Kibaki nahiz Odingahunkituta ageri ziren herrialde osorako telebistaz eman zuten ekitaldi politikoan. Koalizio gobernua bideratuko duen txostena izenpetu zuten biburuzagiek eta akordioaren garrantzia agertu zuten. Koffi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak gatazka konpontzeko zehazturiko hirugarren betebeharra burutu zuten atzo. Gobernuak eta oposizioak boterea elkarrekin banatzeko baldintzak onartu zituzten. Lehen ministro karguaren sorrera da ekarpen nabarmenena. Parlamentuan gehiengoa duen indarrak aukeratuko du postu berria eta oposiziokoa izango da. Odingaren ODM Mugimendu Demokratiko Laranja da Legebiltzarrean nagusi. Bi lehen ministrorde ere hautatuko dituzte.
Gobernuaren botere betearazlea koordinatu eta gainbegiratzeko eskumena izango du lehen ministroak. Parlamentuak zentsura mozioa onartzen baldin badu soilik utziko du kargua eta Legebiltzarra desegingo balitz bakarrik hautsiko da Kibakiren NUP Batasun Nazionalaren Alderdiaren eta ODMren arteko koalizio gobernua. Kibakik esan du heldu den ostegunean berretsiko duela Parlamentuak akordioaren muina. Krisia lehertu zenetik gatazkan bitartekaritza lanetan izan den Annanen arabera, epe luzeko auziak eztabaidatuko dituzte aurrerantzean elkarrizketetan, Konstituzioaren balizko erreformak nagusiki.
Atzoko akordioak bake elkarrizketen arrakasta hezurmamitu du Kibakiren ustez. «Edonork du tokia Kenyan bakeari eta tolerantzia bermatzen baditugu». Bestalde, oposizioaren buruaren ustez, «gatazkatik elkarkidetzara lehenengo urratsa da» koalizio gobernuaren akordioa. «Aro berria ireki dugu; tunel amaierako argia ikusten dut jadanik», esan zuen Odingak.
BIDE LUZEA AURRETIK. Elkarrizketak ez dira xamurrak izan. Lehen ministroaren karguak desadostasunak eragin ditu egunotan negoziaziatzeko ardura zuten alderdietako eledunen artean. Annanek negoziazioak eten zituen asteartean eta Kibakiri eta Odingari arduraz jokatzeko eskatu zien. AEBek ere izan zuten zeresana. Condoleezza Rice Estatu idazkariak esan zuen neurriak hartzeko prest zeudela, akordioa laster ez heltzekotan. Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak bere bozeramailearen ahotan akordioa txalotu zuen: «Krisia gainditzeko pauso handia da».
Akordioaren bezperan, indarkeria berriz piztu zen Kenyan agintariek aurretik bide luzea dutela erakutsiz. Poliziak hiru hildakoren berri eman zuen Molon, indarkeriak bereziki zartatutako hirian. Gatazkaren barealdiaren ondoren beren etxeetara itzuli ziren herritarren etxeak kiskali zituzten arkuekin eta geziekin hornitutako gazteek. Indarkeria odoltsuenaren gune izan den Rift Haranean dago hiria.ODM Odingaren alderdiko buruzagiek Rift Haranean alderdiko kideak jazartzea leporatu zion Poliziari. «Zibil errugabeen atxiloketak nahierara egitea» ere egotzi dio.
GaTazKaTIK ELKarBIzITzara BI HILaBeTean
Etsaigotik Gobernua partekatzeko bidea
2007ko abenduaren 27a. Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten. Oposizioak eta nazioarteko begiraleek iruzurra egon zela salatu zuten. Oposizioko ODM Mugimendu Demokratiko Laranja alderdiak lortu zuen gehiengoa Legebiltzarrean.2007ko abenduaren 30a. Hauteskunde batzordeak iragarri zuen jarduneko presidente Mwai Kibakik irabazi zituela presidentetzarako bozak, iruzur salaketak egon baziren ere. Oposizioko hautagai Raila Odingak ez zuen garaipena onartu.
2008ko urtarrilaren 1a.Hauteskundeen ondoren behinolako herrialde baketsuan piztutako indarkeriaren erruz 250 lagun hil zirela jakinarazi zuten iturri ofizialek. Tartean eliza batean bizirik erretako 30 lagun, kikuyu etniakoak guztiak.
Urtarrilaren 13a. Hiru eguneko manifestazioak antolatu zituen oposizioak, eta Poliziak indarrez desegin zituen protesta ekintzak. «Garbiketa etnikoa» egitea leporatu zion Gobernuak Odingari.
Urtarrilaren 21a. Gutxienez 30 pertsona hil ziren etnien arteko borroketan.
Urtarrilaren 24a. Lehen aldiz bildu ziren Kibaki eta Odinga bozen ondoren, indarkeria uholdea amaitzeko asmoz.
Urtarrilaren 28a. Gutxienez 64 lagun hil ziren lau egunetako borroketan, Rift Haranean. Gatazkaren gune odoltsuena da.
Urtarrilaren 29a. Gobernuko eta oposizioko ordezkariek bake negoziazioak abiatu zituztenKoffi Annan AB Afrikako Batasunaren bitartekaritzarekin.
Otsailaren 1a. Kenyako bi alderdi nagusiek bake akordioa lortzeko urratsak zehaztu zituzten. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon Kenyan izan zen.
Otsailaren 15a.Akordioa lortu zuten bi aldeek. Konstituzio berria sortzea eta bozen emaitzak berrikustea adostu zuten.
Otsailaren 25a. Bozen egunetik 1.500 hildako baino gehiago eta 300.000 desplazatu inguru izan zirela esan zuen Poliziak.
Otsailaren 26a. Elkarrizketetan etena egin zuen Annanek eta arduraz jokatzeko eskatu zien Kibaki eta Odingari.
Otsailaren 28a. Elkarrekin koalizio gobernua osatzea eta lehen ministro kargua sortzea adostu dute Gobernuak eta ODM alderdiak. Bitartean, bi asteko barealdiaren ondoren hiru hildako izan dira Molon.