Keinu xumeak M-15ari

Espainiako Kongresuko talde batzuek 'haserretuen' hainbat eskaera bildu dituzte nazioaren egoeraren inguruko eztabaidanIUk 'haserretuei' «jaramonik» ez egitea egotzi dio Zapatero presidenteari

mikel rodriguez
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Kongresuko nazioaren egoeraren inguruko eztabaidaren bigarren saioan, talde politikoek proposamenak aurkezteko aukera izan zuten. Gehienez hamabortz proposamen egin zitzaketen, eta horiek gaur bozkatuko dituzte, hirugarren saioan. Atzokoan Bildu koalizioak Hego Euskal Herriko erakundeetan lortutako ordezkaritza zabala izan zen eztabaidagai nagusia, batez ere PP eta UPN alderdiek plazaratuta. Gainerakoan, alderdi nazionalistek eta erregionalistek tokian tokiko gaiak izan zituzten aipagai, eta, bezperan bezala, krisi ekonomikoa gai nagusietakoa izan zen. Horri begira batik bat, hainbat taldek proposatutako neurriek Maiatzak 15 mugimenduaren aldarrikapenekiko hurbiltasuna bilatu dute.

Iragan maiatzeko udal eta erkidego autonomoen bozen aitzinetik sortutako M-15 mugimenduak ez du protagonismo handirik izan eztabaidaren lehen bi egunetan. Herenegun Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea —mugimenduaren izena aipatu gabe—, CiUko Josep Antoni Duran i Lleida bozeramailea eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyako diputatu Joan Ridao aritu ziren hari buruz. Ia aipamenik ez zuen izan M-15ak atzokoan, baina PSOEk, alde batetik, eta ERCk, IU Izquierda Unidak eta ICV Iniciativa per Catalunya-Verds alderdiak osatutako taldeak, bertzetik, protesta mugimenduak karrikan aldarrikatutako zenbait puntu bildu zituzten proposamenetan.

Hipoteken auzia

PSOEk M-15ari eginiko keinua hipoteken auziari dagokio gehienbat. Azken asteetan Espainiako hainbat hiritan manifestariak kaleratzeak oztopatzeko mobilizatu dira. Etxebizitza eskubidea egiazki betetzea eta hipotekaren ordain gisa etxebizitza ematea aski izatea aldarrikatzen dute. Horrekin batera, hipoteka gauzatzerako orduan ondasunek balore erreala manten dezaten exijitzen dute. Azken hori da, adibidez, PSOEk aurkeztutako proposamenaren xedeetako bat , Eduardo Madina diputatuak azaldu duenez. Ondasunen bahimendurako epea ere atzeratzeko proposatuko dutela azaldu du Madinak, baina erran du «erreforma indiskriminatuek» ezin diotela «sistema osoari zamatu beharrizana ez duten zorpetuen ardura».

IUko bozeramaile Gaspar Llamazaresek, baina, haserretuei «jaramonik» ez egitea egotzi dio Zapaterori, eta adierazi du parlamentuak «herritarren matxinada eta haserrea ordezkatzeko ohorea eta beharra» duela orain. ERCk, IUk eta ICVk hamabortz puntutatik 11 adostu dituzte. Horien artean dago M-15ak hipoteken inguruan aldarrikatutakoa, hau da, ordain gisa etxebizitza ematea aski izatea. Aberastasun handien gaineko zerga ezartzea ere proposatu dute, eta elkarteen gaineko zerga berrikustea, enpresek estatuari gehiago ordaintzeko. Iruzur fiskalaren eta paradisu fiskalen aurkako plan baten beharra ere ikusi dute hiru taldeek.

Neurri horiekin batera, «erregenerazio demokratikorako» proposamenak egin dituzte, anitz M-15arekin bat datozenak: alderdi handien nagusitasuna gutxitzeko hauteskunde legearen erreforma, goi agintarien kargu bateraezintasuna arautuko duen etika politikorako legearen sorrera, lehen klaseko bidaiak kentzea, eta soldata publiko handiena gobernuko presidentearena izatea. M-15aren eskaera politiko nagusienetako bat ere aipatu dute hiru taldeek: herritarren parte-hartzea. Erreferendumen Legea aldatzea proposatu dute, parte-hartzea areagotu, eta indarrean dauden legeak bertan behera uzteko eskumena ere izan dezan.

Bakardadea gainditu nahian

Eztabaidaren lehen egunean Zapateroren bakardadea irudikatu zen Espainiako Kongresuan, baina atzo irudi hori gainditzen saiatu zen PSOE, alderdi txikien sostengua bilatuz. Madinak azaldu zuen EAJrekin, CC Coalicion Canariarekin eta UPNrekin gaur bozkatu beharreko proposamenak negoziatzen hasi zirela.

ERCk, berriz, katalanaren inguruko proposamen bat aurkeztu zuen, Balearretako eta Valentziako gobernuen «hizkuntza deuseztatzeko politika» salatzeko. Izan ere, bi gobernuek katalanezko hezkuntza eredua baztertu, eta hiru eleko (gaztelania, ingelesa eta katalana) ereduaren alde egin dute. «Hizkuntza helburu politikoekin erabiltzen dutenen aurka egonen naiz beti», erantzun zion Zapaterok ERCko Ridaori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.