Ipar Korea

Kim dinastia sekretua

Ipar Koreako Langileen Alderdiak lehen batzarra egin du 30 urtean; alderdiko goi karguak aukeratzeko bildu dira, baina, horrez gain, Kim Jong-ilen ondorengoa izendatzeko lehen pausoa eman dute

2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Munduko dinastia komunista bakarrean, sekretuenean ere, buruzagiaren oinordekoa izendatzeko lehenengo pausoa eman dute. Ipar Koreako Langileen Alderdiak goi karguak aukeratzeko konferentzia hasi zuen herenegun. Alderdia ez da maiz biltzen; azken kongresua 1980an egin zuten, eta horretan Kim Il-sungek Kim Jong-il semea oinordeko izendatu zuen. Baina azken konferentzia 1966an egin zuten. Orain, alderdiak berritu egin du Kimen buruzagi kargua, eta goi kargu bat eman dio Kim Jong-un semeari; armadako kargurik gorenetakoa. Lau izarreko jeneral izendatu dute. Adituen iritziz, horren bitartez semea oinordeko izendatzeko lehenengo pausoa emango du Kim Jong-ilek. Hala ere, ofizialki 2012an izendatuko dutela uste da, Kim Il-sung Ipar Koreako sortzailearen eta betiereko presidentearen mendeurreneko ospakizunetan.

Hego Koreako Dongseo unibertsitateko nazioarteko ikasketetako irakasle Brian Mayersen iritziz, Kim Jong-un da hautagai bakarra, alderdian barne borrokak saihesteko gai izango dena. Hala ere, atzo jasotakoa semearen lehenengo goi kargua da, eta eskarmentu falta horrek mesfidantza sor dezake alderdiko goi karguen artean. Horregatik, Kimhasi da barne borrokak saihesteko pausoak ematen. Semeaz gain, Kim Kyong-hui arreba eta Choe Ryong-hae gertuko laguna ere lau izarreko jeneral izendatu ditu. Kimen arrebak eragin handia du buruzagiaren erabakietan. «Huy nire ordezkaria da; haren hitzak nire hitzak dira, eta haren aginduak nire aginduak dira», jakinarazi du Kimek. Jang Sung-min Ipar Korearekin harremanak izan dituen Hego Koreako abokatuaren hitzetan, buruzagiaren arreba da hari argi eta garbi hitz egiteko gai den bakarra. Horrez gain, Kimek bere arrebaren senar Jang Song-thaek Defentsa Batzorde Nazionaleko presidenteorde izendatu zuen ekainean. Izendapen horiekin, buruzagi bihurtzen denerako semearen inguruan konfiantzazko jendea jarri duela uste dute adituek.

Gainera, militarren bermea ere lortu du Kimen semeak. Batzarra hasi aurretik, armadak bilerarako ordezkari militar izendatu zuen. Horrela, haien sostengua duela erakutsi diote, eta horrek berebiziko garrantzia du. Ipar Korean, songun edo armada denaren aurretik leloa jarraitzen dute. Ipar Koreako biztanleen herenak -bederatzi milioi lagun inguru- ez du behar adina jatekorik, baina, hala ere, herrialdeko aurrekontuen gehiengoa armada indartzeko erabiltzen dute. Horren eraginez, munduko prestatuenetakoa da, eta 1,2 milioi gizonek osatzen dute. Adituen iritziz,armadak gobernuaren erabakietan duen eragina erakusten du semeak jasotako lehen goi kargua militarra izateak.

Kimek 2008an apoplexia izan zuenetik, argalago eta ahulago dago. Ipar Koreako iheslariek zuzendutako Open Radio for North Corea irratiaren arabera, buruzagiaren osasunak okerrera egin du. Horregatik, hil baino lehen familiako ondorengo bat ziurtatu nahi du. Duela urtebete, zurrumurru bat sortu zen seme gazteena aukeratuko zuela; haren bi anaia zaharrak ez baititu herrialdea gobernatzeko gai ikusten. Zaharrenak, Kim Jong-namek, 39 urte ditu. 2001ean, atxilotu eginzuten Japonian pasaporte faltsu batekin sartzen saiatzeagatik. Haren hitzetan, Tokioko Disneyland jolas parkea bisitatu nahi zuen. Bigarren semeak Kim Jong-chul du izena, eta 29 urte ditu. Aitaren iritziz, gobernatzeko «maritxuegia» da.

Ipar Korean bilera egiten ari diren bitartean, Hego Korean bi herrialdeen arteko gerraren 60. urteurrena gogorarazteko ekitaldiak egin dituzte. Hego Koreaz gain, munduko herrialderik boteretsuenak ari dira batzarra jarraitzen. Izan ere, batzar horretatik espero dute herrialdea ireki eta mendebaldeko nazioekin jarrera aldatzea. Dagoeneko, Ipar Koreak jakinarazi du prest dagoela armagabetze nuklearra negoziatzeko. Elkarrizketak Txinak zuzentzen ditu, eta 2003an hasi ziren. Errusia, bi Koreak, Japonia, AEBak eta Txina ari dira negoziazioetan parte hartzen. Ipar Koreak negoziazioak etetea erabaki zuen 2008an, baina, krisi ekonomikoa dela eta,prest dago laguntzaren truke arma nuklearrak suntsitzeko.



KimJong-un

Gurasoak. Aita Kim Jong-il da, Ipar Koreako buruzagia, eta ama, Ko Young-hee, haren hirugarren emaztea.

Jaioteguna. Inork ez daki ziur noiz jaio zen. Adituen iritziz, 1982 eta 1984 bitartean jaio zen.

Ikasketak. Suitzan ikasten egon zen 2000 arte. Ingelesa, alemana eta frantsesa ikasi zituen. 2002an, Kim Il-sung unibertsitate militarrean sartu zen, eta 2007an graduatu zen.

Irudi sekretua. Ipar Koreako komunikabideek ez dute inoiz aipatu, eta inork ez dauka haren argazkirik, behintzat benetakoa dela egiaztatutako irudirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.