Mohamed Mursi Egiptoko presidente berriaren hiru agerraldi publikoen karga sinbolikoak pentsaraz lezake trantsizioak lortu duela bere helburua. Lehenik, estatuko telebistan izan zen, Hosni Mubaraken erregimenak hainbeste erabilitako propaganda makinan; ostiralean, Tahrirren, iraultzaren agerlekuan; atzo, Auzitegi Konstituzionalean kargua hartuta, Mursik Kairoko Unibertsitatean hitz egin zuen, Barack Obamak mundu arabiar eta musulmanari 2009an eskua luzatu zion leku berean, urteetako liskarren ondoren. Armadako buruzagitzaren aurrean ere hitz egin zuen Mursik atzo, ekitaldi militar batean.
Agerraldi horiek, ordea, kontraesanak izan dituzte xehetasunetan. Atzo, Mursi unibertsitatean agertu aurretik, ekitaldiaren aurkezlea errepikatzen aritu zen armada eta herria «esku bakarra» direla, eta jendetzari kantarazi zion hori. Lema hori, Mubarakekin bukatu zuten azken egunetan hainbeste kantatu zena, Mursiren jarraitzaileek abesten dutenaren aurkakoa da: «Eror dadila botere militarra». Tahrir plazan bertan, ostiralean, hilabete batzuk lehenago iraultzaileen odola isuri zuten segurtasun indarretako kideez inguratuta agertu zen Mursi. Hainbatek antzezpen bat ikusi dute horretan guztian.
Mursik behin eta berriz esan du iraultzak bizirik jarraitzen duela, baina badaki bere presidentetza militarren itzalpean dagoela. Horregatik, bere hitzaldietan indar armatuen handitasuna goresten duen arren, haien benetako tokira itzuliko direla ziurtatzen du: herrialdea babestera. Atzo amore eman behar izan zuen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean kargua hartzerakoan, nekatu arte esan baitzuen parlamentuaren aurrean hartuko zuela. Ganbera legegilea desegin zuen auzitegi beraren aurrean egin zuen karguaren zina, gainera.
Militarrek egindako zina —teorian boterea zibilen esku uztailaren 1a baino lehen uztea— bete duten protokolo ekitaldiak bukatuta, Anaia Musulmanen benetako borroka politikoa hasiko da. Agendan dute presidentetza erabiltzea militarren boterea txikitzeko, horiek bermatu egin baitzuten konstituzioari ezarritako zuzenketa batzuen bidez. Izan ere, botere legegileak —orain, jeneralen esku— betoa jar diezaioke presidentearen edozein erabakiri.
«Egonkortasunaren zutarria»
«Presidente berria pertsona ona da, eta errespetuzko gizona», esan du Mina Hanik, Mursik unibertsitatean egindako hitzaldia telebistaz ikusten duen bitartean. Kristaua izan arren, Hanik dio ez dela beldur presidentea anaia musulmana delako, «mundu guztia gainean edukiko duelako». Hanirentzat, hauteskunde prozesu guztia «aurrerapauso bat» da herrialdearentzat, «Mursi herriak hautatu baitu», eta horrek «esparru politikoan aldaketa bat» ekartzen duelako.
Hala ere, Hani jakitun da armada «hor» dagoela, eta herrialdea eta ekonomia kontrolatzen dituela. «Beraz, iraultzak jarraitu egiten du». Analisi sakonago bat eginez, 27 urteko gazteak anaiarte islamistaren hautaketa zuritu du, «jazarri dituztenak gogoko dituelako jendeak». Hala ere, ez du uste etorkizuna Anaia Musulmanen esku dagoenik. «Egiptoarrek ez dute joera politikorik, eta ohituta daude irabazleari txalo egitera».
Reuters agentziari egindako adierazpenetan, Junta Militarreko identifikatu gabeko kide batek esan du Anaia Musulmanek lege islamikoa «inposatu» nahi badute armadak «herrialdea salbatuko» duela. «Armadak ez du utziko herrialdea okerreko bidean zuzen dezaten», esan du jeneral horrek. Era berean, adierazi du Anaia Musulmanek jakin behar dutela indar armatuak direla «egonkortasunaren zutarria», eta konstituzioak horrela islatu behar duela. Mursik militarrekin egindako ekitaldian, hori bai, armadak «herriak aukeratutako presidenteari» lagunduko diola adierazi du Hussein Tantaui Junta Militarreko buruak.
Konstituzioa, erronka nagusia
Mursik eginkizun hirukoitza du: kaleko iraultzaileen, bere jarraitzaile kontserbadoreenen eta jeneralen gogoko izatea.
Horregatik, berebiziko garrantzia izanen du konstituzioaren idazketak, herrialdeak eman beharreko hurrengo pausoak. Horretarako, parlamentutik sortutako batzar konstituziogileak ez du jaso oraindik militarren onespena, haiek baitute eskumenahura desegin eta beste bat eratzeko. Hurrengo hilabeteetarako espero den borroka politikorako, ezker liberaleko pertsonaiez inguratu da Mursi, eta baliteke kristau bat eta emakume bat izendatzea gobernurako. Ikusteko dago denek elkarrekin, herriaren presioak lagunduta, gai izango ote diren armadari amore emanarazteko. Gauza zaila da, kontuan hartuta azken sei hamarkadetan, independentziaren zati gehienean, boterea haien esku egon dela. Oraingoz, Anaia Musulmanen jarraitzaileek Tahrir plazan jarraitzen dute, diotenez, botere militarra erori arte.
Junta Militarraren itzalpean zin egin du Mursik, Egipton
Presidenteak Auzitegi Konstituzionalean hartu du kargua, parlamentuan hartu nahi zuen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu