Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak atzera bota du Oriol Junquerasek behin-behineko espetxealdiaren aurka jarritako helegitea, eta berretsi egin du zigorra. Lehen aldiz, baina, ez dira denak bat etorri, eta sektore aurrerakoiko hiru magistratuk kontrako botoa eman dute.
Azken ebazpenaren arabera, zalantzan jarritako epaiak konstituzioaren araberakoak dira, eta betetzen dituzte hark ezarritako lege aurreikuspenak, helburuak eta proportzionaltasuna. Orain arte, epai guztiak aho batez onartzeko ahalegina egin dute konstituzionalean, jakinda auzipetuen defentsak edozein arrakala baliatu dezakeela Europan helegitea jartzeko.
Bestalde, Societat Civil Catalana plataformak zabaldutako informazioaren arabera, Carles Puigdemont eta Oriol Junquerasez gain, erreferenduma dela-eta auzipetutako Generalitateko kontseilariak ere deitu ditu Kontu Auzitegiak urtarrilaren 28an egingo duten auzi saiorako. Horiez gain, auzi saioan izango dira plataformako kideak ere, eurek jarri baitzuten salaketa, buruzagi subiranistei diru publikoaren erabilera okerra egotziz.
Ebazpena jaso ostean, auzipetuek hamar eguneko epea dute aintzat hartu beharreko dokumentuak edo frogak aurkezteko, edo bost egunekoa helegite bat jartzeko.
Plataformak berak aurreratu duenez, auzipetuek erreferendumarekin lotutako gastuak ordaindu edo bermatu beharko dituzte, eta, hori egiteko gai izan ezean, epaitegiek ondasunak bahituko dizkiete. "Erreferenduma bultzatu zutenek horretarako erabilitako diru publikoa itzuli beharko dute, azken zentimora arte".