Lehen instantzian salaketa baztertu ondoren, Londresko Auzitegi Nagusiak Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera eman die Erresuma Batuko lehen ministroak joan den astean hartutako erabakiaren kontra salaketa jarri zutenei. Erresuma Batuko instantzia judizial gorenak hilaren 17an aztertuko du kasua. Gina Miller enpresariak aurkeztu zuen demanda —ezaguna egin zen 2017an, orduan lortu baitzuen parlamentuak izatea brexit-aren prozesua hasteari buruzko azken hitza, Auzitegi Nagusian izandako prozesu bati esker—, eta erabakiaren berri eduki eta gero adierazi du "etsita" dagoela.
Diputatuek ahalik eta denbora gutxiena izan dezaten akordiorik gabeko brexit-a eragozteko ahaleginean, Johnsonek erabaki zuen Komunen Ganbera ixtea irailaren 10etik eta urriaren 14ra. Herenegun ere arrazoia eman zion beste auzitegi batek, Eskoziako Auzitegi Zibil Nagusiak. Haren arabera, Johnsonen mugimendu politikoa "legezkoa" da. Dena den, lehen ministroaren erabakiaren aurkako hirugarren auzibide bat argitu gabe dago Ipar Irlandan; giza eskubideen aldeko ekintzaile baten eskaerari erantzunez, Belfasteko Auzitegi Nagusia auziaz ebaztekoa da.
Brexit-ari dagokionez, Johnsonek hauteskundeak aurreratu nahi ditu. Izan ere, herenegun, EB Europako Batasunetik akordiorik lortu gabe ateratzea debekatzen duen lege bat onartu zuen Komunen Ganberak. Lehen ministroa ahaleginduko da berriro parlamentua konbentzitzen, bozak aurreratze aldera. Diputatu laboristek ezetz esan zioten herenegun, eta astelehenean beste saiakera bat egitekoa da. Alderdi Laborista, ordea, ezezkoan dago. Dibortzioa urriaren 31n gauzatzekoa da.