Klima Aldaketari buruzko konferentzia hasi dute Mexikon

Abenduaren 10era bitarte, 194 herrialdetako ordezkariak bilduko dira Cancun hirian

Erredakzioa
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen 16. klima aldaketari buruzko konferentzia hasi zuten atzo Cancunen (Mexiko). Abenduaren 10era bitarte, 194 herrialdetako ordezkariak bilduko dira han. Lurraren berotzearen aurkako neurri zehatzak hartzeko helburua du NBEren konferentziak, baina Kopenhageko konferentziaren (Danimarka) ondoren, akordioa lortzeko ezkor dira negoziatzaileak.

Goi bileraren hasierako ekitaldian egon da Felipe Calderon Mexikoko presidentea. Heldu den egunetan, munduko bertze hogei herrialde inguruko agintarik baieztatu dute Cancunen egonen direla. Haien artean daude, bertzeak bertze, Hugo Chavez Venezuelako presidentea, Evo Morales Boliviakoa eta Rafael Correa Ekuadorkoa. Herrialdeetako agintariez eta ordezkariez gain, goi bileran bilduko dira eragile sozialetako kideak, NBEko funtzionarioak, zientzialariak eta kazetariak -25.000 lagun inguru-.

Iaz Kopenhageko goi bileran bildutako herrialdeek berotegi efektua sortzen duten gasak murrizteko ez zuten bete beharreko akordiorik lortu. Orain arte lortutako gisa horretako akordio bakarra Kyotoko Protokoloa da (1997), eta 2012ra arteko iraupena du. Calderonek adierazi du Cancunen «aurrekaririk gabeko erabakiak» hartuko direla, baina akordio zabal eta bete beharrekoa egonen denik baztertu du.

Goi bileraren harira, indar armatuetako sei mila kide paratu ditu Mexikoko Gobernuak Cancunen eta inguruko herrietan.

Jaurlaritzaren ordezkaritza

Munduko bazter guztietatik joanen diren ordezkaritzetako bat izanen da Eusko Jaurlaritzarena. Nieves Teran Ingurumen Saileko sailburuordea izanen da ordezkaritza horren buru. Teranek adierazi du beharrezkoa dela horrelako goi bileretara joatea, «iraultza industrial berdea bultzatzen ari diren gobernu eta enpresa buruekin» batera parte hartzeko. Teranen arabera, berotegi efektua sortzen duten gasen eragina murrizteko eskumenen %80 tokiko gobernuen esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.