Kanadak Irango Gobernuari egotzi dio Ukrainako Boeing 737 hegazkina bota izanaren ardura. «Hainbat iturritako inteligentzia datuak ditugu, gure inteligentzia zerbitzuetakoak eta aliatuenetakoak. Frogek erakusten dute hegazkina Irango lur-aire misil batek bota zuela», adierazi du Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak. Halere, gehitu du «nahi gabe» egina izan daitekeela.
Ez da teoria horren alde agertu den bakarra. AEBetako presidente Donald Trumpek esan du «susmoak» dituela, eta hainbat hedabidek ere zabaldu dute Irango aireko segurtasun sistemak bota dutela, ustekabean. Hegazkinak lurra jotzean 176 lagun hil ziren: 82 irandar, 63 kanadar, 11 ukrainar —tartean eskifaiako kideak—, hamar suediar, lau afganiar, eta hiruna alemaniar eta britainiar. Ukrainako lehen ministro Oleksiy Honcharukek ere adierazi du itxura duela misil baten bota zuela airekoa lurrera.
AEBetako iturri ofizialak aipatuz, CBS kateak argitaratu du radar seinale bat itzali zela, bi lur-aire misilen jaurtiketaren ostean. Hegazkina erori aurretik gertatu omen zen hori. Iturri berek gehitu dute misilen zatiak aurkitu dituztela hegazkinak lur jo zuen eremutik gertu. Trumpek ez du ziurtatu, baina indarra eman dio ideiari: «Tragikoa da, baina baliteke beste aldeko norbaitek akats bat egitea». The New York Times egunkariak sakelako telefono batekin filmatutako bideo bat argitaratu du. Distira bizia ageri da zeruan, «Irango misil batek hegazkina jo zuen unean», hedabidearen arabera.
Irango Abiazio Agentziak «zurrumurru ilogikotzat» jo ditu adierazpen horiek, eta gehitu du «ikuspegi zientifiko batetik» ezinezkoa dela misil batek Ukrainako hegazkina jotzea. Izan ere, Irango Gobernuak kaleratu dituen datuak oso bestelakoak dira. Abiazio Agentziaren arabera, hegazkinak su hartu zuen lurrera erori aurretik. Nabarmendu du badaudela hala baieztatzen duten testiguak. Horrez gain, azaldu dute pilotuak ez zuela hegazkinean inongo arazorik gertatu izanaren abisurik eman.
Kanadak zuzenean egiletza egotzi izanaz gain, datuak ezkutatzea leporatu dio Irani, hark ez baitie hegazkineko kaxa beltzen inguruko informaziorik eman. «Berebiziko garrantzia du ikerketa sakon eta sinesgarri bat egiteak», adierazi du Trudeauk. Justizia egin arte ez duela atsedenik hartuko ere hitzeman du. Iranek, ostegun gauean, azkenean, onartu egin du Ukrainako eta Boeing enpresako adituek hegazkinaren kutxa beltzak aztertzea. Eta istripuan hildako nazionalitateetako estatuei eskatu die haiek daukaten informazioa zabaltzeko.
Izan ere, Teheranek adierazi du ikerketa Ukrainaren eta Iranen artean gauzatuko dutela, «talde bateratu» baten bidez. Hala zehaztu dute Hassan Rohanik eta Volodimir Zelenskik, Irango presidenteak eta Ukrainakoak. Halere, Ukrainako Gobernuak ez du misilaren teoria baztertzen. Herrialde hartako Segurtasun eta Defentsa Kontseilu Nazionaleko idazkari Oleksei Danilovek adierazi du Kieveko adituek gertaeraren inguruko lau teoria dituztela; horietako bat da hegazkina Errusian eginiko Tor misil batek bota izana. Aditu talde horretan, Malaysia Airlines MH17 hegazkinaren lur jotzea ikertu zuten kideak daude. Orduko hartan, hegazkina Errusian fabrikatutako misil batek bota zuela ondorioztatu zuten.