Kolonbiako Gobernuak ELNren su-etena onartu du

Su-etena "behin-behinekoa eta esperimentala" da, "negoziazioetarako bake eta parte-hartze giroa sortzeko", gerrillak esan duenez. Gobernuak, bide batez, ez du ELNko kideen kontra egingo.

2007ko apirilaren 18a
18:35
Entzun
ELN Nazio Askapenerako Armadaren "su-eten behin-behinekoa eta esperimentala" onartu du Kolonbiako Gobernuak, Luis Carlos Restrepo Bakearen goi komisionatuak Habanan (Kuba) esan duenez. "[Alvaro Uribe] Presidenteak eskatu dit ELNri esateko onartzen dugula bere proposamena", adierazi die komunikabideei Restrepok. Gobernuak, bidenabar, ez du ELNko kideen kontra egingo.

Sei asteko negoziazioak hasiak zituzten bi aldeek Kuban. Orain arte egin dituzten elkarrizketa saioetan agenda hitzartzen aritu dira. "Negoziazio hauetarako bake eta parte-hartze giroa sortu" asmoz egin du proposamena ELNk, Pablo Beltran gerrillako ordezkarietako batek esan duenez. Hala, Gobernuak uste du horrek "gauzak errazten" dizkiela eztabaidan hasteko.

Zehaztu gabe dago noiztik hasiko litzatekeen su-etena, baita zer eratara egingo den ere. Gobernuak ELNri eskatua dio gerrilla bera herrialdeko leku batean biltzeko, baina ELNk baztertu egin du, "suizidioa genukeelako". Gobernua "malgua" izango da eskaera horretan, Restrepok gaur jakinarazi duenez.

Gobernuak ere erasoak amaitu behar dituela esan izan dute gerrilarriek. "ELNK ezin dio borrokari besterik gabe utzi, talde paramilitarrak eta gerra elementuak gero eta gehiago diren bitartean", zioen egunotan Beltranek.

Gobernuak onartu egin du hein batean haien eskaera. "ELNren indarkeriazko ekintzak eta bahiketak bertan behera utzita, Gobernuak aurrez adostutako esparruetan haien kontra ez egiteko bermea emango du", adierazi du Restrepo Bakearen goi komisionatuak. Gobernuak gerrillakoen kongresua egitea ere ahalbidetuko lukeela esan du. "Gai horiek mahaian hitzartu beharko dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.