Beste behin, kateatuta dirudi Kataluniako egoera politikoak. Akordio faltaren ondorioz, gobernua osatzeko bidean urratsak eman ezinik jarraitzen dute alderdi independentistek. JxC eta ERC gobernu osaketarako adostasuna lortzetik gertu daudela dirudi, baina bi alderdi horiek ezinbestekoa dute CUPen babesa parlamentuan gehiengo osoa izateko, eta azken horrek baztertu egin du aurkeztu dioten akordio prosamena, gaur, CUPen kontseilu politikoak egin duen batzarrean.
CUPek adierazi du JxC eta ERCren proposamena "autonomista" dela, eta "legedi espainiarrarekiko erabateko mendekotasuna" onartzen duela salatu du. "Ez 155ik, ez 135ik, ezta autonomismorik ere", esan du Vidal Aragones diputatuak. "Masi ezetz esan genion, eta ezetz esaten diogu inbestidura honi".
Izan ere, akordioa alboratuta, CUPek bidea moztu dio Jordi Sanchez JxCko diputatua presidente izendatzeko aukerari; edo asko zaildu du, gutxienez. JxCk eta ERCk 66 diputatu dituzte guztira; Ciutadansek, PSCk, Catalunya en Comu-Podemek eta PPk, elkarrekin, 65; CUPek 4. Normaltasun egoeran, JxCk eta ERCk indar nahikoa lukete bien arteko akordioa parlamentuan onartzeko, baina Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Toni Comin Osasun kontseilari kargugabetuak ezin dute Bruselatik boza eman. Parlamentuak beste diputatu baten bidez edo telematikoki bozkatzeko baimena emango balie, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarria du.
CUPek aldarrikatu egin du Puigdemonten eta Cominen bozkatzeko eskubidea, eta hari uko egitea Espainiako legedia onartzea dela nabarmendu dute.
JxCk eta ERCk Sanchez presidente izendatzeko modua izan dezakete Puigdemontek eta Cominek diputatu karguari uko egin eta haien ordez zerrendako hurrenak izendatzen badituzte parlamentuan ordezkari. Era horretara, 66 boz jasoko lituzke Sanchezen hautagaitzak.
CUPen lehentasuna urriaren 1eko erreferendumean herritarrek emandako "agindua gauzatzea" da. Alderdiaren iritziz, JxCek eta ERCek eratu asmo duten Bruselako Eremu Askea —Puigdemont buru lukeena— ez da aukera egokia, eta sinbolismoak baztertzeko galdegin du. Hala, "ikuspuntu eta legedi errepublikarra" oinarri hartzearen alde agertu da. Aditzera eman duenez, JxC eta ERCrekin negoziazioei berriz heltzekotan, baldintza hori bete beharko litzateke, alderdi horiek proposatu duten bi adarreko gobernua —bata Bruselan, eta bestea Katalunian— albora utzita.
CUPek argitu du bere erabakia ez dela Sancezen aurkakoa. "Ez da izen edo pertsonen kontua; proiektu politikoena, baizik".
Horrez gain, CUPek "prozesu eratzaile herritarra" exijitu du Kataluniak zein herrialde eredu garatu nahi duen zehazteko.