Kataluniak estatua behar duela adierazi dio Artur Masek Madrili

Generalitateko buruak azaldu du zerga itunaren araberakoa dela «trantsizioaren erritmoa»

Erredakzioa
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Artur Mas Generalitateko presidenteak Madrilen egin duen agerraldian azaldu ditu Kataluniako ehunka mila herritar kalera ateratzea eragin duten «bidegabekeria guztiak». Diadako independentziaren aldeko martxaren garrantzia «murrizten» ez saiatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta azaldu du herritarren aldarriarekin bat egiten duela. Haren hitzetan, herritarrak «ezin badira egon bere sentitzen duten Espainia batean, Kataluniak estatua behar du». Mas datorren ostegunean bilduko da Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin zerga itunaz hitz egiteko, eta adierazi du «horren baitan» dagoela Kataluniako «trantsizioaren erritmoa».

Egoera ekonomikoaz esan du 15.000 milioi eurotik gorako urteko defizita dutela eta, gainera, «laguntza eskatu beharrean» daudela. Horrez gain, azaldu du Kataluniak «beti lagundu» duela Espainiaren alde eta trukean «eskumenen inbasioa» baino ez duela jaso, eta horrek ez du zentzurik, Masen arabera. Hargatik, herritarrek auzia «modu baketsuan, demokratikoan eta Europako legediaren arabera» konpontzeko erabakia hartu dutela azpimarratu du Masek. Eta ohartarazi du zerga ituna aurrera irteten ez bada «bozak aurreratzera behartua» ikusiko duela bere burua.

PP Ibarretxe planaz oroitu da

Masek Kataluniaren estatu beharra nabarmendu izanak PP haserrearazi du. Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak berehala erantzun dio Masi, eta azaldu du Espainiako konstituzioak autonomiei ez diela aitortzen Espainiatik bereizteko aukerarik. Alfonso Alonso PPren Espainiako kongresuko bozeramaileak, berriz, «Ibarretxeri gertatuaz» oroitzeko eskatu dio Masi. Juan Jose Ibarretxe EAE Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakari ohiak EAEren estatus politikorako proposamena aurkeztu zuen 2003an, eta Gasteizko legebiltzarrean onartu eta gero, Madrilera eraman zuen, 2005ean. Kongresuak atzera bota zuen Ibarretxe plana, aldeko 29 boto eta aurkako 313 jasota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.