Katalunia

Junqueras eta Romeva espetxetik irten ahal izango dira astean hirutan

Lledonerseko espetxeko tratamendu batzordeak baimena aitortu die, lan egiteko aukera izan dezaten. Sei orduz utziko dute espetxea baimen egun bakoitzean.

Oriol Junqueras eta Raul Romeva, joanden urtarrilaren 28an, Kataluniako Parlamentuan. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 27a
16:21
Entzun

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak eta Raul Romeva Kataluniako Atzerri Gaietarako kontseilari kargugabetuak espetxetik irteteko aukera izango dute, astean hirutan. Lledoners espetxeko tratamendu batzordeak proposatu du neurria, Espetxe Araudiko 100.2 artikulua ezarrita, bi politikari presoek lan egiteko modua izan dezaten.

Espainiako Auzitegi Gorenak hamahiru urteko kartzelaldira zigortu zuen Junqueras ERCko burua, eta sei urtera Romeva haren alderdikidea, Kataluniako prozesu independentistaren kontrako auzian.

Iazko urriaren 14an Gorenak epaia eman zuenetik, epaiketa berean zigortuak izan ziren zenbait buruzagi independentistak lortu dituzte espetxetik irteteko baimenak, 100.2 artikuluaren bitartez. Hala egin dute Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuak, Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak, Dolors Bassa Kataluniako Lan kontseilari kargugabetuak eta Quim Forn Kataluniako Barne kontseilari kargugabetuak.

Espetxeko tratamendu batzordearen erabakia berehala sartuko da indarrean, nahi eta ondoren zaintza epailearen oniritzia beharko duen. Epaileak balekoa emango balu, fiskaltzak helegitea jartzeko aukera izango luke, baina horrek ez luke neurria behin-behinean bertan behera utziko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.