Kirgizistan

Kirgizistango hiriburuan larrialdi egoera ezarri dute

Militarrek kaleak hartu dituzte. Aurretik, presidenteak Kirgizistango Gobernu osoa kargugabetu du, eta beste baten osaera erraztuko duela azaldu du.

Gobernuaren aurkako protestak, Bixkek hiriburuan. IGOR KOVALENKO / EFE
Iosu Alberdi - Jone Bastida Alzuru
2020ko urriaren 9a
11:57
Entzun 00:00:0000:00:00

Kirgizistanen aste honetan egiten ari diren protesta sutsuen eta gertakarien ondorioz, herrialdeko presidente Sooronbai Zheenbekovek iragarri du alarma egoera ezarri duela Bixkek hiriburuan, dekretu bidez. Gaur arratsaldeko zortzietan sartu da indarrean —Euskal Herriko 16:00etan—, eta hilaren 21 arte iraungo du; militarrek hartu dituzte kaleak. Igandean eginiko legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, krisi politiko larrian dago herrialdea, eta mobilizazioek Hauteskunde Batzordea bozetako emaitzak baliogabetzera behartu zuten. Hain zuzen, bozak iruzurrean oinarrituta zeudela salatu zuen oposizioak.

Presidentetzaren dekretuak herrialdeko egoera baliatu du larrialdi egoera ezartzeko justifikazio moduan; izan ere, hauteskundeen ostean gertatzen ari diren "istilu masiboak" herritarren bizitzei "mehatxu" egin diezaieketela adierazi dute.

Ordenan, hainbat neurri onartu dituzte: besteak beste, etxeratze agindua ezartzea; herritarren sarrera-irteerarako araubide berezia jasotzea; etxebizitzetatik irteteko debekua; eta polizia indarren eta militarren parte hartzea “ordena publikoa bermatzeko”. Larrialdi egoerak "ekitaldi masiboak" egitea ere debekatzen du, baita hedabideen gaineko “kontrola” izatea ere.

Zheenbekovek jakinarazi duenez, Kirgizistango Indar Armatuek ibilgailu militarrak zabalduko dituzte “errepide kontrolak ezartzeko, liskar armatuen prebentziorako, eta ordena publikoaren eta zibilen babeserako”. Halaber, neurriaren helburua herritarrak babestea, segurtasuna bermatzea, eta egoera soziopolitikoa azkar egonkortzeko ordena publikoa mantentzea dela adierazi dute. Alarma egoerak irauten duen bitartean, Almazbek Orozaliev Barne ministrordea izango da Bixkeken gaineko kontrola izango duena.

Dekretua sinatu eta gutxira, liskarrak izan dira hiriburuko  Ala-Too plazan.Tokiko komunikabideen arabera, buruzagi politiko batzuen aldeko taldeek elkarri harriak eta botilak jaurti dizkiote. Lekukoek tiroak ere izan direla adierazi dute. Istiluetan, besteak beste, Tilek Toktogaziyev lehen ministro izateko hautagaia zauritu dute.

Alarma egoera ezarri baino ordu batzuk lehenago, Zheenbekovek jakinarazi  du Kubatbek Boronov lehen ministroaren dimisioa onartu duela, eta bera ere kargua uzteko prest dagoela, gobernu berri bat eratu eta hurrengo lehen ministroa nor izango den aukeratzen denean. Bide horretan, egungo gainerako gobernukideak kargugabetzeko dekretua sinatu du. Horiek, baina, euren postuetan jarraituko dute behin-behinean, gobernu berria osatu arte.

«Beharrezkoa da krisiaren aurretik lan egin zuten lehen ministroa eta gobernuko kideak kargugabetzea. Horrek izendapen berriak egiteko oinarria legez finkatuko du», azpimarratu du Zheenbekovek. Izan ere, presidentearen esanetan ezinbestekoa da «legezko esparrura» itzultzea. Gainera, gobernuko kideez gain, Segurtasun Nazionaleko Batzordeko presidente Orozbek Opumbaev ere kendu du postutik.

Izendapen berriak aurrera eramateko, ordea, beharrezkoa da akordio bat erdiestea. Ez dago adostasunik, baina, oposizioko alderdien artean ere. Bozen emaitzak baliogabetzearekin batera, parlamentuak oposizioko diputatu izaniko Sadir Zhaparov hautatu zuen gobernuburu kargua hartzeko, eta Miktibek Abdildaev parlamentuko presidente izateko.

Alderdi guztiak, ordea, ez datoz bat, eta hainbat Zhaparoven izendapenaren aurka agertu dira. Horien ustez, oposizioko alderdiek proposatutako hainbat hautagairen artean hautatu beharko litzateke. Hala, behin-behineko gobernu «tekniko» bat osatu nahi dute, bi edo hiru hilabete barru beste hauteskunde batzuk egin arte. Bide horretan, Errepublika, Ata Meken, Bir Bol eta Erreforma alderdiek Omurbek Babanov lehen ministro ohiaren alde egin dute.

Herrialdea krisi politiko betean da aurreko igandean egin ziren hauteskundeetatik. Lau alderdik bakarrik eskuratu zuten parlamentuan sartzeko beharrezko botoen %7ko langa gainditzea. Hori ikusirik, iruzurra salatu zuten bozetara aurkeztutako hamasei alderdietatik 11k,prozesuan urraketa larriak egin zituztela argudiatuta. Hala, milaka herritar kalera atera ziren astelehenean, Bixkek hiriburuan. Manifestariek parlamentua eta gobernuko kideen hainbat bulego hartu zituzten, eta ustelkeriagatik preso zeuden Sapar Isakov eta Zhantoro Satibaldiev lehen ministro ohiak eta Almazbek Atambaiev presidente ohia askatu zituzten, beste hainbat goi kargudunekin batera. Kirgizistango Osasun Ministerioaren arabera, liskarretan mila lagun inguru zauritu ziren, eta bat hil.<br /> 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.