Alderdiaren historiako emaitza onenetan laugarrena lortu du Masek, 1,2 milioi botorekin -parte-hartzea %60koa izan zen-. Eta dagoeneko aurkeztu ditu bere agintaldiko proiektu nagusiak izango direnak: kontseilaritzak murriztea eta oinordetza zerga desagerraraztea. Hori guztia, noski, kontzertu ekonomikoa, kanpainako aldarri nagusia, ahaztu gabe. Proiektu horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko, ordea, oposizioko taldeen laguntza beharko du, eta CiUk berak azken egunetan iragarri gisan, neurri ekonomiko kontserbadoreenak PPrekin hitzartzen saiatuko da; herrialde osoari dagozkionak, berriz, sozialistekin; eta autogobernua eta nortasunarekin lotutakoak, ezker independentistarekin. Dena den, beste ezer baino lehen, presidentetza eskuratu ahal izateko sostenguak bilatu behar ditu CiUko buruak -lehenengo bozketan gehiengo osoa behar du, baina bigarrenean aski luke gehiengo sinplearekin-, eta helburu horrekin negoziazioak hasiko ditu gaur beste zerrendaburuekin. Lehena, nola ez, Jose Montilla Generalitateko jarduneko presidentea eta Kataluniako Sozialisten Alderdiko burua izango da. Horiek eta hiruko gobernuko beste kideek, ordea, dagoeneko iragarri dute ez dutela Mas babestuko presidentetzarako.
Jipoi gogorra
Sozialistek bazekiten duela bi aste ere ez zutela irabazteko modurik. Ez zuten espero, ordea, halako jipoirik; 1980tik emaitzarik okerrenak izan dira; bederatzi diputatu galdu dituzte. Montilla bera izan zen porrota aitortzen lehena: «Hausnartu egin behar dugu eta aldaketa prozesu bat zabaldu, oroiminetatik urrun. Hauteskundeak galdu ditugu, baina ez gaituzte gure usteetan garaitu». Taldekideez inguratuta egin zuen Generalitateko jarduneko presidenteak agerraldia.
Hauteskunde eguneko zapore garratzak bere horretan jarraitzen zuen atzo. PSCko buruzagitzaren bost orduko bileraren ostean, askok espero zuten erabakia iragarri zuen Montillak, alegia, Parlamentuko eserlekuari uko egiten ziola eta ez zela aurkeztuko alderdiko idazkaria aukeratzeko bozetara -aurretik iragarria zuen zerrendaburu gisa aurkezten zen azken bozak izango zirela-. Haren ordez Joaquim Nadalek hartuko du talde sozialistaren buruzagitza Legebiltzarrean, eta Miquel Iceta izango da eledun. «Parlamentuan egongo banintz, ez nintzateke koherentea eta kontsekuentea izango. Arrazoiok ulertuko dituzuela espero dut». Bide beretik, eta halakorik berriz gertatzea saihesteko, 2012an egitekoa zuten kongresua udazkenera aurreratu dute sozialistek. PSCren Bartzelonarako zerrendetan bigarrena, Montserrat Tura, da Montilla ordezkatzeko ozenen entzuten den izenetako bat.
Sozialistak ez dira izan, hala ere, hautesleen haserrearen biktima bakarrak. ERC Esquerra Republicana de Catalunyaren hirugarren indarra izateko esperantzak hutsean geratu dira. Joan Puigcercosenak bosgarren tokian geratu dira, PP eta ICVren atzetik, hamar eserlekurekin. Herenegun arte Parlamentuan zegoen alderdi independentista bakarraren egoitzan ez zegoen festarako indarrik igandean. Alderdiko buruzagitza uzteko aukera baztertu bazuen ere, Puigcercosek, Montillak bezala, etapa berri baten hasiera nabarmendu zuen. «Gauza batzuk aldatu beharko dira, argi dago ez dugula dena ondo egin. Estrategia birmoldatu beharko dugu». Esquerrako buruzagiak aitortu zuen, gainera, ERCko hautesle askok CiUren aldeko botoa eman zutela.
Ezkerreko taldeen artetik cavarekin topa egin duen bakarra Joan Laportaren Solidaritat Catalana per la Independencia izan da. «Gauden egoeran lau eserleku lortzea inoizko arrakastarik handiena izan da», nabarmendu du Laportak.
Soslaia
Artur MasHautagai etengabea
Kostata, baina azkenean lortu du Artur Masek (Bartzelona, 1956), Jordi Pujolek ordezkoa izateko aukeratu zuenean espero ez bezala, beranduegi baino lehen. Generalitateak Pujol izan zuen buru 23 urtean, karguan betikotu zen maisuaren zigilua, baina 2003an Masek gidaritza hartu zuenean aldatu zuen buruz Kataluniako Gobernuak: CiUk urte batzuk oposizioan egiteko garaia.2003an sozialistek, ERCk eta ICVk sortutako hiruko historikoak aurre hartu zion, nahiz eta botoetan garaipena Masena izan zen. Bigarren legealdian gauza bera gertatu ondoren, inor gogoratuko ez zen politikaria izango zela ondorioztatu zuten askok, baina oker zeuden.
Langilea eta tematia dela ezin uka, arrazional, hotz, zorrotz eta aurreztaile, harrokeriaz apalduz joan den CiUren zazpi urteko oposizioaren gidari, alderdiak batera eta bestera egiteko joerarako etengabe prestatzen, Pujoli horrenbeste denboran gobernatzeko Madrilen eta etxean balio izan zion anbibalentziaz ikasten. Kanpainan independentziaz hitz egitea saihestu du, baina galdeketa hipotetikoan baiezkoaren aldean legokeela aitortu izan du.
Orain «zintzotasunez» jokatuko duela aurreratu du, «denei laguntza eskatuz» esperientzia baliatuko duela Katalunia altxatzeko. Hamazazpi urte ez ditu alferrik igaro-eta oposizioan -Bartzelonako Udalean eta Legebiltzarrean-.
Masek beti esaten du mahaiaren bi aldeetan egon dela, sektore pribatuan eta publikoan, baina lehen atalak ez du lekurik bere biografia ofizialean;ez da Tipel taldeko jarduna agertzen. Masi ezagun zaio Luis Prenafeta Pujolen aholkulariak gidatzen zuen enpresatik zorigaiztoko igaroa, baina enpresaren finantzetako zuzendari izan zen Mas, eta konpainiaren hedapena zuzendu zuen kargu horretatik. Prenafeta Pretoria kasuan inputaturik dago, aske, milioi bat euroko fidantza ordainduta.
Enpresaren hedapena 1988tik 1992ra egin zuten, baina 1994an ordainketak eten zituen, ia 8.500 milioiko zorrarekin. 700 langile zituen une hartan, eta 11.000 milioiko fakturazioa. Garai hartan hasitakoa da Bartzelonako Udalean lanean. Generalitatean zeuzkan lanak uztera zihoan Tipelen buru-belarri aritzeko, baina Josep Maria Cullellek Bartzelonan leku bat eskaini zion Masi 1987an, udal hauteskundeetan parte hartzeko: «Ezetz esan izan banu ez nuen politikan jarraituko». Zortzi urte egin zituen Bartzelonako Udalean, eta urte batzuetan enpresa lanarekin tartekatu zuen.
Inkestek CiUk alkatetza eskura zezakeela esan zutenean, Miquel Rocarekin joan zen, bigarren. Bozen ondoren, Joan Clos sozialistak irabazita, zinegotzi karguan dimisioa eman zuen Obra Publikoen kontseilari izateko, eta 1997tik Ekonomia sailean aritzeko. Beste erronka bat bidean zuen. 1999an Masek alkatetzarako hautagai izan nahi zuen; Joaquim Molinsek ere bai, baina Pujolek bilera egiteko deitu zion Masi, bilerarik erabakigarrienetakoa bere bizitzan. Udal ibilbideaz ahazteko esan zion: beste plan batzuk zeuzkan.
Handik Parlamentera, eta zuzenean Lan Publikoen Kontseilaritzara; bi urtean, Ekonomiakora. Garai hura zen Jose Maria Aznarren gobernuan CiUren pisua izugarria zenekoa, eta Pujolek bere ondoko egin zuen. Josep Antoni Duran i Lleidaren aurretik babestu zuen CiUren buruzagitzan.
Hirukoak ez zion eragotzi Estatutuaren behin betiko testua definitzeko Madrilekin akordioa berak egitea, eta ondoren Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabakitako murrizketarekin erreforma amaitutzat jo zuen. Orain kontzertu ekonomikoa nahi du Kataluniarentzat.
Enpresa eta Ekonomia ikasketetan lizentziatua da, eta ikasle garaian ez zuela politikarako interes berezirik esaten dute ikaskideek. Bartzelonako familia burges batean jaiotakoa Helena Rakosnikekin dago ezkondua eta hiru seme-alaba dauzka. Ematen duen itxuraren kontra eta haren alde, adeitsua dela esaten dute, hitz-leunekoa eta lotsatia. AMAGOIA MUJIKA