«Bosnia eta Herzegovinan gero eta jende gutxiagori axola dio Karadzicen geroak». Zeljko Kopanja analista politikoak errealitatearen beste aldea erakusten du: ehunka kilometro egiteko autobusa hartzen ez duten horiena. Haientzat urrunegi ageri da Haga; autobusean, itzulerako bidaiak askorentzat diruen distantziak are handiago bihurtzen dira besteen kontzientzietan. «Hagan gertatzen denak ez du gurekin zer ikusteko askorik» esateraino,kasik. Argi azaldu du hori Kopanjak: «Jendeak etorkizunera begiratzen du. Herritarrek bizi-baldintza hobeak sortzera bideratzen dituzte indarrak. Eta erantzunek Hagatik etorri behar dute».
Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian eta gisa horretako nazioarteko beste organoetan lan egiten dutenek aspalditik antzeman diete nazioarteko Justiziak dituen hutsune horiei. Monica Martinezek barne-barnetik egiten die kritika halakoei. Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian aholkulari lanetan aritu da, izan ere. «Halako auzitegiak erantzuleei kargu hartzeko aukera bakarra dira, baina ahuleziak agerikoak dira: biktimekiko distantzia handiegia sortzen dute, eta, ondorioz, eragin gutxi izaten dute krimenak gertatu diren herrialdean». Martinezen ustez, nazioarteko auzitegiek ez dute soilik kriminalak epaitu eta zigortzen lagundu behar; horretaz gain, gizartea bitan hautsi duen historiako pasartea argitu eta adiskidetzea lortzea erraztu behar du.
Eta ehunka kilometro alferrik egiteak ez du horretan laguntzen; ez du laguntzen akusatua paperen artean galdu delako epaiketa etengabe atzeratzeak; are gutxiago burokrazia eta trikimailu juridiko horiek erabilita Slobodan Milosevic epaiketatik libratuta zela jakinda. Jugoslaviako buruzagi ohiak urteetan atzeratu zuen bere aurkako epaiketa. Azkenean, kartzelan hil zen; bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota.
Nazioartearen beharra
II. Mundu Gerra ondotik, Jugoslaviako gerrak lotsagorritu zuen enegarrenez Europa. Lau urte eskasean (1991-1995), milaka lagun hil zituzten. Nazioarteak berandu esku hartu zuen, gertatzen ari ziren krimenak epaitzeko auzitegiak gerra amaitu baino lehenago sortu bazuen ere. Horrek disuasiorako behintzat balioko zuelakoan zegoen NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua. Kriminalei Justiziatik libratuko ez zirela erakusteak krimenak amaitzea ekarriko zuelakoan eratu zuten Hagako auzitegia. Ez zen hala izan; nazioarteak ez zuen lortu ez Srebrenicako (1995) ez Sarajevoko (1992-1995) sarraskiak saihesterik, ordurako Haga martxan bazegoen ere.
Dena dela, eta nazioarteko Justizia burokratikoegia, garestiegia, maiz urrunegia eta zenbaitentzat «selektiboegia» den arren-Jugoslavia ohirako auzitegiari serbiarren aurka egotea leporatu diote-, gutxik jartzen dute zalantzan egun horren beharra. Baieztapen horri egin dizkioten ñabardurek, hala ere, askotan desitxuratu dute krimen larrien aurrean giza eskubideak defendatu behar direla dioen araua. Justiziaren dimentsio berri horrek, izan ere, beldurra ematen die askori; baita Mendebaldeko potentzia handienei ere; AEBek, besteak beste, horregatik ez diote onartu Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskumenik, inoiz auzitegi horren aurrean kontuak eman beharko dituen beldur delako, hain zuzen -auzitegi hori da krimenak epaitzeko nazioartean dagoen epaitegi iraunkor bakarra-. Justiziaren izenean subiranotasuna alboratzeak desosegua eragiten die.
Martinezek, baina, nazioarteko auzitegien existentzia bera horixe dela uste du: «Estatuak, bere subiranotasun nazionalaren barruan, bere justizia sistema bete behar du. Baina maiz ez dute horretarako borondaterik izaten, edo ez dute baliabide nahikoa halako krimenak epaitzeko. Horregatik jotzen dute nazioartera».
Nurenberg eta Tokioko auzitegien ondotik, Jugoslavia ohirakoa izan zen krimen larritzat jotzen dituen horiek epaitzeko sortu zuten lehenengoa. Urtebetera, eredu bera erabilita, Ruandarako Nazioarteko Auzitegia eratu zuten. Arushan zabaldu zuten (Tanzania), 1994ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko krimenak epaitzeko. Ruanda epaiketa justuak egiteko gai ez zelako hartu zuen erabakia NBEk; errebantxismoak triskantza handiegiak egingo zituelako, baita herrialdeak hainbeste lagun epaitzeko aski baliabide ez zuelako ere. Baina, Jugoslavia ohirakoan bezala, Ruandako prozesua ere gehiegi luzatu da; eta nazioarteko epaimahaiaren gabeziak agerian utzi ditu. Auzitegi arrotz bat herritarrenganako hurbilago egitea edo Gobernua krimenak argitzen lagundu dezan konbentzitzea ez da erraza izan.
Horregatik, Ruandarako auzitegiaz geroztik, NBEk «nazioartekotutako auzitegiak» eratzea hobetsi du. Hala egin du Sierra Leonan eta Kanputxean. Horietan denetan, krimenak hango auzitegietan ari dira epaitzen, baina nazioartearen laguntza eta parte-hartzea bermatuta daukate.
Ehunka lagun bildu dira Hagan justizia eskatzeko
Srebrenicako Amak erakundeak deituta, kontzentrazioa egin zuten atzo Nazioarteko Auzitegiaren kanpoaldean, Justizia eskatzeko. Admira Fazlicek, Bosniako gerrako biktimetako batek, gogor gaitzetsi zuen epaiketa atzeratzea: «Justizia lotsagarri utzi du Radovan Karadzicek. Denei egin die barre».Buruzagi serbiarraren aurkako akusazio nagusiak
Genozidioa. 1992ko martxoa eta 1995eko azaroa bitartean bosniar musulmanen aurkako garbiketa etnikoa bultzatu eta agintzeaz akusatzen dute Radovan Karadzic.Hilketak. Sarajevon 44 hilabete iraun zuen setioaren eta Srebrenicako sarraskiaren erantzule nagusia izatea leporatzen diote. Bi hiri horietan 18.000 herritar inguru hil zituzten. Milaka lagun bortxatu eta torturatu ere egin zituzten Karadzicen miliziek.
Deportazioak. Fiskaltzak uste du Bosniako musulmanak eta kroaziarrak indarrez kanporatzeko agindu zuela Karadzicek. Horretaz gain, NBEko 200 bat kasko urdin bahitu eta giza ezkutu gisa erabiltzeaz ere akusatzen dute.