Katalunia - Espainia

Kataluniako kontuak ikuskatzeari utziko dio Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Zelaak eman du erabakiaren berri, Pedro Sanchezek gidatu duen lehen ministro kontseiluaren ostean.

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro eta bozeramailea, gaur, ministro kontseiluaren osteko agerraldian. /. BALLESTEROS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko ekainaren 8a
10:10
Entzun

Mariano Rajoy presidente ohiaren gobernuak ohartarazi zuen ez zuela Kataluniako Generalitateko kontuen ikuskaritza etengo, 155. artikulua indargabetu arren, egoera politikoa "normalizatu arte". Aldiz, Kataluniako Gobernuaren kontuak ikuskatzeari uztea erabaki du Pedro Sanchezen gobernu berriak, "normalizazio politikorako keinu gisa". Hala azaldu du Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak, PSOEren gobernuko lehen ministro kontseiluaren ostean. "Ongi funtzionatuko du", adierazi du.

Neurri horrek ez du eragotziko Generalitateak prozesu subiranista sustatzera dirurik bidaltzen duen zaintzea, Zelaaren esanetan. Madrilek bankuei agindu die Kataluniako Gobernuari egin behar dituen ordainketak egiten uztea, Espainiako Ogasun Ministerioak ikuskatu gabe ere.

Zelaak ziurtatu du Generalitateak legediaren eta dagozkion eskumenen arabera egingo dituela ordainketak.

Espainiako Ogasun Ministerioak irailean agindu zion Kataluniako Gobernuari kontu guztien berri zuzenean emateko, "legearen edo auzitegien erabakien aurkako ekintzarik" finantzatzen ez zuela egiaztatzeko. PPren gobernuak 155. artikulua ezarri zuen urriaren 27an, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen egunean, eta harekin kontuen esku hartzea berretsi zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.