Turkiako Gobernuak kalte-ordainak emango dizkie aurreko astean hildako 35 kontrabandisten senideei, haien dolumina «baretzeko» helburuarekin. Turkiako armadak airez eraso zion aurreko asteazkenean Irakeko mugatik gertu zegoen herritar talde bati, eta esan zuen uste zutela PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kideak zirela. Gobernuak «akatsa» aitortu du, eta egun batzuen buruan ordainduko die hildakoen senideei.
Turkiako Gobernuaren esanetan, dei batek armadari ohartarazi zion «armatutako terrorista talde batek» Turkiako muga igaro zuela, soldaduei erasotzeko asmoarekin. Erasoaren ondoren jakin zuten hildakoak Turkiako herritarrak zirela. Gobernuaren arabera, erasoa ez zen «asmo txarrekin» egin, baina «arduragabekeriaz jokatu» zutela onartu du.
Kalte-ordainekin batera, Bulent Arinç Turkiako lehen ministrordearen esanetan, baliteke gobernuak ofizialki barkamena eskatzea, erasoaren inguruko ikerketa amaitu ondoren. Orain arte, gobernuak ez du barkamen aipamenik egin. Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdogan «okerrarengatik damutu» da, eta Abdula Gul Turkiako presidenteak doluminak eman dizkie hildakoen senideei. Arinçen arabera, ikerketa amaitu baino lehen barkamen ofiziala eskatzeak «ondorio negatiboak» ekarriko lituzke.
Erasoak kurduen aurka
Aurreko asteazkeneko erasoarekin asmatu ez zuen arren, Turkiako Gobernuak kurduen atxiloketa kopurua handitu du azkenaldian, eta ez ditu PKKren aurkako erasoak eten Irakeko mugaz bestalde. Duela bi aste, gutxienez 35 kazetari atxilotu zituzten Turkian, PKK Kurdistango Langileen Alderdiari laguntzea leporatuta.
Atxiloketez gain, duela hilabete Turkiak soldaduak bidali zituen Kurdistan hegoaldera, eta ingurua gogor bonbardatu zuen. Armadaren bonbardaketa Kurduek 1990az geroztik egiten zuen eraso handienari erantzuteko egin zuten. PKKren erasoan, 24 militar hil ziren, eta 100 zauritu.
Kalte-ordainak emango dizkie Turkiak hildako kontrabandisten senideei
Baliteke Erdoganen gobernuak ofizialki barkamena eskatzea 35 lagun hil zituen erasoa ikertutakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu