Kolonbiak FARCeko buruzagietako bat hil du

Armadaren operazioak ez du eten bakerako negoziazio ituna, eta bi aldeek urriaren 8an egingo dute lehen elkarrizketa saioa, OslonFARCek su-etena proposatuko dio Bogotari, «mahaian jarri bezain laster»

Jon Fernandez.
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak ohartarazpen argia egin zuen joan den martitzenean, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin bake negoziazioak hasiko dituela iragarri zuen egunean: «Operazio militarrek berdin jarraituko dute». Martitzenean bertan, Jose Epimenio Molina Danilo hil zuen Kolonbiako armadak, FARCeko 33. fronteko arduraduna eta Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko gerrillako buruaren konfiantzazko gizona.

Kolonbiako Defentsa ministroak atzo eman zuen hilketaren berri. FARCen kontrako erasoa Venezuelako mugatik gertu egin du armadak, Ipar Santander departamenduan. Danilok 37 urte egin ditu FARCen, eta, Poliziaren arabera, bera zen eremu horretan kokainaren negozioaz arduratzen zena, eta bera da departamenduan izandako «ekintza terroristen» %70en erantzulea. Daniloren gorpuaz gain, beste hiru ere jaso ditu armadak. Defentsa ministroak azaldu du, gainera, balitekeela beste hamabost gerrillari ere hilda egotea, erasoan izandako luizi batek azpian harrapatuta.

Operazio militarrak, dena den, ez du hautsi Bogotak eta gerrillak azken sei hilabeteetako elkarrizketen ostean lortutako negoziaziorako ituna: bakerako bide orria. Daniloren hilketaren berri izan eta ordu batzuetara, FARCeko ordezkariek prentsaurreko bat egin dute Habanan. Bakearen aldeko borrokari «atsedenik gabe» eutsiko diola jakinarazi du Timochenkok bideo baten bidez.

Su-etena eta desarmea

«Zintzotasun osoz negoziatzera jartzeak indartu egiten du negoziatzailearen irudia; horren kontra agertzen denaren irudia, aldiz, zitaldu egiten da», FARCeko buruaren ustez. Negoziazioen emaitza «Kolonbia zuzen eta demokratiko bat» izan behar duela nabarmendu du, eta prozesua babesteko eta bultzatzeko deia egin die herritarrei.Gerrillarien baikortasuna «handia» dela esan du, eta «zutik jartzeko» eskatu dio gizarte osoari, «ate hau itxi ez dadin». FARCen jarrera kritikatzen dutenei, bestalde, alferrik ari direla ohartarazi die. «Ez gaituzte beldurtuko. Inoiz ez gara hain indartsu eta batuta egon».

Timochenkoren bideo bidezko mezua entzun ostean, Mauricio Jaramillo Medikua FARCeko ordezkariak iragarri du gobernuaren eta gerrillaren arteko negoziazioa urriaren 8an hasiko dela Oslon. «Su-etena proposatuko dugu elkarrizketarako mahaian jarri bezain laster», azaldu du Medikuak. «Armak entregatzera eta desmobilizatzera ailegatzeko erabateko konpromisoa daukagu».

Bestalde, datozen hileetan Norvegiako eta Kubako negoziazio mahaietan FARCen bi ordezkari nagusiak zeintzuk izango diren argitu du Medikuak: Luciano Marin Arango Ivan Marquez eta Bertulfo Alvarez Jesus Santrich. FARCeko bigarrena da Marquez, korronte gogorraren ordezkaria, Kolonbiaren arabera. Santrich, bestalde, FARCeko buruzagitza zentraleko kide da, eta gerrillako ideologotzat jotzen dute.

Bi negoziatzaile horiez gain, beste bat ere aipatu du Luis Alberto Alban Marco Leon Calarca gerrillariak: Simon Trinidad. Hirugarren hori, ordea, AEBetan dago zigortuta, FARCekoa izateagatik. «Gure borroka da Trinidad askatzea. Horregatik egongo da elkarrizketen mahaian, eta ez digute axola horrek eragin ditzakeen desadostasunek», azaldu du Marco Leon Calarcak. Santos presidenteak berehala erantzun dio gerrillarien eskakizunari: «Errealista izan behar du negoziazioak. Gauza batzuk egin daitezke, baina beste batzuk, ez».

Gobernuaren izenean bost ordezkari jarriko dira mahaian. Humberto de la Calle Lombana Kolonbiako presidenteorde ohia izango da arduraduna. Harekin bi militar, enpresari bat eta bi ministro ohi jarriko dira: Oscar Naranjo eta Jorge Enrique Mora jeneralak, Luis Carlos Villegas industriari elkarteko burua, Frank Pear Ingurugiro ministro ohi eta Bakerako komisario ohia, eta Sergio Jaramillo Defentsa ministro ohia.

Ez dago bahiturik

Gerrillariek, bestalde, bahituen inguruko argibideak ere eman dituzte, FARCek ez daukala bahitu bakar bat ere nabarmenduta. Iazko azaroan armadak hildako Alfonso Cano FARCeko buruzagi zenak bahiketa guztiak eteteko agindu zuen. «Kolonbian segurtasun indarrek, paramilitarrek eta gaizkile arruntek egiten dituzte bahiketak, eta gero FARCi leporatzen diote erantzukizuna», gaineratu du Medikuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.