NBEren Giza Eskubideen Komiteak Espainiari joan den astean egin zion galdea Auzitegi Konstituzionalera eraman dute JxCko diputatuek. Eskari horretan, NBEk dei egiten dio Espainiari Jordi Sanchez JxCko diputatu eta Kataluniako presidentetzarako hautagai ohiaren eskubide politikoak bermatzera, eta horretarako "beharrezkoak diren neurriak" hartzera. NBEk neurri horiek galdegin dizkio Espainiari, kautelazko neurri gisa, erakundeak Sanchezen salaketa aztertu artean. Sanchezek NBEn salatu zuen Espainia, bere eskubide politikoak urratu zituela iritzita, bere hautagaitza eztabaidatu behar zen inbestidura saioan parte hartzea eragotzi ziolako.
Sanchezen salaketa ez ezik, NBEren Giza Eskubideen Komiteak Puigdemontek aurkeztutako salaketa ere onartu du tramitera. Puigdemonten kasuan, aldiz, ez dio oraingoz kautelazko neurririk eskatu Espainiari.
JxCk Konstituzionalera eraman duen idatzia Jaume Alonso-Cuevillas abokatuak sinatu du, eta JxCko diputatu guztiek babestu dute; Alemanian espetxeratuta dagoen Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak barne.
JxCk garrantzia handia aitortu dio NBEren eskariari. Taldeak ziurtatu du Espainia derrigortuta dagoela Giza Eskubideen Komiteak galdegin dizkion neurriak betetzera, eta, horiek gauzatzeari uko egingo balio, NBEk Espainia zigortu dezakeela deritzo.
Joan den astean, NBEren eskaera aurkeztu zuen Sanchezen abokatu Jordi Pinak Auzitegi Gorenean. Abokatuak adierazi zuen epaileari egoeraren berri eman nahi zitzaiola, Kataluniako Parlamentuak Sanchez berriz ere hautagai proposatuz gero, hark NBEren galdea kontuan har dezan.
Hain zuzen, hori da JxCren eta ERCren asmoa, Kataluniako hainbat hedabideren arabera. Adierazi dutenez, bi indar independentista nagusiek Sanchezen hautagaitza berriz aurkezteko asmoa dute. Oraingo honetan, NBEren eskaria argudio hartuta. Hala ere, Espainiak hura inbestitzea eragotziko balu, JxC eta ERC laugarren hautagai bat proposatzeko aukera aztertzen ari direla aurreratu dute. Beti ere, Puigdemonten egoera judiziala argitzen denean eta hark NBEn jarri duen salaketaren gaineko ebazpen bat dagoenean, Puigdemont presidente inbestitzeko aukerari uko egin gabe.
CUPek argi esana du ez duela Puigdemont ez den beste hautagairik babestuko, JxC eta ERCk adostu duten legealdi akordioa "autonomista" iruditzen zaien artean.