Eta erromatarren eta galiarren arteko metaforatik anitz duAEBen eta Kubaren harremanak, baina, begirada gibelera eramanez gero, gatazkak erro sakonagoak dituela ikus daiteke. Iparraldeko azpikontinenteko anglosaxoiek bi mende baino luzaroago hortzak zorroztuta begiratu izan diote hegoaldeko uharte latinizatuari. Burujabetzaren eta kontrolaren arteko lehia horretan, 1959ko iraultzak gatazkaren mutazio bat ekarri zuen. 2014 ondorengoa aroa bertze mutazio bat izanen da, ziurrenik.
KOLONIALISMOAREN AROA
Anglosaxoien gutizia
«Ingalaterra eta Espainia gerran hasiz gero, Estatu Batuek Kuba hartuko lukete, Florida eta Louisiana defendatzeko posizio estrategikoagatik», Thomas Jefferson AEBetako hirugarren presidenteak idatzi zituen solas horiek, 1805ean, Erresuma Batuak Washingtonen zuen enbaxadoreari idatzitako mezu batean. AEBetako presidente batek Kuba hartzeko nahia agertu zuen lehenbiziko agiria da.Erresuma Batuaren zabalkunde kolonialak sortu zuen AEBek Kubarekin duten interesaren hazia. Erresuma Batuak 1762an inbaditu zuen Habana. Berehala, merkataritza harreman zuzena ezarri zuen Ipar Amerikako hamahiru koloniekin, eta, nahiz eta urtebeteko epean Kuba Espainiari itzuli, gertakari hark aldatu egin zuen kolono anglosaxoiek Kubarekiko zuten pertzepzioa: kokagune estrategikoa, azukre baliabide aberatsak eta esklabotza sistema garatzeko baldintza egokiak.
Lurraldea hedatzeko ideiarekin sortu zen AEBetako errepublika. Zabalkunde horretan, 1821ean,AEBek Kubari lotutako kolonia bat kendu zioten Espainiari: Floridako penintsula. James Monroe presidentearen agintaldia zen, Monroe doktrina famatua atzerri politikatzat ezarri zuten aldia: «Amerika amerikarrentzat». Espainiaren inperio koloniala desegin zen garai hartan, Kuba eta Puerto Rico izan ezik.
Panamako kongresuan (1826), Simon Bolivar Hego Amerikako buruzagi independentistak proposatu zuen indar militar bat osatzea Kuba eta Puerto Rico askatzeko, baina AEBek erakutsi zuten Monroe doktrina ez zela zertan ulertu independentzia babesteko doktrina gisa, ez baitzuten onartu Bolivarren eskaria. Bertze interes batzuk zituzten Kuban, Fruitu helduaren teoria moduan ezagutzen dena: «Zuhaitz batetik banatutako fruitu batek haizearen indarrarengatik eragotzi ezin duen bezala lurrera erortzea, Kubak, behin Espainiatik banatu eta harekiko lotura artifizialik gabe, ezinen dio bere buruari eutsi, eta nahi eta nahi ez mugituko da Ipar Amerikako Batasunera», idatzi zuen John Quincy Adams Estatu idazkariak, 1823an. Hori izan zen AEBek Kubarekin izaniko politika XIX. mendean: AEBekin ez bazen, jarrai zezala Espainian, emantzipatu edo herrialde boteretsuago baten menpe erori beharrean. 1848 eta 1897 artean,AEBek gutxienez bortz aldiz eskaini zioten Espainiari Kuba erostea. Kubako banderaren sortzaileak, Narciso Lopez buruzagi militar venezuelarrak, zenbait espedizio zuzendu zituen AEBen babesarekin 1849tik 1851ra, New Orleansetik Kuba hartzeko, baina preso hartu eta Habanan exekutatu zuten.
INDEPENDENTZIA
AEBen neokolonia
Kubako independentzia gerran (1898-1901) gauzatu zituen Washingtonek bere gurari espantsionistak. Maine ontziaren leherketa izan zen AEBek Espainiari erasotzeko erabilitako justifikazioa. 1898ko otsailaren 15ean lehertu zen, Habanako badian, eta 260 marinel hil ziren. AEBetako hedabide handiek kanpaina gogor bat egin zuten errua Espainiari egotzi eta gerra deklaratzeko, eta AEBak apirilean sartu ziren Kubako independentzia gerran.Espainiako armada birrindu ondotik, independentzia prozesua bete-betean zuzendu nahi izan zuten, eta horren adierazgarri izan zen Kubako Konstituzioan ezarritako Platt Emendakina —Orville H. Platt senatariak proposatutakoa—. Washingtonen neokolonialismoaren lehenbiziko adibide garbitzat hartzen da hori. Bertzeak bertze, orduan ezarri ziren uhartean AEBetako multinazionalak, lur-jabe handiak eta base militarrak —Guantanamokoa, 1903an—, eta atzerri politikarako ahalmena ere mugatu zitzaion Habanari. Emendakinaren hirugarren artikuluan dago, ordea, funtsa, Washingtonen esku hartze politikoa eta militarra baimentzen baitzuen, Kuban «gobernu egoki bat mantentzeko, bizitzak, jabetza eta askatasun indibidualak babesteko».
AUTORITARISMOAREN AROA
Iraultzarako baldintzak
Gerardo Machado presidentearen agintaldia kolpe militar batek bukatu zuen, 1933an. Indarkeria politikoa erabat orokortuta, ezegonkortasun aldi batean sartu zen Kuba. Pertsona erabakigarri batek hartu zuen orduan armadaren zuzendaritza: Fulgencio Batistak. 1933ko irailean, Ramon Grau presidente zela, ezkertiarrak eta eskuindarrak zituen batasun gobernu bat osatu zen.AEBek ez zuten gobernua onartu, beren intereserako ezkertiarregitzat baitzuten. «Ados nago Welles enbaxadore ohiarekin. Gobernua ez da eraginkorra; traketsa da, eta ez du goiko klaseen onarpena. Soilik armadaren eta masa ezjakinen babesa dauka, promesa utopikoekin nahasi baitituzte», idatzi zion Jefferson Caffery AEBetako enbaxadoreak 1934ko urtarrilaren 10ean Etxe Zuriari. Lau egun geroago, Batistak kolpe militar bat eman zuen, eta AEBen gustuko gobernu bat ezarri zuten.Platt Emendakina 1934ean kendu zuten konstituziotik, baina AEBekin hitzartuta izan zen, ordurako Kubako ekonomiaren eta gizarteko sektore boteretsuenen kontrola bermatua baitzuen. Gobernuren batek ezkerrera eginez gero, tentsioa sortzen zen Washingtonekin. 1952an, Batistak bertze kolpe bat eman, eta diktadura bat ezarri zuen. AEBen interesak zaindu zituen, eta Habanako belle epoque-aren gorengo aldia izan zen: kasinoak, kabaretak, Hollywoodeko izarren bisitak eta traje gris dotorez jantzitako Las Vegasko eta New Yorkeko mafiosoak. Glamour horri eusten, ordea, estatu terrorismo jasanezina, ustelkeria eta landa munduaren pobrezia zeuden. Horrek ireki zien bidea iraultzaileei Habanaraino, AEBen begien aitzinean.
IRAULTZA ETA GERRA HOTZA
Gaur egungo Kubaren sorrera
Washingtonek mesfidantzaz hartu zuen errebolta. Fidel Castrok bisita arrakastatsu bat egin zuen AEBetara, baina Etxe Zuriak ez zion kasurik egin. 1960an, gobernu iraultzailea AEBen jabetzak nazionalizatzen hasi ondoren, Dwight Eisenhower presidente errepublikanoak lehenbiziko zigor neurriak ezarri zizkion Kubari, baina John Kennedy demokratak instituzionalizatu zuen blokeoa, 1962ko otsailean. Tarte horretan, harremanak are gehiago gaiztotu zituen gertakari bat izan zen: Giron hondartzako inbasio saialdia, 1961ean. Nagusiki iraultzatik ihesi joandako kubatarrek osatutako armada bat uhartea inbaditzen saiatu zen CIAk prestatutako operazio batean, baina huts egin zuen. 1962ko urrian, berriz, jada blokeoa indarrean zegoenean, harremana behin betiko hondatuko zuen Misilen krisiak. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna misil nuklearrak ezartzen saiatu zen Kuban, eta, hamabortz egunez, AEBekin gerra nuklearra pizteko arriskua sortu zen. Washingtonek Moskuri hitzeman zion ez zuela Kuba inbadituko, baina blokeoari eutsi zion.Horrek AEBen merkatua —naturalena eta hurbilenekoa— itxi zion Kubari, baina lehenbiziko hamarkadan eragin mugatua izan zuen, SESBen eta bloke sozialistaren babesa baitzuen Habanak. Kubaren nekazaritza baliabide nagusiaren, hots, azukrearen %85 herrialde horietara bideratzen zen, eta petrolioa salneurri berezietan lor zezakeen, krediturako interes tasa baxuekin eta ordaintzeko epe malguekin batera.
GERRA HOTZAREN ONDOREN
AEBen amore ematea
1989tik 1991ra, bloke sozialista eta SESB bera hondoratu zirenean, egoera erabat aldatu zen Kuban. Barne produktu gordina %35 murriztu zela kalkulatzen da. Jose Luis Rodriguez Garcia Ekonomia ministro ohiaren arabera, inportazioak ia erabat gelditu ziren, elikagaien %63, ia erregai dena eta ekoizpen manufakturatuen %80 bloke sozialistatik eskuratzen baitzuen Kubak. Testuinguru horretan, blokeoa gogortzea erabaki zuten AEBek, Europako sistema sozialistak desegin ziren gisan Kubakoa ere hondoratzeko. Torricelli legea (1992) eta Helms-Burton legea (1996) dira horren adibideak. Bertze herrialdeetako enpresei isunak ezartzeko bidea ireki zuen Washingtonek.Hala ere, AEBek ez zuten helburua lortu, eta krisiari eutsi zion Kubako sistema sozialistak. XXI. mendean sartzerakoan, gainera, bazkide berria agertu zitzaion Latinoamerikan: mugimendu bolivartarra. Gainera, Latinoamerikako herrialde gehienek babes politikoa eman diote Kubari, eta SESBen desegin ondotik pairatutako bakartzea gainditu du. Barack Obamak berak aitortu zuen AEBen politika erasokorrakAEBak beraiek «aldendu» dituela Latinoamerikatik.