Kataluniako auzian Mariano Rajoyk baino okerrago jokatzea, eskuinerago joatea, leporatzen diote independentistek Pedro Sanchezi. Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eskuineko bozkatzaileen botoak ere arrantzatu nahi izan ditu apirilaz geroztik, hauteskundeen zikloa hasi zenetik, eta subiranismoaren aurkako mezua zabaldu du horretarako, iazko ekainaren 1ean presidente izendatu zutenean aipatutako asmoa —«zubiak» eraikitzekoa— alboratuz. Biharko hauteskundeetarako kanpainan erdigunean jarri du Kataluniako gatazka, eta ez, preseski, irtenbide politikoak planteatzeko. Joan den astelehenean beste presidentegaiekin izandako debatean proposatu zuen, adibidez, zigor kodea aldatzea, galdeketak debekatzeko. Kanpainako azkeneko ekitaldia Bartzelonan egin zuen atzo —Ciudadanosek ere Bartzelona aukeratu zuen—, eta buruzagi subiranisten kontrako epaia kaleratu zutenetik beste hainbatetan egin bezala, independentistak «biolentziarekin» lotu zituen.
Agertokira igo eta berehala, nabarmendu nahi izan zuen aurreneko aldia izan dela Espainiako Gobernuko presidente batek hauteskunde kanpaina Bartzelona itxi duena. Sanchezentzat, Espainia eta Katalunia « asko» daude «zorionez», eta, haren ustez, PSCk ordezkatzen du «konfrontaziorik eta biolentziarik» nahi ez duen Katalunia. «Konfrontazioaren eta biolentziaren aurretik jarri behar da elkarbizitza». PSOEko presidentegaiaren iritziz, Katalunian ez dago arazo politikorik, «elkarbizitza krisi bat» baizik. Eta ausartu zen esatera «urte batzuk barru» Katalunian PSCk egindako ekarpena «aitortu» beharko dela.
Espainiaz mintzatu zenean, adierazi zuen «erradikaltasuna» arazo handi bat dela, eta, esaterako, Vox izan zuen hizpide. Baina Kataluniako subiranistak ere «erradikalak» direla azpimarratu zuen. Azken hilabeteotako joerari eutsiz, horrenbestez, independentistei ez zien kontzesiorik txikiena ere egin.
Mezua instituzioei
Bozen bezperan, hausnarketa eguna da gaur. Tsunami Demokratikoak urriko azken egunean iragarri zuenez, gaur protesta ekintzak egingo dituzte Kataluniako 300 bat herri eta hiritan, eta Espainiako Hauteskunde Batzordeari «desobeditzea» izango dute helburu mobilizazioek. Halere, «orain arteko anbiziorik handieneko» ekintzak hauteskundeen ondoren gauzatuko ditu, dinamikak atzo jakinarazi zuenez, ohar baten bidez. Datorren astelehenetik asteazkenera gauzatuko ditu, eta manifestariei ohartarazi die presta daitezela «hiru eguneko irailaren 11 baterako» —independentistek egun horretan egiten dute Diadako manifestazioa masiboa—.
Dinamikak, gainera, mezu zuzena helarazi die instituzioei: «Autodeterminazio eskubidearen ariketari, eta kartzelatuen, erbesteratuen eta errepresaliatuen askatasunari irtenbide politiko bat ematen ez zaion bitartean, jendeak kalean jarraituko du». Eta hurrengo asteko mobilizazioei begira, Tsunami Demokratikoak argibide batzuk eman dizkie herritarrei. Aholkatu die lanean jaiegun bat har dezatela «gutxienez», eta adierazi die egon daitezela prest gaua «kanpoan» igarotzeko, eta «lurralde osoan» mugitzeko. Horregatik, dinamikak gomendatzen du jatekoa, edatekoa, lotarakoa zakua, kanpin denda, eta hotzetik babesteko arropa aldean eramatea. Herritarrei eskatzen die, gainera, eduki dezatela jarrera «ez-biolento iraunkorra».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Katalunia-Espainia
Kataluniako subiranistak «biolentziarekin» lotu ditu Pedro Sanchezek
Espainiako jarduneko presidenteak Bartzelonan bukatu du kanpaina. Tsunami Demokratikoak iragarri duenez, astelehenetik asteazkenera egingo ditu «orain arteko anbiziorik handieneko ekintzak»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu