Kaledonia Berriko independentistak elkartuta itzuliko dira negoziazioetara

Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa Ozeaniako uhartedi hartan izango da gaurtik igandera arte, estatus berriari buruzko aldebiko elkarrizketekin jarraitzeko

Darmanin Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa —irudiaren erdian—, iragan azaroan, Noumean. #BARRA_ABILDUA#GDARMANIN.
ander perez zala
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kaledonia Berriko independentistak negoziazio mahaira itzuliko dira, eta badirudi inoiz baino indartsuago bueltatuko direla. FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren iragan asteburuko kongresuak, behintzat, sentsazio hori helarazi du, subiranistek batasuna berreskuratzea erabaki baitzuten, uhartediaren estatus berriari buruz gaur berriz hasiko dituzten aldebiko elkarrizketei begira. Aliantza hori osatzen duten alderdiak, horretatik kanpo daudenak, sindikatuak... Denek ondorioztatu zuten, aho batez, «oinarri komun bat» beharrezkoa zela Parisekin hitz egiteko. Esan eta egin: «burujabetza osoa» lortzea hitzartu zuten, historikoa den adostasun baten bidez.

Gerald Darmanin Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa bigarrenez izango da Kaledonia Berrian, gaurtik igandera arte. Bisita erabat politikoa da, batez ere negoziazioen muinean sartu nahi baitu independentistekin eta loialistekin; lehen bisita, iragan azaroaren amaierakoa, alderdi politikoak entzun eta metodo bat finkatzeko baliatu zuen, eta horren ondorio da egunotako bilera sorta, Frantziatik ateratzearen aldekoek argudiatu baitzuten elkarrizketek aldebikoak behar zutela.

Deskolonizazio prozesuko hirugarren galdeketak, 2021eko abenduaren 12an egindakoak, hautsak harrotu zituen, eta oraindik nabari dira horren ondorioak. Independentisten boikotarengatik —koronabirusaren pandemia argudiatuta—, parte hartzea %43,87koa izan zen —aurreko bietan, %83 ingurukoa—, eta horrek eragin zuen ezezkoak berriz ere irabaztea, botoen %96,5 bilduta. Subiranistek kontsulta berriz egiteko eskatu zuten, baina, Parisen ezezkoa jaso zutenez, giroa nabarmen gaiztotu zen.

Orain, espero da negoziazioek beste era bateko tonua izatea, independentistek esan baitute «ikusgaitasun instituzional hobe baterako beharrezkoa den elkarrizketa eraikitzaile eta politiko bat berritzeko bideak eta baliabideak» bilatu nahi dituztela.

«Garrantzitsuena independentisten, progresisten eta nazionalisten batasuna da. Hamar egitura baino gehiago zeuden antolatzeko. Guretzat, historikoki, garrantzitsua da, eta ikusten dugu badela nahi komun bat», UC Kaledonia Batasuneko lehen idazkari nagusi Pascal Sawak azaldu duen moduan. Antolaketari erreferentzia eginez, FLNKSk azaldu zuen mugimenduko talde bakoitzak ordezkari bat izango duela batzorde estrategiko independentistan, zeinak ardura izango duen elkarrizketetarako metodoa eta helburuak finkatzeko.

Horietarako, oraingoz, independentistek jarrera maximalista bat zehaztu dute: Frantziako Gobernuarekin abiatu dituzten negoziazioek «soilik balioa izango» dutela «herrialdearen emantzipazioa lantzen» badute. Eta horrek esan nahi du, haien iritziz, autodeterminazio prozesua oraindik ez dela amaitu, deskolonizazio garaia eta hiru galdeketak arautu dituen Noumeako Akordioaren ondorengo garaia finkatzeko trantsizio epean dauden arren.

Ikusteko dago behin betiko egutegia zein izango den, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak konstituzioaren eta erakundeen erreforma abiatu nahi baitu udazkenean; UCren presidente Daniel Goak, berriz, irailaren 24rako nahi du Parisekin ados jarri, egun horretan beteko baititu 170 urte Kaledonia Berriaren kolonizazioak.

Loialistak ere adi

Frantzian jarraitzearen aldekoei dagokienez, Parisekin abiatu dituzten negoziazioetarako eskari nagusia egutegia errespetatzea da, eta konstituzioaren erreformaren aferan «toki bat» izatea. «Eztabaidak hasi behar dira 2023an akordio bat lortzeko, eta hori 2024ko [maiatzeko] probintziako bozen aurretik onarrarazteko», argudiatu zuen, herenegun, Kaledonia Berriko Asanbleako Loialistak talde parlamentarioko diputatu Nicolas Metzdorfek.

Bide beretik jo zuen Etorkizuna Konfiantzaz talde parlamentarioaren buru Virginie Ruffenachek, NC La 1ere kateari adierazi baitzion itxaropen asko dituela jarriak konstituzioaren erreforman.

Boz horiei begira, elkarrizketen eztabaidetako bat izango dahautesle erroldarekin zer egin—denera, hiru errolda desberdin daude—. Egun, Asanbleako bozetarakoa mugatua da, 41.000 herritarrek ez baitituzte betetzen haren parte izateko baldintzak —besteak beste, 1998an, Noumeako Akordioa adostu zenean, 18 urte izatea eta gutxienez hamar urtez bizitzea Kaledonia Berrian—, eta, beraz, ezin dute botorik eman Asanbleako hauteskundeetan.

Loialistek esan dute erroldak eguneratu egin beharko direla; independentistek, berriz, uste dute ezetz, orain arte bezala mantendu behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.