Kubako Alderdi Komunistaren VI. Kongresua amaitu da. Herrialdearen garapen ekonomikoa bermatzeko asmoz iraultzaz geroztik (1959) abiarazitako erreforma sakonenak babestea onartu du alderdiaren organo gorenak, eta, horrekin batera, plana gauzatuko duen zuzendaritza politikoa izendatu du. Raul Castro herrialdeko egungo presidentea izanen da alderdi komunistako idazkari nagusia, haren anaia Fidelen ordezkoa hartuz. Kargu berria hartu ondoren, bere «azken lana» zein izanen den azaldu du Raul Castrok kongresua ixteko hitzaldian: «Sozialismoa babestu, zaindu eta hobetu; eta ez inoiz utzi erregimen kapitalista itzultzea».
Sakoneko aldaketak onartzeaz gain, botere esparruetan belaunaldi aldaketa irudikatzea zuen helburu VI. Kongresuak, Raul Castrok berak oroitarazi duenez. Zuzendaritza politikoan, baina, ez da iraultzarik gertatu. Organo horren kide kopurua24tik 15era jaitsi dute , baina horietatik hamabi lehengo berak dira, gehienak iraultzaren arokoak. Kide berriak dira Alderdi Komunistaren Habanako idazkari nagusi Mercedes Lopez —emakume bakarra, eta kiderik gazteena (45 urte)—, Ekonomia ministro Adel Izquierdo eta Gobernuko presidenteorde Marino Murillo. Nabarmentzekoa da Jose Ramon Machado Ventura historikoa hautatu dutela alderdiko bigarren idazkari —orain arte Raul Castrok zuen kargua—. 2008tik herrialdeko lehen presidenteordea ere bada Machado Ventura.
Zuzendaritza politikoko kideen bataz bertzeko adina 67 urtekoa da, eta horrek belaunaldi aldaketa gauzatzeko asmoaren inguruko zalantzak sortu ditu. «Ez da egokiena, baina oraingoz egin dezakegun guztia da», azaldu du idazkari nagusi berriak. Jakinarazi du heldu den urteko urtarrilaren 28an alderdi komunistak biltzar nazionala eginen duela, eta bertan erabakiko dutela zuzendaritza politikoan kide gehiago sartzea. Hala ere, aldaketak egiteko pausoak ematen ari direla ziurtatu du Raul Castrok, eta horren adibidetzat paratu du batzorde zentral berriaren osaketa. 115 kide izanen ditu; horietatik %41,7 emakumezkoak izanen dira —%13,3 ziren orain arte—, eta beltz eta mestizoen kopurua %31,3ra igo dute. Kongresuen artean dagoen biltzar nagusia da batzorde zentrala, eta gutxienez urtean behin biltzen da.
Fidel Castroren ondorengotza
Belaunaldi aldaketa hankamotz gelditu bada ere, Kubako iraultzaren irudi nagusiaren erreleboa, Fidel Castrorena, gauzatu egin du VI. Kongresuak. Iraultzaren burua Raul anaiaren ondoan izan da itxiera ekitaldian, baina ez du hitza hartu. Hala ere, Cubadebate webgunean argitaratutako artikulu baten bidez jakinarazi du uko egin diola Alderdi Komunistaren zuzendaritzan egoteari. «Raulek bazekien ez nuela onartuko alderdian kargurik izaterik». Fidel Castrok 2006an, behin-behinean anaiaren esku utzi zuen Estatuko buruzagitza, eritasun baten ondorioz. 2008an, berriz, ofizialki uko egin zien kargu guztiei, horien artean alderdi komunistako idazkaritza nagusiari.
Arlo pribatura irekiera
Hain zuzen, Raul Castrok boterea hartu zuenetik izan ditu erronka nagusitzat orain onartutakoerreforma neurriak. Aho batez aitzinera babestutako erreformen helburuen artean dago Kubako herritarren «bizi maila igotzea». Planifikazioak lehentasuna izanen du ekonomian, baina «merkatuaren joerak» kontuan hartuko dituzte, Castrok azaldu duenez. Oinarria estatuko enpresa sozialista izanen den arren, «atzerriko inbertsioa, kooperatibak, nekazari txikiak, errentariak, langile autonomoak eta eraginkortasuna igotzeko balio dezaketen» bertze lan modalitateak «onartu eta sustatu» eginen dituzte. Finean, alderdi komunistak arlo pribaturako irekiera kontrolatua eginen du, lanpostu publikoak murriztuko ditu, estatuaren enpresei autonomia gehiago emanen die, eta beharrezkotzat ez dituen diru-laguntzak kenduko ditu.
Raul Castrok boterea hartu zuenetik, 300 erreforma inguru paratu ditu indarrean. Horien artean garrantzi berezia du Estatuaren erabilera gabeko lurren banaketak. 1.191.000 hektarea inguru nekazarien esku utzi nahi dituzte produktibitatea hazteko eta elikagaien prezioak merkatzeko. Oraingoz lur horien %63 banatu dute.
Kuba. Alderdi Komunistaren kongresua
Kapitalismora ez itzultzeko asmoz
Kubako Alderdi Komunistaren kongresuak Raul Castrok «sozialismoa babesteko» abiarazitako erreformak babestu dituEgungo presidentea hautatu dute alderdiko idazkari nagusi, Fidel anaiaren ordez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu