Karabakh Garaia

Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik

Bi aldeetako ordezkariek su etena adostu osteko lehen bilkura egin dute. Armeniako oposizioak lehen ministroaren kontrako protestak hasi ditu.

Karabakh Garaiko eta Azerbaijango ordezkariak, gaurko bilkuran. ROMAN ISMAYILOV / EFE
ander perez zala
2023ko irailaren 21a
16:43
Entzun

Karabakh Garaia de facto errepublika independente bat da, baina, itxura guztien arabera, hori izateari utziko dio, eta Azerbaijanen kontrolpean geratuko da. Bi aldeen arteko su etenaren biharamunean, gobernuetako ordezkariak gaur elkartu dira, eremu horren etorkizunaz aritzeko eta, batez ere, de facto estatuaren desegitea negoziatzeko. Prozesu baten lehen bilkura izan da, eta ez dute xehetasun handirik eman hitzorduaren edukiaz eta datozen pausoez; edonola ere, aurrera egin aurretik, Karabakh Garaiko negoziatzaileek segurtasun bermeak nahi dituzte, meniaren parte baita armak uztea.

Atzoko akordioaren ostean, behin betiko itun bat falta da gatazka amaitzeko, eta horretaz mintzatzen ari dira bi aldeak. «Auzi eta galdera asko» dituzte lantzeko, Artsakheko Errepublikako —Karabakh Garaiko errepublikaren izena da— presidente Samvel Xahramanianen aholkulari David Babaianek Reuters berri agentziari adierazi dionez: «Ez dugu utziko gure jendea [Karabakh Garaiko armeniarrak] hiltzen. Lehen gauza segurtasun bermeak lortzea da».

Azerbaijanek hala eskatuta, Karabakh Garaiko agintariek onartu dute, batetik, Armeniako armadako militarrak Errusiako bakerako tropak dauden eremutik erretiratzea —2020an su etena sinatu zenetik daude han—, eta, bestetik, Karabakh Garaiko talde armatuak desegitea, baita dituzten arma eta ekipamendu militar guztiak entregatzea ere. Bakuk, gainera, beste baldintza bat ere jarri zuen joan den asteartean hasi eta 24 ordu iraun zuen erasoaldia eteteko: de facto estatuak bertan behera uztea independentzia eta errepublika aldarrikapena, eta Azerbaijanen parte dela onartzea.

Eta, hain justu, Bakuk gaurko bilkurara bidalitako ordezkariek plan bat aurkeztu dute su etenaren edukia «berehala inplementatzeko», eta Karabakh Garaiak onartzeko Azerbaijanen kontrolpera pasatzea. Horrekin batera, «beharrezko laguntza humanitarioa eta gasolina» bidaltzeko konpromisoa hartu dute, egoera humanitarioa okertu egin baita Azerbaijango ekintzaileek Laçingo korridorea bederatzi hilabete inguruz blokeatu zutelako —handik iristen ziren hornidurak de facto errepublikara—. Horien inguruan ere ez dute xehetasunik eman, baina Azerbaijango Atzerri Ministerioak, ohar baten bidez, esan du bilera «eraikitzailea eta positiboa» izan dela.

Bi aldeek, hortaz, norbere lehentasunak ekarri dituzte hizpidera, eta batez ere Karabakh Garaiko ordezkarienak eman du zeresana, gaur ere Artsakheko Errepublikak salatu baitu Azerbaijango armadak su etena urratu duela; X sare sozialean bideo batzuk jarri dituzte, eta horietan tiroak entzuten dira. Bakuk, ordea, esan du menia errespetatzen ari dela, eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak atzo gauean adierazitakoa errepikatu du: herritarren eskubideak bermatuko dituzte.

Bakerako «bide luzea»

Egunotako gertakarien ondorioz kritika handiak jasotzen ari da Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa. Leporatzen diote gehiago egin zezakeela Karabakh Garaia laguntzeko eta babesteko —hango populazioa armeniarra da, eta Armeniarekin bat egin nahi du—, eta Paxinianek gaur erantzun du «indar batzuek Armenia gerrara eraman» nahi dutela, baina ez dutela «halakorik lortuko». Hori bai, ohartarazi du bakerako «bide luzea» egin beharko dutela.

«Emozionalki oso zaila den arren, atzerriko indarrei ez zaie aukerarik eman behar Armeniako Estatua arriskuan jartzeko. Askok uste dute bakeaz hitz egitea ez dela nahikoa. Baina, hain justu, baldintza hauetan bakea baloratu behar da, eta ez da nahastu behar su eten batekin», adierazi du Armeniako lehen ministroak.

Hitz horiek, ordea, ez dute oposizioa asebete, eta Paxinianen kontrako protesta mugagabeak hasi dituzte. Erevanen, iluntzean, istiluak izan dira, eta, hango hedabideen arabera, hainbat pertsona atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.