskalak— egin izanaren zantzurik baden.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.