Lau egun falta dira Kataluniako independentzia erreferendumerako, eta oraindik ikusteko dago zer-nolako baldintzetan egin ahal izango den galdeketa. Bertatik bertara ikusteko, autobus ugari antolatu dituzte Euskal Herritik Kataluniara joateko, eta espero da beste hainbat joatea beren kabuz.
Azken orduetan, nahasmena sortu da Euskal Herriko ANCren izenean zabaldutako mezu baten harira. Gerora, beste mezu bat zabaldu da, aurrekoa ukatzen duena. Aurrenekoan esaten denez, ez dute gomendatzen ezta bultzatzen ere autobus gehiago antolatzea.
Egin beharrekoak argitzeko, Kataluniako ANCrekin eta Euskal Herriko ordezkaritzarekin hitz egin du BERRIAk. Kataluniako erakundeak adierazi duenez, bertara joan nahi duen oro da "ongi etorria", eta gogorarazi dute jarrera "baketsu eta lasaia" izan behar dela. Jendeak zertan edo nola lagundu dezakeen jakiteko "goizegi" den arren, ANCk aholku orokor batzuk zabaldu ditu Kataluniatik kanpo doazen herritarrentzat: joan daitezela edozein bozkalekutara, eta, besterik gabe, gainerako herritarren gisa berean har dezatela parte mobilizazioetan, botoa eman ezin badute ere.
Euskal Herriko ANCk ere dei egin du jokatu beharreko rolaz hausnartzera: "Kataluniako herritarrak dira protagonista". Gainera, gogorarazi du igandekoa ez dela jai bat, ezta Diada bat ere, eta Euskal Herrian ere izango direla deialdiak erreferendumari sostengua adierazteko, Gure Esku Dago-k larunbaterako deitutakoa, kasurako.
Halaber, Euskal Herriko ANCk eskatu du, behin Katalunian egonda, Omnium, ANC eta AMIren aginduei jarraitzeko, horien iturri ofizialen bidez.