Kolonbia

Kolonen estatua bota dute Barranquillan

«Kolon hiltzailea» oihu artean, manifestariek soka bat jarri diote lepoan estatuari, eta lurreratu. Bi hilabete daramate Gobernuaren aurka protestan herrialdean.

Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 29a
17:13
Entzun

Manifestazioa egin zuten atzo Kolonbiako Barranquilla hirian, herrialde osoan antolaturiko geldialdi nazionalaren barruan. Manifestazio jendetsu bat Kolonen pasealekura joan zen, eta kaleari izena ematen dion monumentuari ekin zioten.

Kristobal Kolonen estatuari soka bat jarri zioten lepoan, eta lurrera botatzea lortu zuten, «Kolon hiltzailea» oihu artean. Indijenen wiphala banderak astindu zituzten estatua zegoen lekuan, eta, gero, haren burua arrastaka eraman zuten kaleetan. Monumentuaren oinarria «gure hildakoengatik» margotu zuten, Europarren inbasioak Amerikan eragin zuen sarraskia gogoan.

Herrialdeko laugarren hiria da Barranquilla, eta milioi bat pasatxo biztanle ditu.

Italian egin zuten estatua XIX. mendean, eta italiar koloniak eman zion hiriari. 18 urte geroago jarri zuten hirian.

Istilu handia gertatu dira Kolonbia azken bi hilabeteotan. Horietan, besteak beste, Espainiako konkistaren eta inperioaren sinboloak hartu dituzte jomugan. Bogota hirian, Gonzalo Jimenez de Quesadaren estatuari eraso zioten, eta Cali hirian Sebastián de Belalcazarren oroigarriari.

Bogota hiriburuan kaletik kendu behar izan dituzte Isabel Katolikoaren eta kristobal Kolonen estatuak, misak etniako indijenek haiek botatzen saiatu ostean.

Giza eskubideen aldeko taldeen arabera, 70 bat pertsona hil dituzte Poliziak eta Armadak azken asteotako protestetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.