2024ko Galiziako Parlamenturako bozak

Kanpainarik ez plastikozko bolatxoentzat

Galiziako Parlamenturako bozak zenbat eta gertuago, orduan eta gutxiago mintzatu dira alderdiak pinportez. Ekologistak Martxan-entzat, gerta zitekeen gauzarik «okerrena» izan da arazoaz ahaztea, Xuntaren kudeaketa «eskasa» den honetan.

Ecoloxistas en Accionek antolaturiko plastikozko bolatxoen garbiketa bat, joan den urtarrilaren 12an, Lariñoko hondartzan, Galizian. ECOLOXISTAS EN ACCION
Ekologistak Martxan-ek antolaturiko plastikozko bolatxoen garbiketa bat, urtarrilaren 12an, Lariñoko hondartzan, Galizian. EKOLOGISTAK MARTXAN
ander perez zala
Berriemaile berezia - Mos
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Ana Diaz Freiria izan da lehena iristen. Ozeanografoa da, eta Ekologistak Martxan taldeko ekintzailea eta kidea. Hitzordua Mos herriko taberna batean da, Vigo gainean; ezinbestean, bere osoan ikusten da hiri hori, baita Cies uharteak ere. Berdea da nagusi inguruan; parean, hondoan, itsasoaren urdintasuna. Galiziako ingurumen ondarearen adibide bat. «Hainbeste gauza ditugu Galizian… Ez dugu baloratzen zer dugun. Ohikotzat daukagu. Hainbeste berde… Eta ez dira ohartzen zer duten. Gauza bera itsasoarekin», adierazi du Freiriak.

Erantzun horrek, modu batera eta bestera, zuzeneko erreferentzia egiten dio plastikozko bolatxoen aferari. Gaiak inpaktu mediatikoa galdu du, baina horrek ez du esan nahi egoera konponduta dagoenik. Ezta gutxiago ere: pinporta gehienak itsasoan daude oraindik, eta baliteke horietako asko ateratzeko aukerarik ez izatea.

Inpaktu mediatikoa galdu, eta tokia ere bai Galiziako alderdi politikoen agendan eta hitzaldietan. Biharko parlamenturako hauteskundeen kanpainan, kasurako, ez dute ia aipatu ere egin gaia; hasieran bakarrik. «Noski, haiek [PPG Galiziako Alderdi Popularrekoek] kaka alfonbra azpian gorde nahi dute. Hori da modus operandi-a. Ez dute arazoez hitz egiten; hortaz, arazo horiek ez dira existitzen. Bozak beren eremura eraman nahi dituzte, eta ez dira auzi honetaz mintzatzen».

Elkarrizketaren erdian agertu da Cristobal Lopez, Ekologistak Martxan-eko bozeramailea. Txantxetan hasi da: «Nik ere erantzungo dut? Agian kontrakoa esango dut». Arazorik ez Freiriaren partetik: «Ez dugu zertan iritzi bera izan». Umore ona da nagusi; konplizitatea ere bai bi elkarrizketatuen artean.

(ID_17079127584835) Cristobal Lopez eta Ana Freiria
Ekologistak Martxan-eko Cristobal Lopez eta Ana Diaz Freiria, elkarrizketaren ondoren, Mosen (Galizia), iragan asteartean. ANDER PEREZ ZALA

Eta adostasuna ere bai. Biak bat datoz kanpainan indarra galdu duela plastikozko pinporten gaiak. «[Xuntakoentzat] Bolatxo bat da hondartzan, hori ez da ezer! Horrela ikusten dute hau guztia. Industria defendatzen ari dira», azaldu du Lopezek. «Egia da Alderdi Popularra nora jo ez zekiela utzi zuela kanpainaren hasieran. Ez dakit botoak galduko dituen, edo zenbat galduko dituen. Kataluniaz hitz egin nahi zuen, amnistiaz… Eta begira». Freiriak jarraitu du erantzuten: «Haien leloa da Gurekin Galizia bide onean doa. Kudeaketa onarena, ziurtasunarena. Esango didazu hala den…».

Iragan abendua da abiapuntua. Toconao itsasontziari sei kontainer erori zitzaizkion uretara, Portugalgo iparraldean, kostaldetik gertu; horietako bat plastikozko pinportaz beteta zegoen. Itsaslasterrek azkar zabaldu zituzten bolatxoak, eta, hilabeteko epean, Galiziako kostalde gehienean zabaldu ziren; batez ere, mendebaldean eta ipar-mendebaldean.

Lopezentzat, «inpaktu mediatiko handiegia» izan zuen aferak, batez ere iragan hilabetean, eta, une batetik aurrera, mezu politikoekin eta elektoralistekin zerikusi handiagoa izan zuen gaiak eta haren jarraipenak, arazo ekologikoarekin baino. Eta gero, gerokoak: hondartza asko garbituta daudenez, eta tartean ekaitz batek eragin zuenez bolatxoak hondartzetara ez hurbiltzea —hori da, behintzat, Lopezen teorietako bat—, badirudi arazoa desagertu egin dela.

«Zopa bat itsasoan»

Hori da gerta zitekeen gauzarik «okerrena», Ekologistak Martxan-en bozeramailearen ustetan. «Plastikozko bolatxoak hondartzara iristen badira, jaso daitezke. Itsasoan geratzen badira, ez da inor joango haien bila. Hondamendia ez da ikusten; hortaz, ilunaldi mediatiko bat dago. Oposizioak, politikariek eta hedabideek ere beste aldera begiratzen dute, eta badirudi ez dela ezer gertatzen ari». Baina pinportek uretan jarraitzen dute; Lopezek «zopa bat itsasoan» esaldia erabili du gertatzen ari dena deskribatzeko, ekaitzak zakuak hautsi eta bolatxoak itsasoan barreiatu zituelako.

Toconao itsasontziari pinportaz beteriko 1.050 zaku erori zitzaizkion itsasora; bakoitza, 25 kilokoa. Denera, hortaz, 26.250 kilo. Eta Xuntak El País egunkariari joan den astean jakinarazitakoaren arabera, 201 zaku besterik ez dute berreskuratu; hau da, %19. Horretan da egoera, gaur egun.

«Plastikozko bolatxoak hondartzara iristen badira, jaso daitezke. Itsasoan geratzen badira, ez da inor joango haien bila. Hondamendia ez da ikusten; hortaz, ilunaldi mediatiko bat dago». 

CRISTOBAL LOPEZEkologistak Martxan-eko bozeramailea

Asko dago egiteko; hori argi utzi dute bi ekintzaile ekologistek. Eta, halere, hauteskundeen kanpainan ez du ia tokirik izan aferak; eta egunotan gai hori aipatu badute, ez dute preseski Galizian aipatu, baizik Espainiako Diputatuen Kongresuan. Oscar Puente Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren ministroak agerraldi bat egin zuen hilaren 6an, PP Alderdi Popularrak eskatuta, eta hitzordu hori, gehienbat, Puenteren eta PPren arteko eztabaida zakar bat bilakatu zen. Batak besteari erantzun txarra ematea leporatu zion.

Xuntaren kudeaketaz galdetuta, Freiriak honela deskribatu du: «Eskasa, penagarria, eta Prestige-rekin egin zuten gauza bera». Haren arabera, ezbeharra «minimizatu» dute, esan dute ez dela «ezer» gertatu, eta «langile batzuk» jarri dituzte kostalde osoan, gerora adierazteko «jendea lanean dutela».

Hasieran, Galiziako Gobernuak ez zuen arazorik aitortu; gero, udalerrien esku utzi zuen garbiketa; horren ondoren, Espainiako Gobernuari bota zion errua; eta, azkenik, gutxiengo garbiketa lan bat sustatu zuen. Baina, finean, herritarrak ari dira, joan den abenduaren erdialdetik, egiazko garbiketa lana egiten.

26.250

Zenbat kilo pinporta erori ziren itsasora.Toconao itsasontziari pinportaz beteriko 1.050 zaku erori zitzaizkion itsasora; bakoitza, 25 kilokoa. Denera, hortaz, 26.250 kilo.

«Bi aldiz egin dut topo Xuntak jarritako langile horiekin; Tragsa enpresakoak dira», esan du Freiriak. Hau da, Galiziako Gobernuak azpikontratatu egin du hondartzen garbiketa. «Topaketa horietako batean, Lanzadako hondartzan [Sanxenxoren eta O Groveren artean], ia hiru kilometrokoan, bi pertsona zeuden. Zertan ari ziren? Hondartza garbitzera joan zirenei materiala ematen. Garbitzen ari ziren? Ez».

Konparazioa egiteko balio duten pare bat datu eman ditu Freiriak: haiek egiten dituzten garbiketetan hogei bat pertsona izaten dira, eta lau ordu egoten dira hondartzetan. «Normalean» kilo erdi bolatxo jasotzen dute. «Lan oso frustragarria da».

Elkarrizketaren erdian, dei bat jaso du Ekologistak Martxan-eko ekintzaileak; Portonovon (Pontevedra) asteburuan egitekoak diren garbiketaz mintzatzeko deitu diote hango udaletik. Bost minutu pasatu ditu erantzuten eta afera hori kudeatzen.

Orain lasaiagoa da antolaketa, baina, deiaren ondoren, aitortu du urtarril hasierako asteetan «oso lanpetuta» egon zirela. Hura arduratu zen koordinazioaz. «Orain, inork ez du errudun sentitu nahi [udalez ari da], eta ahalegin bat egiten ari dira hondartzak garbitzeko. Baina, noski, arazoa azaleratu dugulako».

Autokritikarako tartea

Lehen egun eta asteak «zoramen handikoak» izan ziren ekintzaileentzat. Egun horiek nola oroitzen dituen galdetuta, Freiriak autokritika egin du: uste du talde ekologistek berandu erreakzionatu zutela. Haiek barne. Hura entzutea hilabeteotan gertatu denaren kronika bat aditzea bezala da. «Sare sozialen bidez izan nuen gertatzen ari zenaren berri. Itsasoan lan egiten dutenek eta itsasotik gertu bizi direnek geroz eta eduki gehiago igo zuten pinporten inguruan, eta orduan ohartu ginen egoeraz».

Gabonen ondoren hasi ziren antolatzen, joan den urtarrilaren hasieran. Orduan egin zuen eztanda, mediatikoki behintzat, plastikozko bolatxoen aferak. Lehen garbiketa hil horren 10ean egin zuten —zazpi antolatu dituzte haiek—: «Orain, bai, esaten dut nahiago nukeela lehenago erreakzionatu izan bagenu. Baina egia da hasieran ez ginela ohartu zenbaterainokoa zen gertatu zena».

Eta hori aintzat harturik Ekologistak Martxan berez gehiago arduratzen dela «auzi legalez eta aldaketa administratiboez», hondartzen garbiketez baino. Horren erakusle, ekintza horiek antolatu aurretik salaketak aurkeztu zituztela, iragan urtarrilaren 9an, zamaren jabearen kontra eta itsasontziaren kapitainaren kontra, arduragabekeriagatik.

(ID_13479556) MAR CONTAMINACIÓN.
Ekologistak Martxan-eko Freiria —ezkerrean— eta Xoan Evans —eskuinean—, Plademar taldeko Rogelio Santosekin, joan den urtarrilaren 9an, salaketak aurkeztu ondoren, Noiako auzitegian (Galizia). XOAN REY / EFE

«Hemen legea egin duenak tranpa egin du. Prestige-rekin gertatu bezala, inork ez du erantzukizuna hartu. Beti bezala egiten da. Nire ezagun baten esaldia gustatzen zait: ‘Kapital handiez aritzean, etekinak pribatizatu egiten dira, eta zorrak, sozializatu’. Hondamendi naturaletan hori gertatzen da. Beti», esan du Freiriak.

Hori aintzat harturik, eta Prestige-ren bide judiziala duela 2019an amaitu zela —hondamendia 2002an izan zen—, Ekologistak Martxan-ek erabaki zuen prozesu legal hori guztia ahalik eta gehien bizkortzea. «Kutsatzen duenak ordain dezala», hori nahi dute lortu; Prestige-rekin gertatu ez zen bezala.

Luze joko du, hortaz, plastikozko bolatxoen hondamendiak. Gobernu aldaketarik balego, hoberantz egingo luke kudeaketak? Talde ekologistako bi kideak zuhurtziaz mintzatu dira: aitortu dute BNG Galiziako Bloke Nazionalistak eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistak «ingurumen sentsibilitate pixka bat handiagoa» dutela —eta «batez ere beren oinarriek», Lopezen hitzetan—, baina «industriaren lobbya hor» dago, eta «diruz erositako prentsa guztia».

«Belarra izkina guztietan hazten da, eta ura nonahi dugu. Ziurtzat jotzen dugu, eta ez dugu baloratzen daukaguna». 

ANA DIAZ FREIRIAEkologistak Martxan-eko kidea

Freiriak, gainera, uste du Galizian oro har ez dela halako sentsibilitaterik: «Belarra izkina guztietan hazten da, eta ura nonahi dugu. Vigoko Unibertsitateko paretetan perretxikoak hazten ziren, pentsa. Ziurtzat jotzen dugu, eta ez dugu baloratzen daukaguna. Baloratzen duguna zera da: industria, dirua, lanpostuak…».

Ez da kanpainarik izan plastikozko bolatxoentzat; ez bozekin zerikusia duena, ezta, Xuntarekin partetik, garbiketarekin lotura duena ere. Nahiz eta itsasoak «sekulako garrantzia» duen herrialdeko iruditeria kolektiboan eta oro har herritarren egunerokoan. «Itsasoari lotuta gaude», esan du Freiriak, barrezka eta harro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.