KLIMA ALDAKETA. Hazten jarraitu nahi dute

Kutsadura gehien eragiten duten herrialdeak diren arren, Txina eta AEBak izan dira ekonomia hazkundearen aitzakian konpromiso gutxien hartu dutenak.

2009ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hala jarraituz gero, Ameriketako Estatu Batuei postua kenduko die Txinak. Handi izateko sortu zen herrialde hori handienen artean da dagoeneko. Eta ez du handik mugitzeko asmorik, gainera. Izan ere, goian egoteak itzela izan behar du; gailurrera igo eta handik jaitsi ezinak kutsatzen baititu denak. HorAEBen adibidea. Txinak aurrea hartuko dion beldur, historian izan duen postuari irmo eusten dio. Potentzia izaten jarraitu nahi baitu; asko jota, Txinaren parean, inola ere ez haren azpian.

Handi bihurtzeak eta handi izaten jarraitzeak, baina, gaur-gaurkoz Lurra kutsatzea esan nahi du. Ekonomiaren hazkundeak eskutik dakar atmosferara CO2 isurtzea, eta bidez batez klima aldaketa eragitea. Gaur egun Txina eta AEBak dira munduan gehien kutsatzen duten herrialdeak. Azken horrek estatu industrializatu gisa, Txinak garapen bidean dauden herrialde moduan.

Gas isurketak gutxitzeko konpromisorik hartzen badu, inbertsio handiak egin beharko dituela jakin badaki Barack ObamaAEBetako presidenteak. Badaki, halaber, klima aldaketari irtenbidea emateko konpromisoak hartzen dituen heinean, Txinak aurrea hartu ahal diola, Pekingo gobernuak gauza bera egiten ez duen artean behintzat. Alabaina, Wen Jiabao Txinako lehen ministroak hazkunderako duten eskubidea aldarrikatu du; klima aldaketaren erantzule nagusi herrialde industrializatuak direnez, horri aurre egiteko neurriak hartzea haiei dagokiela defendatuz.

Horregatik guztiagatik, kutsadura gehien eragiten duten herrialde horiek izan dira Kopenhagen, konpromisoetatik libre, proposamenetatik xumeenak egin dituztenak. 1990. urtearekiko gas isurketak %4 gutxitzeko prest agertu da Barack Obama -adituen arabera, Lurraren batez besteko tenperatura bi gradutik gora handitu ez dadin, 2020rako gas isurketak gutxienez %25 gutxitu beharko dira-. Ez du handik gorako obligaziorik hartuko, ez eta Kyotoko Protokoloa sinatuko ere.

Txinak, bestalde, 2020rako barne produktu gordinaren unitate bakoitzeko gas isurketen%40 eta %45 bitarte gutxitzea proposatu du, 1990eko egoeratik abiatuta. Hau da, gas isurketak murriztu ordez, haien hazkundea kontrolatzeko prest agertu da Pekin.

Gisa bereko proposamena egin du Indiak ere, Txinarekin batera ekonomia potentzia bihurtzeko bidean den herrialdeak. Herrialde horrek jakinarazi du gas isurketak %20 eta %25 artean gutxituko dituela.

Herrialde industrializatuak izanda, klima aldaketari aurre egitea eurei dagokiela jakinda, berriz, Errusiak eta EB Europako Batasunak haratago egin dute. Lehenengoa 2020rako isurketak %25 gutxitzeko prest da, eta EB %20.



Migrazioen nazioarteko egunak izan du oihartzuna

Migrazioen Nazioarteko Erakundeak klima aldaketak eragingo dituen ondorioez ohartarazi zuen atzo, Kopenhageko goi bileran. Migrazioen nazioarteko egunaren haritik, Lurraren berotzeak giza taldeen toki aldaketak nabarmen areagotuko dituela adierazi zuen William Lacy Swing erakundeko zuzendariak. Hori dela eta, agintariek klima aldaketak eragindako errefuxiatuei harrera egin eta gutxieneko bizi-baldintzak bermatzeko neurriak hartu beharrean izango direla azaldu zuen Swingek. Asian, besteak beste, ingurumenarekin harremanetan dauden faktoreengatik milaka lagunek euren etxebizitzak utzi behar izan dituzte, zenbaitetan beste herrialdeetara emigratuz.





1.000

Atxilotuak askatzeko protesta. Milatik gora lagunek protesta egin zuten atzo Kopenhagen, goi bilerak iraun duen artean atxilotu dituztenak askatzeko.Poliziak gogor egin du egunotan manifestarien aurka, eta guztira 1.500 lagun inguru atxilotu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.