'Brexit'-a. Bide judiziala

Erresuma Batuko Parlamentua ixteko erabakia «legezkoa» izan da

Eskoziako Auzitegi Zibilaren iritziz, ez da haren egitekoa gobernuaren jarduna «oztopatzea»

Brexit-aren aurkako manifestari bat —ezkerrekoa— Jacob Rees Mogg diputatu torya bezperan parlamentuko besaulkian etzan zeneko unea imitatzen, atzo, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak lehen garaipena eskuratu du parlamentua ixteko erabakiaren aurkako bide judizialean. 75 diputatuk Eskoziako Auzitegi Zibil Nagusira jo zuten haren erabakia blokeatze aldera, baina Raymond Doherty epaileak atzo ebatzi zuen «legezkoa» dela Johnsonen mugimendu politikoa.

Erresuma Batuko lehen ministroak erabaki du parlamentua hilabetez ixtea, datorren astetik urriaren 14ra, diputatuek ahalik eta denbora gutxien izan dezaten akordiorik gabeko brexit-a eragozteko. Edo, finean, denborarik izan ez dezaten. Oposizioa, oso-osorik, itxieraren aurka agertu da: batzuentzat, mugimendu politiko hori «estatu kolpe bat» izan da; beste batzuentzat, «diktadura bateko» erabaki baten gisakoa, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi bezala.

Berez, parlamentuaren itxiera legezkoa da, eta, salbuespenak salbuespen, urtero egiten dute Erresuma Batuan. Hortaz, arazoa eta eztabaida dira Johnsonek noizko agindu duen itxiera, eta zer helbururekin egin duen, bi hilabete falta baitira irteera datarako, urriaren 31rako.

Epailearentzat, ordea, erabakiaren atzean dagoen helburuak ez du ezer aldatzen, auzia politikoa baita, eta parlamentuari baitagokio horren aurka egitea. Finean, argudiatu zuen ez dela auzitegiaren egitekoa gobernuaren jarduna «oztopatzea»: «Nire iritziz, eta botere banaketa kontuan hartuta, itxieraren inguruko auzia politikari buruzkoa da. Ezin da neurtu termino judizialekin».

Hortaz, Erresuma Batuko lehen ministroaren erabakia ez doa «konstituzioaren aurka», eta ez da «legearen kontrakoa», Dohertyren ustetan.

Epailearen erabakiak haserrea eragin du salaketa aurkeztu zutenen artean. Joanna Cherry Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatuak (SNP) atzo jakinarazi zuen helegitea jarriko diotela epailearen erabakiari: «Epaileak legezko hutsegite bat egin du puntu honen inguruan. Berehala jarriko diogu helegitea», idatzi zuen Twitter sare sozialean. Hortaz, auzia Auzitegi Gorenera joango da, eta litekeena da hilaren 17an egitea horri buruzko saioa.

Gobernua, espero bezala, pozik dago epailearen erabakiarekin, eta adierazi du beste bi bide judizialak ireki dituztenek atzo gertaturikoa «kontuan hartu behar» dutela: «[Parlamentua berriz irekitzean] Gobernuak agenda sendo bat aurkeztuko du».

Beste bi saialdi

Eskoziako auzibidea galdu arrean, itxieraren aurkakoek beste bi saialdi judizial dituzte finkatuak aste honetarako.

Bigarren saiakera, eta ziurrenik oihartzun handiena izango duena, gaur izango dute, Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiaren Londresko egoitzan. Parlamentuaren itxiera blokeatzeko eskaria egin dutenen artean daude, besteak beste, Alderdi Laborista, Liberal-demokratak, John Major Erresuma Batuko lehen ministro ohia —torya— eta Gina Miller enpresaria. Miller ezaguna egin zen 2017an, lortu baitzuen parlamentuak izatea brexit-aren prozesua hasteari buruzko azken hitza, Auzitegi Nagusian izandako prozesu bati esker; hortaz, aurten ere bide judizialera jotzeko erabakia hartu du.

Hirugarren eta azken saiakera biharko finkatu dute, Ipar Irlandan. Belfasteko Auzitegi Nagusian, giza eskubideen aldeko ekintzaile batek bere argudioak emango ditu Johnsonen mugimendu politikoa blokeatze aldera.

Bide judizial horiek historikoak bilakatu dira, lehen aldia baita parlamentua ixteko erabakiari aurre egin diotela auzitegietan; ez soilik lehen ministroari, Erresuma Batuko erreginari ere bai, Johnsonek haren baimena behar baitzuen itxiera agintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.