Udal eta foru hauteskundeak. Espainia, Katalunia eta Galizia

Junts Per Catalunya izan da lehen indarra Bartzelonan

JxCeko alkategai Xavier Trias, atzo, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Botoen %98 zenbatuta, JxC Junts per Catalunyako Xavier Trias bide da garailea, 11 zinegotzirekin—duela lau urte baino sei gehiago—, eta 2,5 punturen aldeaaterako dio PSCko Jaume Collboniri. Hala, PSCk hamar zinegotzi izango ditu Kataluniako hiriburuan.

Pozik agertu zen Trias bera lortutako emaitzekin. Alderdiko presidente Laura Borras eta idazkari nagusi Jordi Turull alde banatan zituela irten zen jendaurrera Trias, eta taldea zoriondu zuen lortutako emaitzengatik: «Bartzelonako alkate izateko aurkeztu nintzen, eta Bartzelonako alkatea izango naiz. Guztiekin elkarlanean aritzen ahaleginduko den alkate bat izango duzue, eta Bartzelona hobe bat eraikiko dugu».

Ada Colau jarduneko alkatea—Catalunya En Comu-Podem—hirugarren tokian geratu da, bederatzi zinegotzirekin. Hala ere, Colauk badu oraindik aukerarik udal gobernuan jarraitzeko, Collboniren hautagaitzari babesa emango balio. Hori, ordea, datozen egunetako negoziazioen ostean jakingo da.

ERC Esquerra Republicana de Catalunya atzerago geratuko da, bost hautetsirekin, PP laurekin, eta Vox birekin —eskuin muturreko alderdia lehen aldiz sartuko litzateke udalean—.

Galizia

BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak Santiago de Compostela gobernatzeko babesa bildu ahal izango du, nabarmen gora eginda. Bi zinegotzitik seira igaro da, eta Goretti Sanmartin alkate bihurtuko da beste sei ordezkari dituen PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistarekin eta Compostela Irekiarekin akordioa lortzen badu, boz gehien duen alderdia, hau da, PP —11 ordezkari— kanporatzeko.

PSdeGk eta BNGk alkatetza adostuetarako itunak lortuz gero, agintea ziurtatua dute Coruñan, Lugon eta Pontevedran ere, nahiz eta hiruretan PP izan den indar bozkatuena. Ourensen, berriz irabazi du Democracia Ourensak, hamar zinegotzirekin, PSdeGk eta BNGren baturak emango lukeen kopuru berarekin —sei PSdeGk eta lau BNGk—. Beraz, PPko zazpi zinegotziek izango dute giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.