Gaur zortzi osatuko dute Katalunia iparraldetik hegoaldera gurutzatuko duen giza katea, Via Catalana per la independencia deiturikoa. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak antolatuta, 400 kilometroko katea osatuko dute eta 86 herri gurutzatuko ditu kate horrek. Nazioarteko komunitateak Kataluniaren independentziaren azaltzen duen jarrera erabakigarria izan daitekeela jakitun, Kataluniako kateak erreplika ugari izan ditu eta izango ditu datozen egunotan nazioarteko hainbat lekutan.
Ehundik gora hiritan osatu dituzte edo osatuko dituzte giza kateak. Egin dituzten esanguratsuenen artean daude Txinako Harresi Handian, Ney Yorken edo Parisen eginikoak. Arrabotsa sortu du, halaber, Zurichen (Suitza) eginikoak; izan ere, Amadeu Altafajek, Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia presidenteordearen kabinete buruak, parte hartu du bertakoan. Bideoa: Txinako Harresi Handiko giza katea.
[Youtube]http://youtu.be/IpgZCLfxOfE[/Youtube]
Datozen egunetan ere halako gehiago egingo dituzte; gaur, esaterako, Washingtonen (AEB) egingo dute 18:30ean Etxe Zuriaren aurrean. Bihar, berriz, Dubrovniken (Kroazia) eta Venezian.
Hego Euskal Herrian ere egingo dituzte giza kateak
ANCren asmoari babesa adierazteko, lau giza kate antolatu ditu Independentistak sareak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Catalunya-Euskal Herria, bi herri helburu bakarra: independentzia lelopean. Datorren larunbatean izango dira, irailaren 7an, arratsaldeko zazpietan. Iruñean, Sarasate plazatik aterako da katea; Donostian, Katalunia plazatik; Bilbon, Arriagatik; eta Gasteizen, Foruen plazatik. Diada egunean bertan, Bilbon deitu dute katea osatzera Albia lorategietan, 20:00etan.
Hilaren 11n Independentistak sareko ordezkaritza bat ere izango da Bartzelonan, eta bertara joateko autobusak antolatzen ari dira. Izena emateko, [email protected] helbidera idatzi daiteke, edo 943-561853 telefono zenbakira deitu.