Herenegun atera zen Famagustako portutik (Zipre) Gazan gizalaguntza banatu asmo duen flotilla. Tel Aviveko gobernuaren politikarekin ados ez dauden israeldarrek eta juduek antolatu dute ekimena, jostailuekin, ospitaleko tresneriarekin eta eskuliburuekin, besteak beste, Gazaren aurkako blokeoa hausteko. Ontzietan doazenen artean Reuven Moskovitz dago;Moskovitzek holokaustotik bizirik ateratzea lortu zuen. Flotillak harako bidea hasi bezain laster Tel Avivek jakinarazi du, ordea, Gazan ez diotela sartzen utziko. «Prozedura bera da beti, eta, horregatik, flotilla ezingo da Gazan sartu, baldin eta hori bada haren helmuga», adierazi du Igal Palmor Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaileak. «Hala ez bada, Gaza nazioarteko blokeoaren barruan dagoela jakinaraziko diegu. Debekatuta daukate hara joatea». Gazan sartzeko ahaleginean amore ematen ez badute aurre egingo dietela ohartarazi dute agintari militarrek.
Askatasunaren Flotilla
Askatasunaren Flotillari Gazan sartzen utzi ez ziotelako eta armadak bortitz hartu zituelako-bederatzi turkiar hil ziren soldadu israeldarren erasoan-, nazioarteak gogor kritikatu zuen Tel Aviv. Gertatutakoa argituz osatutako hainbat ikerketak ondorioztatu dutenez, soldaduen jarrera legeak agintzen duena baino bortitzagoa izan zen. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak argitara emandako txosten baten arabera, Israel erailtzeaz, torturatzeaz eta tratu gizagabea emateaz akusatzeko aski froga daude. Haatik, Israelek uste du NBEren batzorde horrek ez duela aginterik halakorik ebazteko.
Bestalde, AI Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak Nazioarteko Zigor Auzitegira jo du, 2008tik 2009ra Gazan egindako krimenengatik Israel eta Hamas epai ditzaten eskatzeko. Tarte horretan milatik gora palestinar hil zituen Israelek Gazan; hainbat erakundek salatu dutenez, gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin zituzten.
Juduen flotillari Gazan ez diotela sartzen utziko jakinarazi du Israelek
Soldadu israeldarrek Gazan egindako krimenak ikertzeko eskatu dio AIk Hagako auzitegiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu