Kataluniak «prest» ditu estatu propioa gauzatzeko egiturak

Ogasunaren agentzia aurkeztu du Generalitateak. Erreferendumerako dekretua gobernu osoak sinatuko du. Hautetsontziak paratzea eragotzi nahi du Madrilek

mikel rodriguez
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ogasunerako agentzia aurkeztuta hasi du Kataluniako Gobernuak erreferendumerako aste erabakigarria. «Honekin prest ditugu kataluniarrek urriaren 1ean adieraziko duten borondatea gauzatzeko beharrezkoak diren egiturak», adierazi zuen Carles Puigdemont presidenteak atzo Bartzelonan egindako prentsaurrekoan. Alderdi independentistak bihar onartzekoak dira Erreferendum Legea parlamentuan, eta, hortik aitzinera, ziurtasunik gabeko jokaleku bat irekiko da. Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak jakinarazi du gobernuko kide guztiek sinatuko dutela erreferendumera deitzeko dekretua, eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak erran du Generalitateko kideak kargugabetzeko aukera «legeetan jasota» dagoela. Gainera, ohartarazi du Espainiako Gobernuak hautetsontziak paratzea eragotziko duela, «[Kataluniako agintariek] hautetsontzi horiek balituzte».

Bihar du osoko bilkura Kataluniako Parlamentuak, eta, alderdi independentistek ofizialki berretsi ez badute ere, Erreferendum Legea onartuko dutela espero da. Turullek atzo adierazi zuen legea onartu eta berehala sinatuko duela Generalitateak erreferendumera deitzeko dekretua. Trantsiziorako legea ere onartzeko dauka parlamentuak —urriaren 1eko erreferendumean independentziaren aukerak irabaziko balu, Kataluniako Konstituzioa onartu arte errepublikaren oinarriak paratzeko helburua duen legea—. «[Espainiako] Estatuak bi komodinekin jokatzen du: Auzitegi Konstituzionalarekin eta Fiskaltzarekin», erran zuen Turullek Espainiako irrati publikoan. Generalitateko bozeramailearen ustez, bi erakunde horiekin saiatuko da erreferenduma eragozten.

Estrategia «ongi gordeta»

«Ez diot kontatuko Puigdemonti zer eginen dugun hautetsontziak kentzeko», erran zuen Saenz de Santamariak Espainiako Ser irratian. «Hobe da estrategia ongi gordetzea». Mariano Rajoy presidentea ere mintzatu zen atzo, baina hark ere ez zuen argitu zein neurri zehatz hartuko dituzten erreferenduma eragozteko. «Proportzionaltasunarekin» jokatuko dutela erran zuen, eta, bertze behin, «estatu kolpe» erran zion erreferenduma egiteko asmoari. Puigdemontek erantzun zion estatu kolpea litzatekeela «hautetsontziak debekatzea».

Espainian, berriz, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak erreferendumerako 27 egunen faltan proposatu du Kongresuan batzorde bat sortzea «estatu autonomikoa modernizatzeko». PDECat prest agertu da parte hartzeko; ez, ordea, ERC.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.