Europako hauteskundeak. Salvador Cardus. Soziologoa

«Katalunian gutxiago hitz egiten da Espainiaz, eta gehiago etorkizunaz»

Katalanismoak azken urteotan izandako gorakada gertutik behatu du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak; independentismoaren elur bola efektuak harrituta daukala dio.

Samara Velte.
Donostia
2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Ilusioz» ikusten du Salvador Cardus soziologoak (Terrassa, 1954) Kataluniako independentismoak duen gorakada. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea ere bada, eta Generalitateko Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko kidea. Analista gisa, distantzia falta zaiola dio: «Prozesua amaitu eta independentzia lortzen dugunean, bizitza osoa igaroko dut zer gertatu den ulertu nahian».

Nork esango zuen, duela hamar urte, Katalunia independentziari buruzko galdeketa bat egitekotan izango zela, halako babesarekin gizartean eta parlamentuan.

Hamar, edo gutxiago. Egia da mobilizazioa esnatzeko garaia duela zortzi urte gertatu zela, estatutua erreformatzeko saioak huts egin zuenean. Beti egon dira mugimendu independentistak, baina sekula ez neurri honetakoak. 2006an, estatutuaren porrotarekin, oso garbi ikusi genuen Espainiak ez zigula aukerarik emango beti negoziatzen eta eztabaidatzen aritu beharrik ez izateko. Garai hartan, PPk kanpaina xenofoboa ere abiatu zuen katalanon aurka, eta, azkenean, Auzitegi Konstituzionalaren epaia heldu zen. Baina, garai hartan, neuk ere ezin nezakeen aurreikusi azken zortzi urteotan gertatu dena.

Nolakoa izan da prozesua?

Gertatu den moduan gertatzeko —alegia, ez aginte politikotik, baizik eta oinarritik—, uneren batean txip aldaketa eman behar da, perspektiba aldaketa bat. Katalanek 2006-2007 inguru hartan erabaki zuten amaitu zela biktimismoa. Nik urte asko daramatzat gai hauei buruzko hitzaldiak ematen, eta lehen, jende gutxi samar etortzen zen saioetara: gehienetan adin tarte jakin bateko publikoa izaten zen, eta oro har gizonezkoa. 2007tik aurrera, aretoak jendez betetzen hasi ziren; entzule gazteagoak eta, batez ere, zaharragoak etortzen hasi ziren —lehen halako gaiak saihestu ohi zituztenak—, eta, aldaketa nabarmenena: emakumeak etortzen hasi ziren. Haien presentzia garrantzitsua da, esan nahi duelako diskurtso independentista jada ez dela diskurtso erasokor bat, konfrontaziozkoa. Ordutik aurrera, zera dio: «Nazkatuta gaude konfrontazioaz, hemendik aurrera lan egingo dugu herri hau oparoagoa izan dadin eta ongizate gehiago berma diezagun, merezi dugulako».

Diskurtso sozialagoa da.

Bai. Gutxiago hitz egiten da Espainiaz, eta gehiago etorkizunaz. Gehiago promesez, eta gutxiago kexu eta erresuminez. Nolabait esateko, independentistarik gabeko independentismoa da. Horrekin zera esan nahi dut: ez da militantzia esplizitu batetik sortu, baizik eta, sinpleki, herrialde oso bat izateko gogotik. Jende batek baietz bozkatuko du galdeketan, baina independentista ote den galdetzen badiozu, esango dizu sekula ez dela izan.

Sei hilabete ere ez dira falta galdeketaren egunerako; zalantzarik gabe, Espainia saiatuko da hura eragozten. Zeintzuk izango dira zailtasun handienak?

Alde batetik, orain arteko mehatxu eta ustezko hondamendien abisuekin jarraituko dute: Espainiatik ateratzen bagara izarrartean geratuko garela menderen mendetan, eta halakoak. Baina horrek eragin gutxi izango du Katalunian: badakigu izutzeko baino ez dutela esaten. Ez diot ez dugunik zailtasunik izango, baina hainbeste mehatxu egin dizkigute jada!

Egin dezaketen beste gauza bat —eta inteligentziaz jokatu beharko dugu hartan ez erortzeko— Aznarren pronostikoa betetzea izango da: 'Espainia hautsi baino lehen, Katalunia hautsiko da', edo, beste hitz batzuekin esanda, 'Katalunia hautsiko dugu'. Talde edo mugimendu jakin batzuk ager daitezen ahaleginduko dira, Kataluniako gizartea banatuta dagoela agerian uzteko. Gutxi axola behar liguke horrek, izan ere, horrexegatik nahi dugu eztabaidatu eta bozkatu: guztiok ados egongo bagina, ez genuke bozkatzeko beharrik izango. Ikusi behar dena da zenbat dauden estatu propioaren alde, eta zenbatek nahi duten estatu hori independentea izatea. Eta ezezkoak irabazten badu, kudea dezatela ezezkoa defendatu dutenek.

Gizartea prest ikusten duzu?

Bai; azken batean, gizarteak eskatu du galdeketa. Alderantziz izan balitz, eta alderdi politikoek abiatu izan balute, hauteskundeetako estrategia taktiko baten itxura hartuko luke, eta horrek, akaso, ekar lezake herritarrak identifikatuta ez sentitzea. Beharbada hori gertatu zen Quebecen. Baina gure kasuan, alderantziz da.

Europako diskurtso independentistak aztertzean, Eskoziakoa, adibidez, ikusten da arreta handia ematen zaiola estatu berri hori hobea izateko beharrari eta oinarria ez dela hainbeste nazio identitatea edo «eskoziar sentitzea». Zein abertzaletasun ereduk du gaur egun funtzionatzeko aukera gehien?

Herrialde independente baten promesak beti dakar herrialde hobe baten ilusioa. Ez gara banaketa etnikoez ari: alde horretatik, ez dago katalanon eta espainiarren arteko desberdintasunik. Ez dauzkagu «zortzi abizen katalan». Zertarako nahi du agure batek edo gazte batek independentzia? Hobeto bizitzeko.

Nire ustetan, Eskoziako eta Kataluniako espektatibak ez dira nazionalistak. Nazionalismoa gaindituta dago: erresistentziazko diskurtsoa da, [Jordi] Pujolen diskurtsoa. Pujol nazionalista zen. [Artur] Mas ez, eta ERC ere ez da alderdi nazionalista. Beraiek ere esplizituki esaten dute: alderdi nazionala da. Sinpleki, espainiarren parekoak izan nahi dugu, horretarako eskubidea dugula uste dugulako. Eta eskaera sozialak ezin dira hortik bereizi. Bestela, zertarako nahi dugu independentzia? Plaza batean bandera are handiago bat jartzeko? Banderak zenbat eta gutxiago eta zenbat eta txikiago, orduan eta hobe: borrokarako elementu bat dira, ez eguneroko bizitzarako. Independenteak garenean, dauzkadan guztiak gordeko ditut, eta ez ditut gehiago aterako.

Euskal Herrian ere puntu horretan gaudela iruditzen zaizu?

Ez naiz ausartzen Euskal Herriaz analisi sakona egiten, baina EAJ oraindik alderdi nazionalista dela iruditzen zait. Euskal Herriko alderdiei heldutasun politiko pixka bat falta zaie dimentsio nazionalista hori gainditu eta baieztapen nazionaleko fasean sartzeko. Jakina, iragan gogorra dago, eta elementu historikoek pisu handia dute. Katalunian garai batean ere bai, baina orain inork ez du halakorik aldarrikatzen. Omniumen leloari heltzen diogu: herri normal bat gara, eta herri normal bat izan nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.