JxCk Jordi Sanchez parlamentariaren hautagaitzari eutsiko dio. "Lortzeko moduan eta garaiz gabiltza", adierazi du Pujolek. Hala erantzun dio Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren zerrendak ERCk eginiko eskariari. Alderdi errepublikarrak inbestidura "eraginkorra" ahalbidetuko duen hautagai bat aurkezteko eskatu dio JxCi, Kataluniako Gobernua ahalik eta azkarren osatze aldera.
Sanchezi inbestidura saioan parte hartzea debekatu zion Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak, joan den ostiralean, eta hura espetxean mantentzea erabaki zuen. Sanchezek helegitea aurkeztu du Llarenaren erabakiaren aurka Auzitegi Gorenean bertan. Espainiako Justiziak inbestiduran parte hartzeko aukera ukatuko balio, Estrasburgora joko duela iragarri du Sanchezen defentsak.
Pujolek baztertu egin du hauteskunde berriak deitzeko aukera. "Konbentzimendu batekin irten gara bileratik: Gobernua egongo da Katalunian, JxC partaide izango duen gobernua egongo da, eta gobernu horrek botoemaileek abenduaren 21ean eskatutakoa egingo du; alegia, urriaren 1aren ispilu izango da".
Alderdi independentistei "konpromisoa" eta "ardura" galdegin die Pujolek. "Gobernua egingo dugu eta errepublika bermatuko dugu". Bi helburuak elkarren menpeko jo ditu JxCek. "Gobernurik gabe ezin da errepublikarik egon, eta soilik errepublikaren alde lan eginez bermatu daiteke gobernu bat".
ERCk gobernua osatzeko inbestidura "eraginkorra" eskatzen duen bitartean, CUPek prozesu konstituziogile bat abian jar dadila galdegin du legealdiko akordio bat lortu ahal izateko baldintza gisa. Prozesu horri data jartzeko eta izaera loteslea aitortzeko beharra nabarmendu du.
Puigdemont, Suitzara
Suitzara bidaiatuko du datorren igandean Puigdemontek, Genevako Giza Eskubideen Nazoiarteko Zinema Jaialdi eta Foroan parte hartzera. Jaialdiko antolakuntzak jakitera eman duenez, mahainguru batean parte hartuko du, eta prentsaurreko bat egiteko ere baliatuko du bidaia.
Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia Genevan da. Otsailean joan zen bertara, babes bila. Espainiako Auzitegi Gorenak auzipetuta dauka Gabriel, Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako auzian, eta Espainiako Estatuan indarrean da haren kontrako atxilotze agindua.