Autodeterminazioari buruzko erreferendum ebazpen batek legebiltzarkideen botoen ia bi herenekin aurrera egiteak independentziaren aldeko mugimendua hauspotzen du, eta gehiago kontrako frontean, ezezko itxian, diputatuen %15 soilik izanda. Bi fronteen erdian, PSCkoek abstentzioarekin eman diote irtenbidea aspaldian izan duten trantzerik estuenari. Denek erantzun bera emateko taldeko zuzendaritzak hartutako erabakiak banaketa areagotu du bi joeren artean, Ernest Maragallek alderdiko zuzendaritzak jarritako diziplinari uko egiteraino —itun fiskalarekin ere gauza bera egin zuen—. Onartu dutenen artean, gainera, konforme egon ez eta alderdiak esandakoa marmarrean onartu duten ezohiko batzuk egon dira: Maragall bera, Marina Geli eta Montserrat Tura kritikoekin batera, Tarragona, Lleida eta Gironako diputatuek baiezkoaren alde egin nahi zuten. PSCk hasieran pentsatu bezala boto askatasuna eman izan balu, hamar boto gehiago izango zituen baiezkoak, bileran izandako diputatuetako batek izenik eman gabe jakinarazi duenez.
Abstentzioarekin momentuko arazoari irtenbidea ematea gauza bat da, eta bestea, espainolisten eta katalanisten arteko bizikidetza bermatzea, Katalunian independentziaren aldeko mugimendua pil-pilean dagoenean. Maragallek erabakia hartua du dagoeneko. Ez da egongo PSCren zerrendan, «beste joera batera bideratua» dagoelako. Orain, «proiektu alternatiboa eskaintzen» saiatuko da, bai herritarrei eta bai PSCri berari ere.
Plaça 21 plataforman egingo du lan; momentuz, alderdiaren barruan, baina kanpoan aritzeko gogoa ere ez zaio falta, aitortu izan duenez. Plataformaren helburuetako bat da «Kataluniak eskaintza politiko oso eta erabat subiranista izango duen mapa politikoan ekarpenak egitea».Pasqual Maragallen inguruan sortutako mugimendua da, haren hautagaitza bultzatzeko, Jordi Pujolen azken etapan, eta PSCkoez gain, ERCren hainbat militante ere badaude.
Zerrendan egongo ez direnen artean daude, era berean, Joaquim Nadal PSCren talde parlamentarioko presidente ohia eta Higini Clotas diputatu beteranoena —erreferendumaren inguruko ebazpena ez zuen bozkatu—.Pere Navarrok atzo aurkeztu zuen hautagaitza, Terrassan. Montserrat Turak iragarri du gauza bera egingo duela, eta Angel Ros Lleidako alkateak —eta PSC gidatzeko hautagai zenak—iragarri zuen ez dela aurkeztuko, primario irekiak ez dituztelako egingo.
Zerrendaburua, bihar
Batzorde eragileak atzoko bileran ez zuen hautagairik aurkeztu, eta ezohiko prozedura erabiliz Kontseilu Nazionaletik ateratzea deliberatu zuten. Beraz, bihar biltzarrean aukeratuko dute azaroaren 25eko hauteskundeetarako zerrendaburua nor izango den.
Herritarrei irekita egongo liratekeen primarioak egiteko denborarik eza argudiatu dute, eta bide hau iruditu zaie demokratikoena. Bi baldintza ezarri dituzte: alderdiaren batzorde eragileak aurkeztea edo kontseiluko kideen botoen %10 eskuratzea—orain arte %15 behar ziren—. PSCko edozein afiliatu 43 sinadura aurkeztuta hautagai izan daiteke, eta 30 minutu izango ditu hautagaitza defendatzeko. Bileraren amaieran, bozketa sekretuaren bidez erabakiko dute. Zerrendaburuak, izan alde batekoa edo bestekoa, Espainia federalaren barruko Katalunia batua defendatuko duela esan du Daniel Fernandezek, hauteskundeetako kanpainaren arduradun izango denak.
Espainiako Konstituzioaren erreforma bat defendatuko dute, Kataluniari «hautsi gabe aurrera egitea» utziko diona. «Independentziaren eta jarrera itxi batekin autonomiak desagertzea aldezten dutenen artekoa» da proposamena.
Baina denek bat egitea zaila, herenegun parlamentuan ebazpenaren aurretik egin zuten bileran ikusi zenez. Gehiengo zabal batek onartutakoari ezin ziotela ezezkoa esan argudiatu zuten katalanistek, eta Bartzelonatik kanpo duten presio politiko eta soziala, PSCk gobernatu edo ordezkaritza duen herri gero eta gehiago independentziaren aldeko jarrera hartzen ari baitira. «Banaketa publikoa horrelako gai batean ikuskizun izugarria izango zen», argitu du buruzagi batek. Horregatik onartu zuten zuzendaritzak erabakitakoa, baina «ez gogoz».
Madrildik datorkien presioa ere ez da samurra. PSOEko zuzendaritza federalaren arabera, PSCk argi utzi du «beti» legearen barruan, Espainiaren eta Konstituzioaren barruan ariko dela, eta PSOEk ez duela inoiz autodeterminazioari buruzko erreferendumik babestuko —PSCren ebazpenak besterik zioen arren—.
Kataluniako sozialisten arrakala
Biltzar Nazionalean aukeratuko du PSCk bozetarako zerrendaburua, erreferendum ebazpenak sortutako banaketaren erdianErnest Maragall ez da egongo zerrendan, «beste joera batera bideratua» dagoelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu