Kievek hasi du agindutako operazio militarra Ukraina ekialdeko eskualdeetan, gaina hartzen ari zitzaizkion protesta errusiazaleak isilarazteko asmoz: armada hiri nagusietara igorri du, eta zenbait gunetan istiluak gertatu dira. «Operazio antiterrorista» deitu dio Oleksandr Turtxinov behin-behineko presidenteak; helburua «Ukraina banatzeko ahaleginak eragotzi» eta «herritarrak babestea» ei da. Atzo Kieveko parlamentuan adierazi zuenez, operazioa «Donetsk eskualdearen iparraldean» hasi da: «etapaka» egin asmo dute, «modu arduratsuan».
Gobernu berriaren aurkako protestak aise zabaldu dira azken egunotan Donetsk inguruko eskualdeetan: herritar gehienak errusiera hiztunak dira han, eta ez diete zilegitasunik aitortzen Kieveko parlamentua eta gobernua indarrez hartu duten alderdi ukrainarrei. Konstituzioa erreformatzeko eskatu dute, Ukraina estatu federal bihurtzeko eta errusierari izaera ofiziala aitortzeko. Joan den astean, hainbat egoitza publiko hartu zituzten ekialdeko hiri nagusietan, eta Donetskeko Herri Errepublika aldarrikatu zuten euren kabuz. Ukrainako behin-behineko presidenteak astelehen goizera arteko epea eman zien eraikinak eta kaleak husteko; horrek manifestariengan eraginik ez zeukala ikusita, operazio militarra hasteko dekretua sinatu zuen herenegun arratsean.
Ultimatuma hainbat ordu lehenago amaituta zegoen arren, une horretan apenas suma zitekeen Kieven aginpiderik ekialdeko hiri nagusietan. Zuritik beltzera aldatu zen egoera atzo: goizetik, bateko eta besteko herritarrek ibilgailu militarrak ikusi zituzten hiriak inguratzen. «Armada kontrolgune bat eraikitzen ari da», zioen Twitterreko erabiltzaile batek arratsaldeko hirurak aldera: «Gerraren itxura du honek». Arratsaldean, Sloviansk «erabat inguratuta» zegoela jakinarazi zuen Viatxeslav Ponomariov autodefentsa taldeetako kide eta jarduneko alkateak: gutxienez 500 soldadu ukrainar eta 20 ibilgailu zenbatu zituzten lekukoek. RT kateak bertan daukan berriemaile baten arabera, ordea, iluntzean oraindik errusiazaleen esku zeuden hiriko azpiegitura nagusiak.
Arretagune nagusia Kramatorskera igaro zen gero, gobernuak jakinarazi zuenean «operazio berezi» bat egingo zuela hiri horretan. Ukrainako armadako hegazkin bat manifestariek okupatutako aerodromora hurbildu zen; ekintzaileen arabera, tiroka aritu ziren soldaduak eta miliziak. Hainbat hedabideren arabera, gutxienez lau pertsona hil ziren istilu horietan; Kieveko gobernuak, baina, ukatu egin du. RTren arabera, iluntzean manifestazioa egin zuten gobernuaren aurkakoek aerodromora.
Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroaren ustez, gerra zibilaren atarian egon liteke Ukraina: «Espero dut Kieven erabakiak hartzen dituztenek nahikoa zentzuz jokatuko dutela egoera gehiago ez larritzeko».
Laguntza AEBetatik
Ukrainako armadarekin ekialdean gerra egitea, baina, hartz kume bat esku hutsik harrapatu nahi izatea bezala da: ekialdeak aspaldi egin dio ihes Kieven aginpideari, eta Errusiaren magalean hartu du babes. Eta hartz ama ez du inork ukitu nahi.
Kieven zorionerako, Mendebalde urrunean baditu adiskideak. Etxe Zuriak ere onartu du Ukrainako armadari «efizientzia» eta «fidagarritasuna» falta zaizkiola. Horregatik, AEBetako Gobernuaren hiru agentzia nagusitako espezialistak igorri ditu Ukrainara —Ikerketa Bulego Federalekoak, Justizia Departamentukoak eta Estatu Departamentukoak—, segurtasun, barne auzi eta nazioarteko harremanetan laguntza logistikoa emateko. AEBetako funtzionario horiek immunitate diplomatikoa dute Ukrainan.
Kievek erreserbistetara jo du, eta hainbat hiritan tokiko miliziak sortu dituzte. Andrei Parubei Ukrainako Segurtasun eta Defentsarako Kontseilu Nagusiko buruak jakinarazi du Maidango autodefentsetako boluntarioekin ere osatu dutela Guardia Nazionaleko batailoi bat.
Moskuk, berriz, Ukrainari arma gehiago ez ematea erabaki du; Krimeak Errusiarekin bat egin zuenetik, bertako armategia Ukrainako armadari itzultzen hasia zen —oraingoz, 389 pieza—, baina bertan behera utzi du tratua, Kievek arma horiek ekialdeko herritarren aurka erabil ditzakeela argudiatuta. «Errusiak bere nazioarteko obligazioak betetzen ditu», esan du Anatoli Antonov Defentsa ministrordeak: «Gune gatazkatsuetara armarik ez igortzeko konpromisoa daukagu».
Ukraina. Krisi politikoa
Kieveko Gobernuak ekialdeko hirietara igorri du armada
Hainbat hiri nagusi ibilgailu militarrez inguratuta daude, eta Kramatorskeko aerodromoan tiroketak gertatu diraEgoera gehiago larritu ez dadin, «zentzuz» jokatzeko eskatu dio Moskuk Kievi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu