Errefuxiatuak

Junckerrek bilerara deitu ditu EBko hainbat estatu kide, errefuxiatuen auzia aztertzeko

Europako Kontseiluak datorren astean egingo duen bilera prestatzeko, lan bilkura "informal batera" deitu du Europako Batzordeko presidenteak.

Angela Merkel Alemaniako katzilerra, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea, atzo, Mesebergen (Alemania) egin zuten bileran. CHRISTIAN BRUNA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko ekainaren 20a
07:32
Entzun

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak iragarri du "lan bilera informal" batera deitu dituela Europako Batasuneko hainbat gobernuburu. Bileraren helburua "migrazio eta asilo auzia" aztertzea da, datorren astean Europako Kontseiluak egingo duen bileran irtenbideak bilatze aldera.

Junckerrek Twitter sare sozialean bidali duen txioan aipatu ditu Espainiako Gobernuko Presidentetzaren kontua, Frantziako presidente Emmanuel Macronena, Sebastian Kurz Austriako kantzilerrarena, Steffen Seibert Alemaniako gobernuko bozeramailearena, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarena, Giuseppe Conte Italiakoarena, Boyko Borissov Bulgariakoarena eta Joseph Muscat Maltakoarena.

Merkelek eta Macronek baieztatu dute Junckerrek iganderako deitu duen goi bileran izango direla. Hain justu, bezperan, Pedro Sanchez Espainiako presidentea hartuko du Frantziako gobernuburuak, errefuxiatuen auziari buruz hitz egiteko.

Aurretik, elkarrekin aztertu dute auzia Macronek eta Merkelek. Atzo egin zuten bileran adostu zuten errefuxiatuen krisiari elkarrekin erantzutea. Hiru ideia nabarmendu zituen Frantziako presidenteak: Europara doazen migranteen jatorrizko herrialdeekin eta bidean gurutzatzen dituzten herrialdeekin lankidetza areagotzea; Europako mugak "hobeto babestea", Frontex mugak babesteko agentzia "indartuz"; eta asilo eskariak arautzen dituen Dublingo Ituna berrikustea.

Merkelen eta Macronen bileraren egun berean filtratu zuten datorren asteko goi bilerako ondorioen zirriborroa. Testu horren arabera, Bruselak proposatuko du iheslarientzako zentroak sortzea EBren mugen atarian, gune horietan zehazteko migratzaileen estatusa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.