Kirchnetarrek buru segitzen dute, hautestontzietan irabazita
Cristina Fernandez 'lehen damak' Argentinako presidentetzarako lehian botoen %44,8 lortu du
Iñaki aramayo
Buenos Aires
Inkestek aurreikusten zuten bezala, ezustekorik ez da izan, eta Cristina Fernandez lehen dama eta senatariak hartuko du Argentinako presidente Nestor Kirchnerren lekukotza. Igandeko bozetan garaipen argia lortu zuen, bozen %44,8 lortu zuen, eta Argentinan presidentetzarako hautatua izan den lehen emakumezkoa bihurtu da. Abenduaren 10ean hartuko du kargua, eta mugarria ezarriko du mundu mailan; lehen emakumea izango da, boz demokratikoen ostean senarrarengatik kargua jasoko duena.
Garaipenerako Frontea alderdiko hautagai ofizialista Cristina Fernandezek bozen %44,88 lortu ostean, bigarren postuan atzean geratu da Herritar Koalizioko hautagai Elisa Carrio; bozen %22,9 jaso ditu. Hirugarren lekuan, Kirchnerren gobernuaren hasieran Ekonomia ministro izan zen Roberto Lavagna geratu da, bozen %16,90 erdietsi ditu hautestontzietan.
Igande iluntzean, oraindik ofizialki bozen %10 baino zenbatu ez zirenean, alde handiarekin irabazi zuela esan zuen Cristina Fernandezek: «Agian, demokrazia etorri zenetik, lehen eta bigarren indarraren artean inoiz lortu den alde handienarekin». 1983an ekin zioten Argentinan aro demokratikoari, eta, oraingo honetan bozetako partaidetza --%72-- inoizko baxuena izan da, han botoa ematea derrigorrezkoa bada ere.
Cristina Fernandezek garaipenaren berri emateko egindako adierazpenak ezin dira atzera bota. Ezin da ahaztu, hala ere, bera eta senarra direla boto kopuru txikienarekin agintera iritsi ziren agintariak; 2003ko hauteskundeetan Nestor Kirchnerrek bozen %22,4 lortu zituen, eta garaipena lortu zuen, Carlos Menem hautagaiak bigarren itzulira ez aurkeztea erabaki zuelako, lehen itzulian bozen %24,5 lortuta garaile irtetea lortu bazuen ere. Demokrazia aroko aurreko presidenteek, alegia, Raul Alfonsinek, Carlos Menemek bi aldiz eta Fernando De la Ruak, boto gehiago lortu zituzten igande honetan hautagai ofizialistak lortu zituenak baino. Boz horiek izan dituzte, gainera, aintzakotzat hartu behar diren zenbait ezaugarri: boza emateko zenbait mahai bi ordu baina gehiagoko atzerapenarekin jarri zituzten martxan, mahaietan aginpidea zuten pertsonak ez zirelako agertu. Horrek ekarri zuen zenbait hautes barrutitan boza emateko hautestontziak aurreikusita zegoena baino hiru ordu geroago itxi zituztela.
OPOSIZIOAREN KRITIKAK. Mahaietan aginpidea zuten pertsona horien absentziak lotura zuzena izan dezake bozen inguruan egon den apatiarekin, interes faltarekin, eta, oro har, klase politikoaren aurrean gizartean dagoen arrangurarekin. Boz hauekin Argentinako 48. presidentea hautatu dute, desilusio giro aski nabarmenean.
Boza emateko leku gehienetan jendeak ilara luzeak egin behar izan zituen botoa emateko; hautagai kopuru handiak eragin zuen hori. Presidentegaiez gain, gobernaziotarako, diputaziotarako, eta senataritza probintzial eta nazionaletarako hautagaiak aukeratu behar ziren, bai eta alkate eta zinegotziak ere.Hautatu gura zen karguaren arabera, boto txartelak ebakitzea ekar zezakeen horrek.
Oposizioak kritikatu egin ditu bozen antolaketan izandako akats horiek. Halaber, salatu dute, boto txartelak gordetzeko prestatutako zenbait gela ilunetan alderdi jakin batzuen boto txartelak falta zirela. Modu estalian egindako iruzurra deritzote horri.
Garaipen nabarmena lortzeaz gain, Kirchnertarrek probintzietan ere sostengu nabarmena lortu dute, eta, horren ondorioz, quoruma izango dute Diputatuen Ganbaran. Boz hauetan, ganbera horretako eserlekuen erdia berritu dute. Senatuan, kideen herena hautatu dute, eta bertan gehiengo osoa lortu dute Kirchnetarrek. Hala, abenduaren 10etik aurrera, gehiengoa bere egin eta bi ganberak berritzen direnean, Cristina Fernandezek botere legegilearen sostengua izango du. Horri esker, egoki iruditzen zaizkion legeak atera ahal izango ditu aurrera,beste taldeekin hitzartu gabe.
Garaipen ofizialistarentzat giltzarria izan da egungo presidenteorde Daniel Sciolik Buenos Aireskogobernadore izateko lortu duen emaitza ona. Buenos Airesen bizi da boto-emaileen %45, eta berak botoen erdia lortu ditu. Oso garrantzitsuak izan dira Cristina Fernandezek Salta, Jujuy, Tucuman, eta Santiago del Estero probintzietan erdietsitako emaitza onak ere. Orotara 24 barrutitan lortu du aurrea hartzea Fernandezek, eta, batzuek hautesle asko ez badute ere, denen artean, garaipen ofizialista bermatzea lortu dute.
Cristina Fernandezek herritarren babesa izan du, hein handi batean, haren senarrak abian jarritako politika ekonomikoari esker. Azken ehun urte hauetako oparoaldi sendoenetarikoa bizi dute egun Argentinan, lanik ezaren eta pobreziaren indizeak inoizko baxuenetarikoak baitituzte. Nolanahi ere, elikagaien prezioak gora ari dira, eta inflazioa ofizialki %8koa bada ere, ekonomisten aburuz, berez, bikoitza da.
Ohikoa izaten da Argentinan presidente hautatu berriek aurrekoagatik gaizki esaka jardutea; Cristina Fernandezek ezingo du horrelakorik egin, eta ez du egingo. Hazten ari den herrialdea jasoko du, langabezia gero eta baxuagoa duena. Baina inflazioa handitzen ari da, eta eskasia ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu