Kofi Annanen proposamena onartu du Siriarako Ekintza Taldeak

Taldea osatzen duten herrialdeek, AEBak eta Errusia tartean, baiezkoa eman diote batasun nazionaleko gobernu bat eratzeariKonstituzio erreforma ere adosteko eskatu die ekintza taldeak gobernuari eta oposizioari

mikel rodriguez
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Espero zena baino gehiago luzatu zen Siriarako Ekintza Taldeak atzo Genevan (Suitza) egindako batzarra, eta, espero ez bezala, han bildutakoek akordio bat erdietsi zuten. Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari bereziak aurkeztutako proposamena onartu du ekintza taldeak; beraz, baiezkoa eman dio Siriako egungo agintariak eta oposizioko kideak bilduko dituen trantsiziorako gobernu bat eratzeari. Hortaz, gatazkaren inguruan jarrera arras ezberdina duten herrialde batzuen oniritzia jaso du Annanek; hau da, Mendebaldearena —AEBak buru— eta Persiako golkoko herrialdeena alde batetik, eta Errusiarena eta Txinarena bertzetik. Bilkurako hutsunerik handienak, Iranek—ez zuten gonbidatu—, aitzinetik eman zion baiezkoa Annani.

Siriarako Ekintza Taldeak onartutakoa Sirian bertan nola islatuko den, ordea, ikusteko dago, hainbat arrazoirengatik: alde batetik, Baxar al-Assad presidenteak erran duelako ez duela onartuko atzerritik ailegatutako konponbiderik, eta, bertzetik, oposizioko bi erakunde gogorrenek, SNC Siriako Kontseilu Nazionalak eta Siriako Armada Askea talde armatuak uko egin diotelako egungo agintariekin gobernua partekatzeari. Erakunde armatuak borrokan segituko duela ere adierazi du. Annanek apirilean proposatutako sei puntuko plana ezerezean gelditu da denbora tarte honetan, lehenbiziko puntua ere —su-etena— bete ez delako. Bi aldeek elkarri egotzi diote errua.

Siriarako Ekintza Taldearen bilkuran egon dira NBEko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrak —AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina—, Arabiar Liga —Nabil el-Arabi idazkari nagusiak eta Kuwaitek, Qatarrek eta Irakek ordezkatuta—, Turkia eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia. Adostutakoaren arabera, ekintza taldeak gatazkaren bi aldeei eskatu die bitartekariak izenda ditzatela gobernua eratzeko negoziazioekin hasteko, eta, gero, konstituzioaren erreforma eta horren inguruko galdeketa, eta hauteskundeetara deitzeko.

AEBen jarrera bitxia

Proposamenean Al-Assaden etorkizuna aipatu ez duten arren—SNCk alde egiteko exijitzen dio—, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak erran du haren «egunak zenbatuta» daudela.AEBen jarrera bitxia da, akordioa garaipentzat aurkeztu duelako, edukia gehiago hurbiltzen den arren Errusiak eta Txinak defendatutakora; hau da, Siriako eragileen arteko negoziazio politikora. Annanek erran du konponbiderako azken aukera dela. «Herriaren esku dago akordio politiko bat lortzea, baina denbora bukatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.