«Oker» bat izan zela argudiatu dute, baina Kanadako Parlamentuko presidente Anthony Rotak dimisioa eman behar izan zuen atzo. Joan zen ostiralean gertatu zen. Ukrainako presidente Volodomir Zelenskiren bisita hartu zuten legebiltzarrean, Errusiaren inbasioaren harira sostengua agertzeko. Zelenskiren hitzaldia amaitu ostean, berriz, Rotak parlamentuko kideei eskatu zien gonbidatuen harmailara begiratzeko. Han zegoen Iaroslav Hunka seinalatu zuen, 98 urtekoa, eta «Ukrainako eta Kanadako heroia» zela esan zuen, Bigarren Mundu Gerran Armada Gorriaren kontra borroka egin zuelako boluntario gisa. Legebiltzarreko kideak zutik jarri, eta txaloka hartu zuten gizona. Hark, emozioz hartu zuen txalo zaparrada, eta Zelenskik ukabila altxatuta agurtu zuen.
🇺🇦Zelenski #Canada.n: Parlamentua zutik, Waffen-SS Galizien dibisioko nazi bat txalotzen. Yaroslav Hunka, "ll. Mundu Gerran errusiarren kontra eta Ukrainaren independentziaren alde borrokatu zen bolondresa".
— NB (@negukobaratza) September 26, 2023
"...egiaren alde borrokan jarraitzen du 98 urterekin."
"Heroia".👠pic.twitter.com/4uvhPVLEUH
Baina, asteburuan, Hunkaren inguruko datuak zabaltzen hasi ziren. Jakinarazi zutenez, SSetako Galitzia Dibisioan parte hartu zuen. Poloniako herritarrak hil zituen talde militar horrek 1944. urtean.
Hunkaren iraganaren inguruko laino beltzak ugarituz joan dira astearen hasieran, eta atzo hasi zen ekaitza. Rotak diputatuei iragarri zien parlamentuko presidentetza utziko zuela, «dolu handiz».
BREAKING: Canadian speaker Anthony Rota has resigned after calling a Ukrainian Nazi a “hero.”
— Collin Rugg (@CollinRugg) September 26, 2023
Total humiliation.
It gets even worse. Poland is now moving to extradite 98 year old Yaroslav Hunka, the Nazi who was praised in the World Stage.
“In view of the scandalous events in… pic.twitter.com/8gbfixFNEP
Izan ere, dimisioa emateko eskatu zioten Kanadako alderdietako ordezkariek; besteak beste, txalo egin zutenetako askok.
Justin Trudeau lehen ministroak astelehenean esan zuen gertaturikoa «lotsagarria» zela «Kanadako Parlamentuarentzat eta kanadar guztientzat».
Asteartean, Pierre Poilievre oposizio kontserbadorearen buruak Trudeau hartu zuen jomugan, Kanadari lotsa ekartzeagatik, gobernuak huts egin eta haren «informazio eta diplomazia aparatuek ez zutelako galarazi nazi bat omentzea».
Su ebaki gisa etorri da, beraz, Parlamentuko buruaren dimisioa. Trudeauren taldeak argudiatu zuen ez zekitela Hunkak parte hartuko zuela ostiraleko saioan, ganberako presidenteak gonbidatu zuelako. Rotak, berriz, bere burua defendatu zuen esanez gero jaso zuela «informazio gehiago» Hunkaren inguruan, eta barkatzeko eskatu zien Kanadako eta munduko judu komunitateei.
«Zibilen hilketa masiboak»
Hunka orain Ukrainan dagoen Urman hirian jaio zen –orduan Polonian zegoen–, 1925. urtean. Besteak beste, poloniarrak, ukrainarrak eta juduak bizi ziren Galitzia eskualdean, eta, gerrak gorabehera, hainbat estaturen artean banatuta zegoen, eta haren eskualdeak eskuz aldatuz joan ziren. 18 urte zituenean, SSetako Galitzia Dibisioan sartzeko boluntario aurkeztu zen Hunka. Adierazi izan duenez, Sobietar Batasunaren kontra borrokatu nahi zuen, Ukrainaren independentzia ziurtatzeko. Edonola ere, alemaniarrek inbadituriko Ukrainan harien agindupean aritzeko prest agertu zen.
Izan ere, Galitziako gobernadore nazi Otto Waechterrek proposatu zuen SSetako dibisio bat antolatzea Ukrainako boluntarioekin, ekialdeko frontean borrokatzeko. Heinrich Himmler III. Reicheko Barne ministro eta SSetako buruak sostengatu egin zuen, bi baldintza jarrita: bakarrik galitziarrak sartuko ziren dibisioan, «arioen antz handiagoa» zutelako, eta Galitzia izena erabiliko zuten, eta ez Ukraina, lehenengoa Austro-hungariar Inperioko terminoa zelako.

Hunka Munichen (Alemania) trebatu zuten, besteak beste, eta 1944. urtean Armada Gorriaren aurka borrokatzera bidali, ekialdeko frontera. Historialari batzuk diotenez, ordurako amaituta zeuden han juduen holokaustorako operazioak. Edonola ere, ziurtzat daukate SSetako Galitzia Dibisioak herritar poloniar ugari hil zituela.
Besteak beste, Huta Pieniackako sarraskia egozten diote dibisioko kideei. Hainbat herri poloniar suntsitu zituzten horretan, tartean Huta Pieniacka, 1944ko otsailaren 28an. 500 eta mila zibil artean hil zituztela kalkulatu dute. Lekukoen arabera, zibilak egurrezko korta handietan sartu zituzten, eta su eman zieten. Ihes egiten saiatzen zirenak tiroz hil zituzten. Ondorioztatu dutenez, SSetako Poliziaren 4. Erregimentuko kideek egin zuten sarraskia, eta, gero, dibisioan sartu ziren.
Egun batzuk geroago, martxoaren 12an, Pidkamingo sarraskian lagundu zuen dibisioak, eta han babesa hartua zuten 2.000 herritarretatik 150-250 inguru hil zituzten, gehienak emakumeak eta haurrak. Horrez gain, dibisioko beste talde batek 365 poloniar hil zituen Palikorovi herrian, han ere emakumezkoak eta haurrak tartean zirela.
Europan gerra amaitu zenean, Hunkak Erresuma Batura egin zuen alde, eta hiru urte geroago, Kanadara. Ez da ezkutuan egon han: SSetako beteranoen taldeetan aritu da lanean, eta Errusiaren inbasioaren aurkako protestetan parte hartu du.
Nolatan eman diote babesa Hunkari Kanadan, eta han bizitzen utzi urte luzez?
Jules Deschenes epaileak zuzenduriko ikerketa batzorde batek 1986an erabaki zuen ezin ziotela Galitzia Dibisioari talde gisa jazarri epaitegietan: banakako kideek gerra krimen jakinetan parte hartu zutela frogatu beharko zen, dibisioko kide izatea ez zelako aski arrazoi haiei jazartzeko. Nurenbergeko Auzietan ebatzi zuten SS osoa zela «erakunde kriminal» bat, baina Kanada ez zegoen Nurenbergeko Gutunaren sinatzaileen artean.
Holokaustoa ikertzen duen Simon Wiesenthal Zentroko Lagunen Elkarteak, berriz, argi adierazi du Hunkaren dibisioa «zibil errugabeen hilketa masiboen erantzule» zela, eta «irudikatzerik ez den gogorkeriaz eta gaiztakeriaz» aritu zela.
Kanadako Parlamentuko eskandaluak beste fronte bat zabaldu dio Hunkari. Przemysl‚aw Czarnek Poloniako Hezkuntza ministroak adierazi du urratsak egiten ari direla Hunka Poloniara estradita dezaten.