IRAKEKO OKUPAZIOA

Kirkukeko sarekadan, Husseinen aginteko bururik ez dute atxilotu

AEBetako 1.200 soldaduk Hauija herriko etxeak arakatu dituzte, erresistentziaren ustezko gidariaren bila

Erredakzioa
2003ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Kirkuk hiritik 50 kilometro hegoaldera kokatuko Hauija herriko etxe guztiak banan-banan arakatu zituen arren, Amerikatako Estatu Batuetako Armadak ez zuen lortu atzo iluntzean behintzat Saddam Hussein Irakeko presidente ohiaren aginteko buruzagi gorenetatik izan zen Ezzat Ibrahim Al Duri atxilotzea. Hala azaldu zuen sarekada handi horretan jardun zuen AEBetako Armadako Airez Garraiatutako 173. Brigadako Doug Vincent komandanteak. Alta bada, zenbait ordu lehenago, Estatu Batuetako 1.200 soldaduk egindako operazio hau bete-betean zelarik, herrialdea okupatzen duen koalizio militarraren menpean eratutako Irakeko Gobernu Kontseiluko kide batek Al Jazeera telebista katean adierazi zuen «Husseinen aginteko pertsonalitate handi bat harrapatu edo hil» zutela Kirkuk inguruko ekitaldi militarrean.

Mouaffak al Rubaie Irakeko Gobernu Kontseiluko kideak Qatarko informazio telebista katean hauxe adierazi zuen atzo goizean: «Operazio handi bat egin da astelehen gauean eta oso litekeena da Ezzat Ibrahim harrapatu edo hila izatea». Atzo egun osoan albiste honen inguruan informazio kontrajarriak tartekatu zirelarik, AEBetako Armadako Doug Vincent komandanteak gezurtatu zuen azkenean Saddam Husseinen agintean Iraultzaren Goi Agintaritzako bigarrena izan zen Ezzat Ibrahim atxilotua izan zela. «Ziurtatzen ahal dut ez dugula gaurko ekinaldi honetan atxilotu», aditzerat eman zuen militarburu estatubatuarrak.Alta bada, Ezzat Ibrahim izan zitekeen Hauija herrian atzo goizeko 05:00ak inguruan (04:00ak Euskal Herrian) hasi zen eta egun osoa iraun zuen sarekada handiaren helburu nagusia. Ekinaldi horretan, lekuko batzuek jakinarazi zutenez, AEBetako soldaduek gutxienez 27 lagun atxilotu zituzten, haien artean Saddamen Fedayyinak erakunde armatuko usteko kideak. Hain zuzen ere, AEBetako Armadak Ezzat Ibrahimi leporatzen dio erakunde honetako kideek egindako eraso gogorren koordinatzailea eta manataria izatea.AEBetako Armadak bilatutako Saddam Husseinen aginteko 55 buruzagien zerrendan 6. postuan agertzen zen hasiera batean Ezzat Ibrahim; baina, okupazio indarren aurka azken hilabeteotan gertatutako eraso odoltsuen erantzule handiena izan zitekeelakoan, Washingtonek 10 milioi dolarreko saritze bat agindu du haren harrapatzen lagunduko lukeen informazio baten truke. Ororen buru, Saddam Husseinetik landa, gaur egun Irakeko agintari ohien artean bilatuena bihurtu da Ezzat Ibrahim.

Dudak Samarrako balantzeaz

Kirkuk inguruko operazio militarra egin zen egun berean, Irakeko erresistentziak okupazio indarren aurkako beste erasorik egin zuen atzo, eta, haien ondorioz, AEBetako soldadu batek bizia galdu zuen. Hilketa hori Rigga herriaren inguruan gertatu zen, AEBetako Armadako konboi bateko azken ibilgailua bete-betean jo zuelarik lehergailu batek. Konboi honek Samarra hirian joan den igandean AEBetako Armadak egin zuen oldar egitean kaltetutako Apache helikoptero bat garraiatzen zuen. Samarrako erasoaldian okupazio indarretako soldaduek 54 gerrillari irakiar hil zituztela ziurtatu badu Washingtonek, lekuko batzuek iritzi diote, ordea, operazio hartan zortzi zibil zituztela hil.

Larunbatean Iraken hil zituzten Espainiako zerbitzu sekretuetako zazpi kideen hiletak egin zirelarik atzo, Jose Maria Aznar presidenteak berretsi zuen Madrilek ez dituela erretiratuko okupazio indarretan sartutako 1.300 soldadu espainiarrak. «Erretiratzea ez daiteke inondik inora ere aukera bat izan, terrorismoaren aurrean;geure erretiratzea terroristen garaipena izango litzateke», esan zuen Legebiltzarrean.

-

SINBOLOEN GERRA



 

Saddam Husseinen oroitarriak desegiten ari da koalizioa





Bagdaden eraikitako Saddam Husseinen lehen irudi harria lurrerat botatzetik zortzi hilabetera, AEBak buru dituzten okupazio indarrek Irakeko aginte ohiaren sinboloak desagerrarazten jarraitzeko gogoa dute. Hala, 1980ko hamarkadan, Bagdadeko presidentetzaren jauregian Husseinek eraikiarazitako lau soin gaineko oroitarriren desegiten hasi ziren atzo langile batzuk, koalizio militarraren aginduz. Honek iragarri zuen, joan den azaroan, Bagdaden eta beste edozein hiri edo herritan eraikitako oroitarri hauek desagerraraziko zituztela.

Irakeko aginte ohiaren ezaugarriak apurtzeak herritarrengan eraginik izango duela espero dute okupazio indarrek. Iragan apirilaren 9an, soldadu estatubatuarrak Bagdaden sartzean, hiritar batzuek eta AEBetako Armadak Saddam Husseinen itxura-harri erraldoi bat lurrerat botatzea agintearen amaieraren sinbolo bihurtu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.