Kirgizistango hiri handienetan bigarrena da Ox -200.000 herritar inguru ditu-, eta hantxe hasi ziren borrokak; baina azkar zabaldu ziren inguruko barrutietara. Ehunka gazte kirgiz eta uzbekoren artean hasi ziren borrokak; zenbait daturen arabera, 1.000 eta 3.000 lagunek hartu zuten parte horietan. Harrika, burdinazko makilekin eta su-armekin eraso zieten elkarri. Lekukoen arabera, Ox erdialdeko denda ugaritakokristalak apurtu zituzten, eta kalean aparkatutako ibilgailu asko erre zituzten. Hiri erdialdean soilik, bi taberna eta hotel bat, antzoki bat eta farmazia bat erabat txikituta geratu ziren, suteen ondorioz. Txeriomuski auzunean ere-uzbekoak dira gehiengoak - suteak piztu zituzten. Barrikadak eraiki zituzten, berriz, hiriko hainbat kaletan. Atzo goizean, Kirgizistango armadako ibilgailu blindatu eta tropa andana iristean, borrokak ematu ziren, baina tiroketak entzuten ziren oraindik, han-hemenka.
Gertakari larri horiei aurre egiteko gisan, Kirgizistango Gobernuak salbuespen egoera ezarri du. «Ox hirian eta Aravan, Karazu eta Uzgen barrutietan salbuespen egoera ezarri dugu ekainaren 20a bitartean», zehaztu du Bixkekeko gobernuko eledun Faride Niazovek. Salbuespen egoera horren ondorioz, etxeratze agindua dago indarrean 20:00 eta06:00 bitartean. Egoeraz ohartzeko asmoz, Defentsa ministro Ismail Isakov eta Barne ministro Bolot Xerniazov Oxera joan dira. Isakov da Bixkekeko aginteak Kirgizistan hegoalderako izendatu berri duen gobernuaren ordezkari berezia.
Hedadura handia hartu dute indarkeria horiek, eta ondorio larriak eragin dituzte. Hala, Osasun Ministerioko bozeramaile Ielena Bailinovak emandako balantzearen arabera, 45 lagun hil dira, eta 630etik gora zauritu, ostegun gauean hasitako borroken ondorioz. Orduak pasatu ahala, balantzea areagotuz joan da, eta litekeena da biktima kopuruak gora egitea; zaurituen artean, esaterako, berrogei inguru oso larri baitaude.
«Tamalez, baina, bi etnien arteko gatazka bat da», adierazi du Kirgizistango behin-behineko presidente Roza Utunbaievak. Lekukotasunen arabera, gazte kirgiz eta uzbekoen artean taberna batean liskarrak izan ostean hasi ziren borrokak. Segurtasun indarrak Oxen hedatu arren, borrokak hiriko hainbat auzotara zabaldu ziren. Barne Ministerioak emandako datuen arabera, indarkeriarekin ustez zerikusirik ez zuten bost lagun atxilotu dituzte.
Eskualde ezegonkorra
Kirgizistan, Tadjikistan eta Uzbekistan estatuen mugek bat egiten duten eskualdean sortu da gatazka hau. Etnien arteko tentsioak aspaldikoak dira lurralde horretan, tarteka barealdi eta samurraldiak izaten direlarik. Oxeko eskualde hau Kurmanbek Bakiev presidente izandakoaren eraginpekoa da. Bakievek agintetik alde egin behar izan zuen, joan den irailean, Bixkeken izandako kale protestaldi bortitzen ostean. Indarkeria horietan, 87 lagun hil ziren, gutxienez. Orduz geroztik, Roza Utunbaieva Atzerri ministro izandakoa buru duen behin-behineko gobernuak du agintzen estatuan; Bakiev, berriz, Bielorrusiara ihes egina da. Handik, Kirgizistanen gatazkak hasteko ahaleginetan ari dela uste dute Bixkeken agintzen dutenek.
Oxeko borroketan ere Bakieven esku-hartzea ikusten dute Bixkekeko agintariek. Ezen, jatorriz eskualde hartakoa denez, presidente ohiak jarraitzaile ugari ditu han. Hala, boteretik haizatu eta zenbait egunera, gobernuaren hainbat eraikin ofizialezjabetu ziren Bakieven aldekoak, maiatzaren 13an. Matxinadak, ordea, ordu batzuen buruan desegin zituen.
Jarduneko agintariek, anartean, Konstituzio berri bat paratu dute, eta lege nagusi honi buruz herritarrek duten iritzia jakiteko gisan, erreferendum bat antolatu dute ekainaren 27rako. Oxeko borroka larriak eta herri bozketa hizpide zituela, Utunbaievak hauxe adierazi du: «Garai zailak ditugu, eta erreferenduma erabakigarria izango da, guztiontzat. Dena den, ahaleginak oro egiten ari gara egiazko gizarte demokratiko baten eraikuntza bermatuko duen Konstituzio berri bat onardadin».
Maiatzaren 19an ere kirgiz eta uzbekoen arteko borrokak izan ziren. Poliziak uzbeko andana atxilotu izana salatzeko, 5.000 lagun inguru elkarretaratu ziren Jalal-Abad hirian. Egoera baretu nahian joan ziren Bektur Asanov gobernadorea eta Isakov Barne ministroa bahituta atxiki zituzten une batez protesta egileek. Indarkeria haiei aurre egiteko, gobernuak salbuespen egoera indarrean jarri zuen Jalal-Abaden. Hilaren 1ean kendu zuten salbuespen egoera hori.
AEBek, Errusiaketa Txinak lasaitasuna eskatu dute
Kirgizistango indarkeria giroaz kezkatuta azaldu dira AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Errusiako eta Txinako gobernuak. Lehen biek base militarrak dituzte Kirgizistango lurretan. AEBenak berebiziko garrantzia du Afganistanen zabaldutako nazioarte tropen logistikarako.Horiek hala, Kirgizistanen AEBek duten enbaxadak ohartarazi zuen indarkeria ezin daitekeela inola ere alternatiba bat izan. Bere aldetik, Errusiako presidente Dmitri Mevedevek adierazi zuen zinez espero dutela Gobernuak lehenbailehen amaitzea gatazka. «Sinetsi nahi dugu Kirgizistango egoera egonkortu egingo dela denbora laburrean», nabarmendu zuen, bere aldetik, Txinako presidente Hu Jintaok.