KAUKASOKO GATAZKA. «SESB osteko sistema inperialistaren eta demokraziaren artekoa da gatazka»

TAMARA GAMILAGDISHVILI TBILISI
2008ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gaur Georgia izan bada ere, hurrengoan Europako beste herrialderen bat izango den beldur da Iulon Gagoshidze Georgiako ministroa. Haren iritziz, orain da Mosku gelditzeko unea, eta Bruselak badu horretarako aukera.

Hego Osetia eta Abkhaziaren independentzia onartu berri du Errusiak. Zer gertatuko da orain?

Errusiarekiko harremanetan ez da gauza handirik aldatuko. Georgiaren eskualdeen independentzia onartuz, Errusiak erakutsi du bitartekaria baino gehiago gatazkako protagonista izan dela. Aldi berean, frogatuta geratu da gatazka horiek ez direla Abkhazia eta Georgia edo Osetia eta Georgiaren artekoak, Errusia eta Georgiaren artekoak baizik. Zehatzago esateko, SESB osteko sistema inperialistaren eta demokraziaren artekoa da gatazka.

Zergatik eraso zion Errusiak Georgiari?

Vladimir Putin [lehen ministroak] esan izan du SESB desegitea XX. mendeko oker handiena izan zela. Horregatik, baliabide guztiak erabiltzeko prest da «oker» hori zuzentzeko. Georgiarekin hasi da, geopolitikoki garrantzitsua delako, eta bertatik igarotzen direlako Asiatik eta Kaspiar Itsasotik Europara doazen erregaiak. Hala ere, aitzakia nagusia Tbilisik NATOn sartzeko agertutako borondatea da.

Bada Gerra Hotza hasteko arriskua?

Zail da esatea egoera honek beste Gerra Hotz bat piztuko duen, nahiz eta arriskua egon. Baina gauza bat nabarmentzekoa da: Errusia ez da Sobiet Batasuna.

Zein izango da Georgiaren hurrengo urratsa?

Gatazka konpontzeko bide bakarra dago Tbilisirentzat, eta hori diplomazia da. Georgiako Gobernuak ez du gatazkarik nahi, baina ez da besoak gurutzatuta geratuko. Hori erakutsi du Mikhail Saakashvili presidenteak Potira egindako bidaian. Errusiaren helburuetako bat da giza hondamendia eragitea: zenbat eta errefuxiatu gehiago egon eta horiek zenbat eta denbora gehiago igaro Tbilisin, orduan eta Gobernuaren aurkako matxinada gertatzeko aukera gehiago. Baina georgiarrak batuta daude, eta horren froga dira Errusiaren aurkako protestak. Herrialde demokratikoek bat egin behar dute, errusiarrek Georgia utz dezaten; etaErrusiako bake indarrak, zein hiltzaileak eta lapurrak direla erakutsi duten, nazioarteko indarrekin ordezkatzeko.

Uste duzu nazioarteak zuzen jokatu duela Georgia eta Errusiaren arteko gatazkan?

Europako herrialdeek ulertu behar dute gizakien bizia, askatasuna eta demokrazia gasa eta petrolioa baino garrantzitsuagoak direla. Gaur Errusiaren erasoen biktima Georgia da, bihar Europaren bihotzean sar daiteke berehala gelditzen ez badute. Historia zorigaiztoko adibidez betea dago. Zergatik beldurtzen ditu europarrak ekintzara igarotzeak? Errusiako gasaren erosle nagusiak dira, baina hark ezin dizkio baliabide horiek beste inori saldu. Presazkoa da zerbait egitea. Europak geldi dezake Errusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.