Ox eta Jalal-Abad hirietan izan dira liskarrak eta eremu horretara joan zen atzo Rosa Otunbaieva. «Hemen gertatu dena zuzenean entzutera etorri naiz, jendearekin hitz egitera eta nire begiekin ikustera». Behin-behineko gobernuko presidentea aurreneko aldiz joan da eremura, gatazka abiatu eta astebetera, eta, haren adierazpenei erreparatuta, ondoriozta daiteke oraindik ere egunak beharko direla indarkeriak zer ondorio eragin dituen jakiteko. «Zalantzarik gabe hildakoak gehiago dira... Datu ofizialek dioten baino hamar bider gehiago direla esango nuke nik». Eta datu ofizialek 191 hildako eta 1.957 zaurituren berri eman dute.
Oxeko plazan lurreratu zen helikoptero militarra, udaletxearen aurrean, eta ospitaleak eta mugan dauden desplazatuak bisitatu zituen Otunbaievak. Hainbat emakumerekin ere elkartu zen plazan, eta «jendea etxera itzul dadin» hiria berreraikiko zuela agindu zien; bi egunetan barrikadak kenduko zituztela ere agindu zuen, uzbekoen auzoak bakartuta egon ez daitezen.
Orotara 400.000 lagunek egin behar izan dute ihes astebetean etxetik, eta 40.000 inguru oraindik aterperik gabe daude; beste asko mezkitetan, eraikin publikoetan, etxaldeetan eta inguruko herrietan babestu dira.
Tajikistanek muga zabaldu du
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, milioi bat laguni eragin die egunotako indarkeriak, eta kopuru hori hartuko du orain erakundeak erreferentziatzat giza laguntza banatzeko. Nazioarteko komunitateari 52 milioi euro eskatuko dizkio, sei hilabetez milioi bat lagun artatzeko. Christiane Berthiaume Unicefeko kidearen arabera, gatazkak «ondorio larriak» eragin ditu eta laguntza premiazkoa da: «Aurreikusi ditugun kopuruak dira, datozen asteetarako prestatzen ari gara». Iheslari gehienak haurrak, emakumeak eta edadetuak dira, eta horien egoerarekin dago kezka. Giuseppe Annunziata OME OsasunarenMundu Erakundeko kidearen hitzetan, ekintza ankerren lekuko izan dira iheslariak, tartean bortxaketen biktima, eta horri ere aurre egin beharko dietela jakinarazi du. Drina Karahasanovic Gurutze Gorriko ordezkariak, berriz, «kezkagarritzat» jo du desplazatuen egoera, eta «milaka lagun janari, ur eta aterpearen» premian direla ohartarazi.
Uzbekistanek aurreneko aldiz historian ireki die muga iheslariei. Alta, ireki eta berehala itxi zituen, iheslari gehiago jasotzeko baldintzarik eta lekurik ez zuela argudiatuta. Ehun mila uzbekok zeharkatu dute muga, baina beste milaka gelditu dira desplazatuta. Hainbat informazio iturriren arabera, baina, presoak balira bezala dituzte uzbekoak iheslari gunetan. Tajikistanek, berriz, atzo zabaldu zituen mugak.
Bakieven juzgua egin dute
Oxen eta Jalal-Abaden, bien bitartean, lasaiagoa da egoera egunetik egunera, nahiz eta, lekukoen arabera, tentsioa oso nabaria den eta tarteka tiro hotsak entzuten diren ere. Indarkeriaren jatorrian etnien arteko gatazka dagoela zabaldu zen hasiera batean, baina tesi horrek gero eta sostengu apalagoa du. NBE Nazio Batuen Erakundeak berak jakinarazi zuen borrokak atzerritik antolatu eta zuzendu zituztela. Kurmanbek Bakiev presidente ohiari egin dizkiote, zeharka bada ere, kritikak, eta hari leporatu diote indarkeriaren erantzukizuna. NBEk eta AEBek horren harira nazioarteko ikerketa independente bat egiteko eskatu dute.
Bakiev joan den apirilean bota zuten agintetik, hainbat egunez protestak izan ostean -83 lagun hil ziren orduan-. Herrialdea linbo politikoan dagoela baliatuta, behin-behineko gobernu ahularen kontra egin nahi duela eman dute aditzera adituek, hain zuzen ere agintari berriek abian jarritako prozesu politikoa zapuzteko eta heldu den igandean egitekoa den erreferenduma zapuzteko. Bakievek hegoaldean du bereziki sostengua, eta hango mafiak baliatu omen ditu egoera ezegonkortzeko.
Zeintzuk dira kirgizen eta uzbekoen arteko aldeak?
Fergana haran emankorrean dute jatorria bi etniek. Josiv Stalinek mugak ezarri zituenean gelditu ziren sakabanatuta. Mendeetan, baina, elkarren ondoan bizi izan dira kirgizak eta uzbekoak, eta gaur egun ugari dira bi etnietako kidez osatutako sendiak. Musulmanak dira bi etniak. Ekonomiaren ikuspuntutik ere uler daiteke historikoki elkarren ondoan egon izana: kirgizak nomadak izan dira jatorriz, eta abeltzaintzara bideratu dute euren zeregina; uzbekoak, berriz, lurra lantzeaz gain, merkataritzan aritu dira, zetaren bidea baliatuta, eta, hori dela eta, hegoaldeko hiri handietan ezarri dira -aberatsago egin ditu horrek-. Kirgizistanen gutxiengo dira, baina hegoaldean kirgizen parean daude.«Zalantzarik gabe, hildakoak gehiago dira... Datu ofizialek dioten baino hamar bider gehiago direla esango nuke»
ROSA OTUNBAIEVA
Kirgizistango behin-behineko presidentea