Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak Lledonerseko espetxea (Sant Joan de Vilatorrada, Bartzelona, Herrialde Katalanak) utzi du gaur goizean, 11:00ak aldera, lanera joateko espetxe baimen bati esker. Manresako Unibertsitatean irakasle gisa jarduteko aukera aitortu dio espetxeko tratamendu batzordeak.
Espetxetik irten eta minutu gutxira mezu bat idatzi du bere Twitter kontuan, kartzelatik irten deneko argazki batek lagunduta. «Irakatsi eta ikasi. Beti. Eta eskerrik asko guztiei zuen babesagatik. Maite zaituztet!».
Ensenyar i aprendre. Sempre. I gràcies a tothom pel vostre suport, us estimo! pic.twitter.com/RkZUAdGgIp
— Oriol Junqueras 🎗ï¸Ã‚ (@junqueras) March 3, 2020
Manresako Unibertsitatean txaloka hartu dute ikasleek.
Gràcies a tots els estudiants per la rebuda! pic.twitter.com/U7mq7mHhEF
— Oriol Junqueras 🎗ï¸Ã‚ (@junqueras) March 3, 2020
Espetxe Araudiaren 100.2 artikuluak jasotzen dituen abantaila neurriei esker lortu du baimena Junquerasek. Bide beretik eskuratu zuten espetxetik irteteko baimena Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eta Dolors Bassa, Joaquim Forn eta Raul Romeva Generalitateko kontseilari ohiek ere. Lan egiteko, boluntario gisa aritzeko edo senideak zaintzeko baimenak jaso zituzten. Espainiako Fiskaltzak helegitea jarri die Cuixart, Sanchez eta Fornen baimenei.
Junquerasen baimena indarrean den arren, espetxe zaintzako epaitegiak oniritzia eman behar dio erabakiari. Fiskaltzak helegitea aurkezteko aukera izango du, eta, azken batean, probintzia auzitegiak hartuko luke erabakia.