Parisko atentatuak. Armen salerosketa

Kalaxnikovak batetik bestera

Europako bost estatu kide daude munduan arma gehien saltzen duten hamar herrialdeen zerrendan; Estatu Islamikoa babesten duten herrialdeek ere inportatzen dituzte arma horiek.

Kristina Berasain Tristan.
2015eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
AK-47a gerra ikono bat bihurtu da. Munduan gehien ekoiztutako arma da kalaxnikova, eredu horretako 100 milioi fusil daudela estimatzen baita. Merkea da, arina, sendoa, baita baldintza gogorrenetan ere, euri jasa edo hondar ekaitz batean, iraunkorra eta erabiltzeko erraza, ume koskorrek ere erabiltzeko modukoa. Eta eskura erraza; Interneten ere eros daiteke 1.500 eta 2.000 euroren truke. Somalian, berriz, 50 euroren truke lor daiteke.

II. Mundu Gerraz geroztik izandako gerra, atentatu eta eraso ia guzti-guztien sinbolo izan da 7,62 milimetro kalibreko AK-47 enblematikoa. Errusiako armada gorriaren fusil ofiziala zena mundu osora zabaldu da; Vietnamdik Pariseraino. Ezen Mikhail Kalaxnikov jeneral errusiarrak 1947an sortutako armarekin egin zituzten ere iragan ostiraleko atentatu guztiak. Baita Charlie Hebdo aldizkariaren kontra urtarrilean izandakoak ere. Eta xehetasun horrek, bere ondorio guztiekin, armen inguruko hausnarketa eragin du. Kalaxnikovak Europan bertan ekoizten dira, Alemanian. Eta mugen kontrola hutsala da.

Amnesty Internationalek aspaldian salatu zuen arautu gabe dagoen arma dela eta haren ekoizpena, salmenta eta erabilera kontrolatu beharko litzatekeela. Europako Batzordeak, gertatutakoa gertatu ondoren, kalaxnikovak arma militar gisa sailkatzearen alde egingo du gaur, hainbat neurri iragarriz, besteak beste, desaktibatzeko eta salmentarako araudiak, izan ere, gaur egun ehizarako lizentzia duen edonoren eskura dauden arma erdiautomatiko gisa daude sailkatuta AK-47ak.

Zirkulu iluna

Kalaxnikovak, beraz, erruz dabiltza batetik bestera, estatutik estatura, mugak eta kontinenteak zeharkatuz, iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera. Eta armek heriotza dakartzate. Frantzian bertan lau milioi arma daude, eta urtean 1.800 pertsona hiltzen dira tiroketetan. Munduan, berriz, ia milioi erdi bat lagun hiltzen dira urtean su armen ondorioz. Eta Ekonomia eta Bakerako Institutuak atzo bertan emandako datuaren arabera, iaz 32.000 lagun hil ziren munduan indarkeria ekintzetan. Afganistan, Irak, Nigeria, Pakistan eta Sirian izan dira eraso gehienak, eta horietako askoren atzean izen bat dago: Estatu Islamikoa.

Indarkeriaren konplizeak, baina, ez daude urrun. SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak jakinarazi duenez, arma salmentari esker 140.000 milioi euro eskuratzen ditu urtean Europak. Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Espainia eta Italia; Europako Batasuneko bost estatu horiek arma gehien ekoizten duten hamar herrialdeen zerrendan daude.

Eta Estatu Islamikoaren eskuetara doaz arma horietako asko, izan ere, herrialde arabiarrak daude arma inportatzaile nagusien artean, eta suniten arteko aliantzak noraino iristen diren agerian geratu da azken urteotan. Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak daude zerrenda horren aurreneko postuetan, mundu guztian ekoizten diren armen %5 eta %4 inportatzen dituzte, hurrenez hurren.

Frantziak iaz 8.000 milioi euro poltsikoratu zituen arma salmentei esker. Eta aurten Saudi Arabiarekin bakarrik 12.000 milioi dolarreko kontratuak egin ditu. Zirkulu ilun bat arma horien bala batzuk non jo ahal izan dutenaintzat hartuta.

Espainian ere kritikak zabaldu dira. Amnesty Internationalek jakinarazi du iaz 292 milioi euroko negozio militarra egin zuela Madrilek Saudi Arabiarekin. Espainiako Gobernuak arma horiek zertan erabiltzen diren bermea duela adierazi badu ere, gobernuz kanpoko erakundeek gogorarazi diote giza eskubideak urratzen dituen herrialdea dela eta zibilak bonbardatzen ari dela, non eta Yemenen.

Espainiak 2013an 4.000 milioi euro eskuratu zituen arma industriari esker. Alemania da, ordea, aurrenekoa zerrenda horretan;Europako arma esportatzaile nagusia da. Bild am Sonntag egunkariak jakinarazi duenez, aurtengo aurreneko sei hilabeteetan 7,9 milioi euroren salmentak egin zituen herrialde arabiarrekin.

Europa, bada, mundu militarizatu honen konplize da, negozio ilun horrek ez baitu giza eskubideez ulertzen, nazioarteko itunek gatazketan dauden estatuei armak saltzea debekatzen badute ere, baita giza eskubideak urratzen dituztenei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.