Kolonbiak «bigarren aukera» duela esanez hartu du kargua Petrok

M-19 gerrillan kide izan zuen Carlos Pizarro, gero presidentegai zela hil zutena, eta haren alabak jantzi dio presidente xarpa. Kolonbiako presidente berriak erreforma sozial eta ekonomikoak iragarri ditu

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, igandean, karguaren zina egin ondoren. CARLOS ORTEGA / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Zin egiten diot Jainkoari, eta hitzeman herriari, Kolonbiako Konstituzioa eta legeak leialki beteko ditudala». Halaxe egin zuen herenegun karguaren zina Gustavo Petro Kolonbiako presidente berriak, Kolonbiako lehen ezkerreko gobernuaren buruak. Roy Barreras Kongresuko presidentearen eta Bogotako Bolivar plaza bete zuten milaka jarraitzaileren aurrean egin zuen zina, eta Carlos Pizarroren alaba Mari Jose Pizarrok jarri zion soinean Kolonbiako banderaren koloreak dituen presidente banda edo xarpa. Carlos Pizarro M-19 gerrillako kide eta buruzagia izan zen, eta 1990eko apirilaren 26an hil zuten, presidentegai zela, bakea sinatu eta hauteskundeak egin ondoren.

«Bizitzaren eta bakearen gobernua da hau, eta halaxe oroituko dute», adierazi zuen Petrok inbestidura ekitaldian: «Amaitu dira ezin liteke eta halaxe izan da beti bezalakoak. Gaur hasi da posible denaren Kolonbia. Gaur hasi da gure bigarren aukera; geuk irabazi dugu, eta zuek irabazi duzue. Zuen ahaleginak balio izan du, eta balio izango du. Aldaketaren ordua da». Bere familia aipatuz hasi zuen diskurtsoa, baina «langilearen, nekazariaren eta kaleak garbitzen dituenaren esku xeheak» ere izan zituen gogoan: «Herriarekiko maitasunak, bazterkeria sufritzen duen jendearekikoak, horrek nauka hemen nazioa batu eta eraikitzeko».

Erreforma ekonomiko eta sozialak hitzeman zituen Petrok, eta armak uzteko deia egin zien oraindik jardunean jarraitzen duten gerrillariei. 2016an FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak eta Kolonbiako Gobernuak adostutako akordioa betearaziko duela ziurtatu zuen, eta ELN Nazioa Askatzeko Armadari mintzatu zitzaion bereziki: «Dei egin diegu armatuta jarraitzen duten guztiei horiek iragan goibelean uzteko. Dei egiten diegu bakearen eta biolentziaren behin betiko amaieraren truke onura juridikoak onartzeko, eskualdeen atzerapena amaituko duen ekonomia emankor baten jabe bihurtzeko lan egiteko».

Juan Manuel Santos (2010-2018) presidente zela hasi zituzten elkarrizketak bai FARCek bai ELNk, Habanan, eta hantxe jarraitu nahi ditu Petrok ere. ELNk uztailaren 5ean iragarri zuen gobernu berriarekin negoziazioak hasteko prest dagoela, eta joan den astean, FARCeko disidenteak ere prest agertu ziren Petrorekin hitz egiteko. Santosekin egindako bake akordioen ondoren ere, pobreziak, goseak eta bortxakeriak ez dute etenik, bereziki landa eremuan. Bi egunez behin hiltzen dute militante sozial bat: Indepaz erakundeak ekainean emandako datuen arabera, gutxienez 86 lider sozial eta bake akordioa sinatu zuten FARCeko beste 21 gerrillari ohi hil dituzte aurten.

Petrorekin batera, Francia Marquez presidenteordeak ere hartu zuen kargua. Presidenteorde kargura heltzen den lehen emakumezko afro-amerikarra da Marquez, eta karguaren zina egitean gogoan izan zituen bere arbasoak, baita urteetan baztertutako komunitate beltza ere: «Lan egingo dut historikoki baztertuak izan direnen alde. Duintasuna ohitura bilakatzen den arte».

Drogaren aurkako gerra

Bake akordioez ez ezik, «drogaren aurkako gerra amaitu» beharraz ere hitz egin zuen Petrok agintea hartzean. «Beharrezkoa da Nazioarteko Konbentzio bat, drogaren aurkako gerrak porrot egin duela onartzeko; 40 urteotan, miloi bat latinoamerikar hil ditu gerra horrek, gehienak kolonbiarrak». Urtero gaindosiz 70.000 estatubatuar hiltzen direla ere aipatu du Kolonbiako presidenteak. «Gerra» gisa ikusi ordez, drogaren aurka «gizarte aurreratuetan prebentzio politiko sendoak» egin behar direla azaldu zuen Petrok.

Azkenik, zerga erreforma «justu» bat ere hitzeman zuen Kolonbiako presidenteak. Azaldu zuenez, kolonbiarren %10ek dute herrialdeko aberastasunaren %70, eta ziurtatu zuen «berdintasuna» posible dela guztientzako «aberastasuna sortu eta modu justuago batean banatzeko gai izanez gero».

Ogasun ministro Jose Antonio Ocampok aurkeztu zuen erreforma, atzo. Aldaketarekin, Bogotak espero du urtean 5.700 milioi euro gehiago biltzea, aberatsenei zergak igoaz, eta kopurua bikoiztea zerga ihesaren aurkako neurriekin. «Daukanak zergak ordaintzea ere bada elkartasuna, baita estatuak laguntza ematea ere behar duenari», nabarmendu zuen Petrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.