Errusia, baina, ez da isilik geratu Cheneyren adierazpenen aurrean. Dmitri Medvedev presidenteak Georgiari arma bahimendua ezartzeko eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari, Mikhail Saakashvili presidente den artean behintzat. Haren iritziz, egungo Georgiako estatuburua «gorpu politiko» bilakatu da. Moskuk ohartarazia dio lehendik ere nazioarteari aukeratu egin beharko duela Tbilisiren eta beraren artean. Oraingoz, ordea, bere aurkako zigorrak gelditzea soilik lortu du, sostengurik batere ez. Txinak berak, zein orain arte aliatu izan duen, ez du Errusiaren jarrera defendatu, eta irtenbide baketsua eskatu besterik ez du egin.
Nazioartearen Georgiarekiko interesa, baina, ez da bakarrik gatazkari lotutakoa. Georgiatik igarotzen da Asiatik eta Kaspiar Itsasotik Mendebaldera joaten den erregaia. Horiek hala, Errusiak herrialdearen kontrola hartuko balu, Mendebaldeak -Europak batez ere-
horren beharrezkoa duen gasari bidea moztuko lioke.
«Interes eremua»
Washingtonek bezala, Moskuk ere onartu du Georgia bere «interes eremuaren barruan» kokatzen dela. Ez du, ordea, zehaztu nondik nora doan eremu hori. «Errusiak, beste herrialde askok bezala, baditu interes handiko eskualdeak. Horietako herrialde batzuekin harreman estua dugu, berezia», azaldu du Medvedevek aste honetan bertan. Adierazpen horiek Mendebaldearen eta Errusiarekin muga egiten duten SESB ohiko herrialdeen kezka eragin dute. Izan ere, Moskuk, jada, ohartarazi dio Moldaviari Tbilisiren bidea jarraitzen badu ondorioak ere berberak izango direla. Egun Moldaviaren menpe dagoen arren, independentzia aldarrikatua du Transnistriak
Bide beretik, Errusiak iragarri du ez dituela tropak Hego Osetia eta Abkhaziako mugatik erretiratuko nazioarteko bake indarrak iristen diren arte. «Bake plana lehenbailehen indarrean sartzea nahi dugu. Han idatzita dago nazioarteko mekanismoak eratzen diren arte, errusiarrek segurtasun neurri gehigarriak bermatu behar dituztela», adierazi du Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek. Haren iritziz, zentzugabea da nazioarteko soldaduak iritsi aurretik handik erretiratzea, Georgiak Hego Osetiari eraso diezaiokeela ikusita.
Moskuk herrialde independentetzat dauzka bi lurralde horiek. Baina ez da haien estatusa berretsi duen bakarra. Herenegun, Nikaraguako presidente Daniel Ortegak onartu zuen Hego Osetia eta Abkhaziaren independentzia. Nikaraguak harreman estua du Errusiarekin. Abkhaziako diplomaziaburu Sergei Shambak Hego Amerikako beste estatu batzuek ere bide bera jarraituko duten itxaropena duela agertu du. «Haiek Europako herrialdeek baino hobeto ulertzen gaituzte; horiek AEBen eraginpean daude oraindik.
Errefuxiatuak, larri
Politikariek eztabaidan jarraitzen duten bitartean, etxetik ihes egitera behartutako herritarren egoera okertuz doa egunetik egunera. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi berri duenez, Georgiako errefuxiatuentzako kanpalekuak beteta daude jada. Abuztuan 4.200 lagunek eskatu zuten laguntza NBEren kanpalekuetan. Lekukoen arabera, Hego Osetiako eta Errusiako miliziek ez diete etxera itzultzen uzten bertako georgiarrei.
Gorin, Georgian, dute egoera okerrena. Joan den astean UNHCRk jarritako kanpadendetan mila lagun inguru daude, eta beste mila inguruk bertako herritarren etxeetan hartu dute aterpea. Azken astean, bestetik, 450 pertsona inguru iritsi dira Errusiaren menpeko «segurtasun eremuetatik» ihesi. Errefuxiatuek salatu dute Errusiaren aldeko talde armatuek bidali egin dituztela beren etxeetatik.
AEBek beharrezkoa den guztia egingo dute interes komunak babesteko»
Dick cheney
AEBetako presidenteordea
«Bake planaren arabera, errusiarrek segurtasun neurri gehigarriak bermatu behar dituzte»
sergei lavrov
Errusiako Atzerri ministroa1.750.000
Diru laguntzak. Milaka hildako eta desplazatu eragin dituen gatazkaren ostean, Georgiak laguntza behar du bere onera itzultzeko. Horiek hala, 750 milioi dolar eskaini dizkio Nazioarteko Diru Funtsak, eta beste 1.000 milioi dolarAEBetako Gobernuak.Georgia eta Errusiaren arteko gerra, egunez egun
Abuztuaren 7a. Georgiako armadak Hego Osetiari eraso zion goizaldean, eta ordu gutxian Tskhinvalira heldu zen.
Abuztuaren 8a. Tbilisiren erasoari erantzunez, Hego Osetian sartu ziren Errusiako tropak.
Abuztuaren 9a. Georgiak gerra egoera ezarri zuen. Bi egunean 1.500 lagun inguru hil ziren, eta milakak ihes egin zuten Hego Osetiatik. Errusiako lehen ministroak genozidioa leporatu zion Georgiari; eta hark herrialdea suntsitzea Moskuri.
Abuztuaren 12a. Tbilisik eta Moskuk onartu zuten Frantziak proposatutako bake plana. Horren arabera, erasoak amaituko zituzten, eta soldaduak gerra hasi aurreko tokietara itzuliko.
Abuztuaren 18a. Errusiako tropak erretiratzen hasiak zirela iragarri zuen Moskuk. Georgiak ukatu egin zuen hori.
Abuztuaren 26a. Hego Osetia eta Abkhaziaren independentzia berretsi zuen Errusiak.
Irailaren 1a. Bake akordioa errespetatu ezean bien arteko harremanak etengo zituela ohartarazi zion EBk Moskuri.
Irailaren 4a. AEBetako presidenteorde Dick Cheney Georgian izan zen, eta Errusiaren jarrera «legez kanpokotzat» jo zuen.